ERRIGORA, NAFARROAN «EUSKARARI PUZKA»
Errigorak 200 bat banaketa puntu izango ditu aurtengo kanpainan, Nafarroa erdialdeko eta hegoaldeko euskalgintza hauspotzea xede.
Aurten ere kanpaina nazionala egingo du Errigorak, “Euskarari puzka” lelopean, Nafarroa erdialdeko eta hegoaldeko euskalgintzako eragileei laguntzeko. Bilboko aurkezpena egin zuten atzo. Jakitera eman zuten Bizkaiko hiriburuko auzo gehienetan egongo direla banaketa puntuak. Euskal Herri osoan 200 izango dira. Ohiko saski berdeaz eta saski beltzaz gain, aurten saski gorria ere egongo da eskuragarri. Banaketa guneetan eta errigora.eus webgunean eska daitezke. Besteak beste, Jose Angel Iribar Athleticeko jokalari ohia, Oihana Bartra bertsolaria, Tasio Erkizia politikaria, Nekane Artola ikastolen elkarteko lehendakaria eta hainbat sarekide izan ziren agerraldian. Hiru saski daude eskuragarri aurten, Haizea Lizarbe Errigorako kideak azaldu zuenez. Beltza 55 euroan salduko da eta Nafarroa erdialde eta hegoaldeko produktu tipiko konbentzionalak dakartza; berdeak, berriz, 65 euro balio du eta dakarren guztia ekologikoa da; bertako produktuak dira hauek ere, baina «berritzaileagoak»; eta aurtengo berrikuntza saski gorria da, 75 eurokoa, eta horretan «Eguberriekin lotutako produktuak» jarriko dituzte.