ALAIA SIERRA
GASTEIZ

Chillida ilustratzaile eta ikono eratzailea, Artiumen ikusgai

Kartelak, film bat, ehungintza lanak, marketineko elementuak eta abar; 70 objektutik gora biltzen dituen «Chillida. Erabilera aplikatuak» erakusketa ikusgai dago jada Artium museoan, Gasteizen. «Eduardo Chillidarena berarena baino, Chillidari buruzkoa» den ekimen honetan, artistaren beste alderdi hori, ilustratzaile eta bi dimentsioko ikonoen eratzailearena, sakonago ezagutzeko aukera eskaintzen da. Otsailaren 2ra arte egongo da zabalik.

Peio Aguirre, erakusketaren komisarioa, ezkerrean, eta Mikel Chilida, Chillida Lekuko garapen zuzendaria.
Peio Aguirre, erakusketaren komisarioa, ezkerrean, eta Mikel Chilida, Chillida Lekuko garapen zuzendaria. (Jaizki FONTANEDA | FOKU)

‘‘Chillida. Erabilera Aplikatuak’’ erakusketa ireki berri du Gasteizko Artium arte garaikideko museoak. Artistaren mendeurrenagatik egindako ekintzen zikloa ixteko, erakusketa honetan Eduardo Chillidak ilustratzaile eta bi dimentsioko ikonoen sortzaile gisa egindako lana biltzen da, 70 objektu baino gehiagoko bilduma batean. 2025eko otsailaren 2 arte egongo da ikusgai.

Atzo aurkeztu zuten ekimena Mikel Chillidak, artistaren biloba eta Chillida Leku museoko garapen zuzendari denak, eta Peio Aguirre komisarioak. Beraiekin izan ziren Beatriz Herraez Artiumeko zuzendaria eta Ana del Val Arabako Foru Aldundiko Kultura diputatua.

Mikel Chillidak nabarmendu zuen Peio Aguirrerekin batera egindako lana «ikerketa prozesu fantastikoa» izan dela. Izan ere, artistaren beste alderdi batzuk kontuan hartzen ditu. Behin horretan sakonduta, ondorioa atera zuen Mikel Chillidak: artistikoki, lan hauek bere aitonak eskultura publikoan egindakoetatik «oso hurbil» koka daitezke.

Bestalde, erakusketa «Chillidari buruzkoa da, Chillidarena berarena baino», esan zuen Peio Aguirre komisarioak. Artiumeko sotoan atzotik ikus daitezkeen lanak ez dira guztiak Donostiako artistarenak.

Besteak beste, obra grafikoak, marrazkiak, collageak, kartelak, ehungintzako eta urregintzako lanak, argitalpenak eta marketineko elementuak ikus daitezke. Jose Julian Baquedano zinemagileak egindako ‘‘Chillida. Retrato en casa’’ film dokumentalak ixten du erakusketa.

Hortaz, eskultoreak diseinu grafikoarekin, kartelismoarekin eta ehungintzako eta urregintzako artearekin izandako forma lauekiko zuzeneko eta zeharkako lotura azpimarratzen du. Horretaz gain, marka-identitatearekin eta marketinarekin izandako lotura ere jorratzen du eta artistaren ondarearen ulermen sozial, politiko eta korporatiborako gunea sortzen du.

Erakusketa hartu duen A1 aretoan obra grafikoak dira nagusi (kartelak, logotipoak eta diseinu grafikoko beste elementu batzuk). Paretetan jarrita daude, Aguirrek azaldu zuenez, Chillidak berak estudioa girotzen zuen bezala. Amnistiaren eta bakearen aldeko, 1972ko Municheko Olinpiar Jokoetarako eta 1982an Estatu espainolean jokatu zen Futboleko Munduko Txapelketarako egindako kartelak daude tartean.

Halaber, liburuxkak, bere diseinu batekin egindako tapiz bat, bitxiak, lanpara bat eta EHUren logotipoarekin egindako hainbat objektu ikus daitezke.

MAILEGUAK

Erakusketa atontzea urte eta erdiko lana izan dela azaldu zuen Aguirrek. Artium museoan zeuden lanez gainera, Chillida familiak dituen obrei zein munduko zenbait tokitako museoek egindako maileguei esker bildu ditu lan eta objektu guztiak.

Batez ere, Eduardo Chillidaren ondorengoen eta Hauser & Wirth-ek emandako lanak dira, baita Lazkaoko Beneditarren Fundazioarenak ere. Gero, Euskal Herriko Unibertsitateak, Euskadiko Filmategiak eta Bilboko Arte Ederren Museoko Liburutegiak utzitakoak daude.

Atzerritik etorritako zenbait pieza ere jaso dituzte: Madrilgo Reina Sofia Museotik beraientzat egindako logotipo bat eta Amsterdameko Collection Stedelijk museotik erakusketa baterako Chillidak diseinatutako kartel bat ekarri dute Artiumera. Inditex multinazionalak ere bere alea jarri du artistaren diseinu batekin sorturiko Zara-ren bilduma bateko jertse batekin.