I. GARATE - Z. IGLESIAS - I. CARRILLO

ESKOLA KIROLA ETA KIROL ANIZTASUNA, HAURREN GARAPENERAKO EZINBESTEKOA

Eskola kirolak haurren heziketa prozesuan duen garrantzia ukaezina da. Balioak, kirol aniztasuna, taldekako kirolak zein indibidualak... NAIZ Irratiko «KirolHaria» saioan jorratu dute gaia, Kike Mokoroa elkarrizketatuz; kirolean koordinatzaile lanetan aritua eta egun Ordiziako Udaleko kirol teknikaria da bera.

Talaia Hondarribiko Eskolako neska-mutilak, eskola kirola praktikatzen, larunbat goiz batean, Hondartza Kiroldegian.
Talaia Hondarribiko Eskolako neska-mutilak, eskola kirola praktikatzen, larunbat goiz batean, Hondartza Kiroldegian. (GARA)

Dagoeneko 2024-2025 ikasturtearen martxa hartuta daude ikasleak, irailaz geroztik. Ume askorentzat aldaketa unea izaten da hori: kasu batzuetan eraikin aldaketa egoten da, irakasle edota gelakide berriak... eta talde horietako batzuk, gainera, eskola kirolean murgiltzen hasten dira. Horietakoak dira Lehen Hezkuntzako 3. mailakoak, 7-8 urtekoak, alegia; eta dagoeneko hasi dira LH-1etik aurrera, nolabaiteko jolas jarduerak egiten, gorputz atal guztiak lantzeko helburuz.

Joan gaitezen hasierara. Euskal Autonomia Erkidegoan 2008an atera zen dekretu batek arautzen du Eskola Kirola, eta bertan jasotzen da multikirola izan behar dela umeentzako kirol-jarduera eredua. Ondoren, foru aldundi bakoitzak dekretu hori berak nahi bezala aplika dezake. «Gipuzkoako Foru Aldundia da zorrotzena, horretan sinisten duelako. Hainbat azterketa daude esaten dutenak multikirolak onura handiak dituela etorkizunean kirolarientzat»; hala azaldu du NAIZ Irratian Kike Mokoroa kirolean koordinatzaile lanetan aritua denak eta egun Ordiziako Udaleko kirol teknikaria denak.

Taldekako kirolak eskualde bakoitzak aukeratzen ditu. Lehiaketetan parte hartzeari begira, normalean nagusiak edo popularrenak izaten dira: eskubaloia, saskibaloia, areto futbola edo 8ko futbola. Hala ere, eskualde bakoitzean nagusitu daiteke kirol berezi bat edo ohitura handia dagoena berau praktikatzeko; adibidez, errugbia Ordizian, Eibarren, Arrasaten eta Donostian. Banakako kiroletan, aldiz, igeriketa, urpekoak, atletismoa, herri kirolak, esku pilota eta abar dira ohikoenak.

kirol UGARI ezagutzeko AUKERA

Egun, adibidez, LH-3 eta LH-4 mailetan, benjaminetan, oro har taldekako hiru kirol -bakoitza 3-4 jardunalditan- eta banakako beste hiru edo lau egiten dituzte.

«Multikirolak egiten duena da ume edo gaztearen gorputz atal guztiak landu. Batean bakarrik espezializatzen bagara, demagun saskibaloian edo futbolean, atal zehatz batzuk besterik ez ditugu landuko eta onurak eduki beharrean, luzera begira, muskulu berdinak landuko dira; beti kirol bera egiten duzu eta ez duzu aukera beste kirol batzuk ezagutzeko. Lesionatzeko aukera gehiago duzu eta frogatuta dago ere jendeak lehenago uzten duela kirol hori, nazkatu egiten delako beti berdina egiteaz. Kirol aniztasuna oso garrantzitsua da eskola kiroleko urte horietan», azpimarratu du adituak.

Gainera, «badaude kirol pila bat ezagutzen ez ditugunak, eta, ezagutuz gero, hori izan daiteke zure etorkizunerako kirola. Oso garrantzitsua da kirol guztiak edo ahal ditugun guztiak ezagutzea», gaineratu du, «beste kirol batzuk egiten badira eta beste garapen batzuk izaten badira umearen gorputzean, hobetzeko askoz ere aukera handiagoa baitago».

BALIOAK ETA DEBATEAK

Eskola kirolak irakasten dituen balioak ezin dira ahaztu. «Adibidez, klub batean ez dago zure ikastetxeko jendea bakarrik, beste ikastoletakoak edota beste herrietako jendea ere bai. Jendearekin egoten ikasi behar duzu, helburu bat duzue eta denon artean lortu behar duzue helburu hori; galtzen baduzue, denon artean ikusi behar duzue nola hobetu. Gauza horiek oso aberasgarriak dira taldekako kiroletan», azpimarratu du Mokoroak.

Banakako kirolak, aldiz, beste onura batzuk dauzka: «Norberaren esfortzua, norbera zertarako kapaz den ikusteko, bere buruarekiko konfiantza lantzeko eta norberaren garapen pertsonalerako aukera». Bere esperientzia kontatu du: «Talde kiroletan, adibidez, erlazionatzeko gaitasun hori asko hobetzen da. Bakoitzak bere nortasuna du, baina egoerak irekitzera bultzatzen zaitu. Konkretuki igeriketan fijatu naiz: banakako kirola da eta oso kirol gogorra iruditzen zait. Uretan sartzen zara, bakarrik zaude metroak eta metroak egiten, inorekin hitz egin gabe. Oso kirol diziplinatua da, eta gero fijatzen zara eta, ez agian kasu guztietan, baina hortik ateratzen den jendea oso jende diziplinatua da, ikasketetan ondo ibiltzen dena, denbora ondo aprobetxatzen dakiena eta saiatua dena».

Eskola kirolean debatea ere zabalik dago, batez ere gurasoen artean. Arrazoia? Aipatzen ari garen adin tarteko ume batek kirol klub batean aritu ahal izateko -edozein kirol dela- nahitaez eskola kirola egin behar duelako, Foru Aldundiaren arauak hala dioelako, 6. mailara arte.

Azkenik, Mokoroak argi du gurasoen helburua zein izan behar den: «Nik nahi dudana da umeak ondo pasatzea, pertsona gisa garatzea eta ahal baldin badu, irabaztea». Bai, irabaztearen garrantzia ere azpimarratu nahi izan du. «Nik nire teoria daukat: berdin dit adinak, partida batera joaten zarenean, irabaztera joan behar zara. Eta hemen dator baldintza: zaindu behar duzu lagunekin zintzoa izaten, aurkariarekin zintzoa izaten, jakin behar duzu irabazten eta galtzen, eskua ematen... Badaude balio batzuk kirolean, entrenamenduetan eta partidetan ikasten direnak».