GARA
GASTEIZ

Eskoletan soldatak parekatzeak «doakotasuna bermatzen» du

Begoña Pedrosa Hezkuntza sailburuak esan du Lakuak itunpeko ikastetxeetako soldatak publikoetakoekin parekatzeko onartutako aurrekontuaren aldaketak eskakizun batzuk dituela barnean hitzartutakoentzat; adibidez, familiei kuotak kobratzea eragozteko neurriak.

Pedrosa, Gasteizko Legebiltzarrean.
Pedrosa, Gasteizko Legebiltzarrean. (Jaizki FONTANEDA | FOKU)

Begoña Pedrosa Hezkuntza sailburuak Gasteizko Legebiltzarreko Hezkuntza Batzordearen aurrean atzo aurkeztu zuen egindako lege aldaketa. Nabarmendu zuen aurrekontu honetan 67 milioi euro bideratuko dituztela sare kontzertatura eta horrek eskakizun eta konpromiso berriak ekarriko dituela berarekin itunpeko ikastetxeentzat, «ardura konpartitua eta gardentasuna» zaintzeko.

Azaldu zuenez, zentro horietako langileen kontratazioak «gardena izan beharko du, merituak, gaitasunak eta berdintasuna oinarri hartuta, eta eskaintzen publizitatea bermatuz».

Era berean, beharrezkoa izango da zerbitzu publikoa doan eskaintzea, eta sailburuak baieztatu zuenez, aldaketak «zentroek dituzten eta izan ditzaketen langileen gastuen kontrola mantentzen lagunduko du».

Pedrosak adierazi zuen «zenbait aurrerapauso» emango direla Gobernuak planteatutako lege aldaketa honekin, hezkuntzaren «doakotasuna bermatzeko» helburuz.

Erreforma honek «oinarri juridiko sendoa» duela ere defendatu zuen sailburuak, baita «akordio politiko, patronal, sozial eta sindikal zabal baten» babesa duela ere. Gainera, segurtatu zuenez, «itunpeko sareko irakasleek ez dute sekula maila bereko sare publikoko irakasleek baino oinarrizko ordainsari handiagorik jasoko».

Pedrosak esan zuen, egin dituzten kalkuluen arabera, irakasleen soldatetan 4.043,10 euroko aldea dagoela Haur Hezkuntzan eta Lehen Hezkuntzan sare publikoaren eta kontzertatuaren artean. Aldea handixeagoa da, 4.449,42 eurokoa, Bigarren Hezkuntzako irakasleen soldatetan.