A.A.

Bizkaigane, 40 urte tradizioa eta etorkizuna lantzen

Duela 40 urtetik, Errigoitiko Bizkaigane kooperatibako kideek ezinbesteko hitzordua daukate, astelehenero, Gernikako merkatuan. Lau hamarkada daramatzate esneki sorta zabala ekoizten, betiere kalitateari eta tradizioari lehentasuna emanez, eta dagoeneko bigarren belaunaldia erreleboa hartzen hasia da. Nekazaritza ekologikoaz harago, epe luzerako bideragarritasuna bermatuko duen ekoizpen iraunkorraren alde egiten dute.

Markel Enzunza, Bizkaigane kooperatibako bigarren belaunaldiko kidea, Errigoitiko ustiategian.
Markel Enzunza, Bizkaigane kooperatibako bigarren belaunaldiko kidea, Errigoitiko ustiategian. (Raúl BOGAJO | FOKU)

Bizkaian, Errigoiti herrian, Bizkaigane Kooperatiba dago. 1984an sortu zuten hiru lagunek grina bera partekatzen zuten: lurrarekiko pasioa. Behi gutxi izan arren, amets handiak zeuzkaten, eta amets haiek egia bihurtzeko prest zeuden. Beraz, indarrak batu eta, elkarlanean, esplotazio bat jarri zuten abian, lan-baldintza duinak eta kalitatezko produktuak eskaintzeko asmoz.

Behi-esnea ekoizten hasi ziren baina, laster batean, merkatuaren bilakaerak eskaintza dibertsifikatzera eraman zituen. Hori zela eta, esneki sorta zabala egiten hasi ziren: gazta freskoa eta ondua, jogurtak… betiere kalitateari eta tradizioari lehentasuna emanez. Gaur egun, beren gazta urdina eta beren brie entzimatikoa kontsumitzaileek izugarri estimatzen dituzten benetako harribitxi gastronomikoak dira.

Nekazaritza ekologikoaz harago, epe luzerako bideragarritasuna bermatuko duen ekoizpen iraunkorraren alde egiten du Bizkaiganek, gogotsu, ingurunea guztiz errespetatuz. Horretarako, ardi eta txerri hazkuntza txertatu, eta ziklo itxi bat sortu dute, gaztagintzaren azpi-produktuak animalientzako elikagai gisa erabiliz. Horrez gain, piezakatze-gela txukuna daukate, bertan kalitate handiko haragi-produktu ekologikoak egiteko.

EZINBESTEKO TOPAGUNEA

Bizkaiganekoek, duela 40 urtetik, ezinbesteko hitzordua daukate astelehenero Gernikako merkatuan. Leku hori funtsezkoa da kontsumitzaileekin harreman zuzena eduki ahal izateko, eta haien produktuak salgai ipintzeko. Hala ere, beti ez da kontu erraza izan. «Garai batean, adineko jendea baizik ez zen ikusten merkatuan, eta ekoizleok motibaziorik gabe geunden, ez zegoelako belaunaldi-erreleborik», esan digu Markel Enzunzak, Kooperatibaren bigarren belaunaldia osatzen duenetako batek.

Hala ere, azken urteotan aldaketa sumatu du. Saltzaileen adinak behera egin du, baina erosleak zahar samarrak dira, gehienbat. Lan-ordutegi makurrek ez diete gazteei astelehen goizean merkatura joaten uzten.

Azoka Bizkaiganeren bilakaeraren lekuko pribilegiatua izan da. Gauzak asko aldatu dira, baina kooperatibak komunitatearekin daukan lotura zaintzen jakin du. «Guretzat merkatua ezinbesteko salmenta-lekua da. Hemen denek ezagutzen gaituzte, bezeroek gure produktuak dastatzen dituzte, eta gehienek gure historia ezagutzen dute: nor garen, nondik gatozen, nora goazen…

BELAUNALDI BERRIAK

Sektorearen erronka nagusietako bat belaunaldien arteko errelebo eza dela onartu digu Markelek. Gazte askok, lan hau zeinen gogorra den ikusirik, bestelako irteera profesionalak bilatzen dituzte etorkizunari begira. Gainera, ez da batere erraza familia-ustiategietan kanpoko eskulana sartzea, eta horrek erabat zailtzen du taldeak behar bezala berritzea.

Hala ere, Bizkaiganekoek lan-ingurune erakargarria sortzea lortu dute, eta bertan dihardutenek lan-baldintza duinak eta familia-kontziliazioa modu egokian izateko aukera daukate. Horri esker, Markel bezalako gazte batzuek proiektuarekin bat egin dute, eta hantxe diraute, jo eta su, dena emanda.

Egoera hobetzen laguntzeko, Markelek nekazaritzako elikagaien sektorean inbertsio publikoa sustatzeko beharra defendatzen du. Horrela, bere ustez, ustiategien eraginkortasuna eta bideragarritasuna bermatuko lirateke epe luzean.

Zortzi bazkide dira gaur egun Bizkaiganen. Kooperatiba honen jarduerak tradizioa eta berrikuntza elkarrekin ondo konpon daitezkeela erakusten du, kalitate handiko produktuak sortuz eta landa-ingurunearen jasangarritasunari lagunduz.