Piriniotar arrazaren hobekuntzaren erakusleiho paregabea
Gernikako lehen asteleheneko azoka piriniotar arrazak azken urteetan izan duen hobekuntzaren erakusleiho paregabea bihurtu da. Sari nagusiak Iurretako Jon Koldo Bikandi abeltzainak jaso zituen, beste urte batez. Gainontzeko sariak Orozkora eta Senosiainera joan ziren.
Gernikako azokak bi hitzordu nagusi izaten ditu. Urriko azken asteleheneko nekazaritza azoka aurretik, abeltzainen azoka egiten da lehen astelehenean. Bertan, Piriniotar Arrazako XXXVII. lehiaketa ospatu zen, Euskal Herria osoko hamabi abeltzainek ekarritako ehun abelburu baino gehiagorekin.
Duela urte batzuk era guztietako animalien azoka izaten zen, eta jendeak ganadua saldu eta erosi egiten zuen, baina orain abelburu onenen erakusketa egiten da.
Horren erakusgarri da txapelketa honetara, urtez urte, Euskal Herrian arraza pirenaikoarekin lan egiten duten abeltzain famatuenak hurbiltzen direla eta saridunak ere urtetik urtera ez direla asko aldatzen.
Guztira, hamabi abeltzain izan ziren Gernikan (Bizkai, Gipuzkoa eta Nafarroakoak), lurralde bakoitzeko lau. Bizkaitarrek 41 abelburu aurkeztu zituzten, nafarrek 33 eta gipuzkoarrek 31. Horietatik 95 emeak ziren, eta 10 arrak.
Aurten ere Jon Koldo Bikandi iurretar abeltzaina nabarmendu zen, zezen onenaren, eme onenaren eta ganadutegi onenaren sariak irabaziz. Eme gazte onenaren saria Orozkoko Arbaiza Anaiak ganadutegiak irabazi zuen, eta Nafarroako Senosiaingo Juan Antonio Ustarrozek, berriz, zezen gazte onenaren saria. Horrez gainera, Arbaiza anaiek intseminazio artifizialeko produktu onenaren saria jaso zuten.
Jose Antonio Gorbea, Piriniotar arrazako Euskal Federazioaren presidentearen hitzetan, «hobekuntza genetiko- aren ondorioz lortutako animalien morfologia erakusten dugu hemen, hau da, esplotazioak norantz doazen».
Bat etorri zen hitz horiekin Gernikara sei abelburu eraman zituen Xabier Ustarroz abeltzain gazte nafarra. «Egiten dugun lana erakusteko modu bat da azoka, baita arraza hobetzen jarraitzeko bultzada ere», adierazi zuen.
Antolatzaileek, hain zuzen, abeltzainen artean gertatzen ari den belaunaldi arteko erreleboa nabarmendu nahi izan dute aurten. «Nahiz eta abeltzaintzako ustiategien jabeak aurreko urteetako berak izan, orain lehiaketa eta azoka hauetan interesatuta dauden gazteekin batera joaten dira, orain arte oso ohikoa ez zen zerbait», azaldu zuten.
DESAGERTZEKO ARRISKUAN
Piriniotar arraza autoktonoa ugaria izan zen garai batean, baina gero galtzeko arriskuan egon zen. «XX. mendearen hasieran baserrietan egoten zen behia da pirenaikoa, jarduera mistoa ahalbidetzen zuelako, idien eguneroko lanerako eta esnerako zerbait», dio Gorbeak.
Kanpoko arrazen iritsierarekin, ordea, produktiboagoak zirenez, piriniotarra desagertzen joan zen, nekazaritzaren mekanizazioarekin ez zegoelako jada idien beharrik. Hala ere, azken hamarkadatan berreskuratzen joan da eta gaur egun ia ehun urteko liburu genealogikoa dauka arrazak, Estatuko zaharrena. Duela berrogei urte ia desagertuta izatetik morfologia oneneko animaliak hazteko ibilbide garrantzitsu bat egin da, kalitate handiko animaliak lortuz.
Gaur egun, Euskal Autonomia Erkidegoan 225 ustiategi daude pirenaikoa hazten dutenak, guztira 5.000 abelburu ingururekin, eta Nafarroako 400 ustiategitan 13.000 buru inguru hazten dira. Gernikako azokarekin batera, Elizondokoa da arraza hori bultzatzeko egiten den nagusienetakoa.