GARA
IRUÑEA

Aurken Sola iruindarra baldintzapeko askatasunean da, 16 urteren ondoren

Iruñean egindako mobilizazio baten irudia.
Iruñean egindako mobilizazio baten irudia. (Jagoba MANTEROLA | FOKU)

Aurken Sola presoa aske geratu zen atzo. Espetxe Zaintzako epaile zentralak onartu egin zuen baldintzapeko askatasuna. Iruindarrak, 16 urteren ondoren, atzean utzi zuen kartzela. Aurtengo maiatzetik 3. graduan zegoen Iruñeko presondegian.

Sola 2008an atxilotu zuten nafar hiriburuko Alde Zaharrean eta ordutik gatibu egon da. Lehenago ere bi urtez egon zen kartzelan, kasu bereziki lazgarri batean. Beste hiru gazterekin batera, Leitzan UPNko zinegotzi bat hil izana leporatu zioten. 2002an atxilotu eta “Urbasa komandoa” deitu zieten, eta bi urtez oso gutxi izan ziren horrekin zerikusirik ez zutela salatu zutenak. Bi urte igarota, Auzitegi Nazional espainolak errugabetu egin zituen, eta Estatu frantsesean atxilotutako beste bi pertsona akusatu. Mikel Soto zen atxilotuetako beste bat, eta 20. urteurrenean gogora ekarri zuen, jasan zituzten torturak salatuz. Izan ere, tortura horietan lortutako testigantzak izan ziren bi urtez espetxean mantentzeko gakoa.

DISPERTSIO POLITIKAREN BIKTIMA

2008an berriz atxilotu zutenean ere, ospitalean amaitu zuen Solak, GARAk jakin ahal izan zuenez. Ordutik Estatu espainoleko hainbat espetxetan izan da, dispertsioaren ondorioak pairatuz. Puerto III espetxean zegoen 2018an, berarekin atxilotu zuten eta auzokidea zuen Xabier Rey bere ziegan hilik aurkitu zutenean. Ondoren Algecirasen eta Burgosen ere izan da. 2021eko apirilean Iruñeko kartzelara lekualdatu zuten Donibaneko auzokidea, eta orain berreskuratu du askatasuna, baldintzapean bada ere.