J.S.
ARRASATE

San Felipe Elkarlaguntza, 125 urte heriotzari modu kolektiboan aurre egiten

Heriotzari modu kolektiboan aurre egiteko tradizioa oso aspaldikoa da. Arrasaten, San Felipe Elkarlaguntza elkarteak 125 urte daramatza bazkideen heriotzaren gastuak ordaintzen, modu autogestionatuan eta irabazi asmorik gabe. Gaur egun indartsu dagoen eredua da: 11.300 bazkide ditu, Arrasateko biztanleriaren %40.

San Felipe Elkarlaguntza elkarteak Arrasateko erdigunean zabaldu duen tanatorio berria.
San Felipe Elkarlaguntza elkarteak Arrasateko erdigunean zabaldu duen tanatorio berria. (GARA)

San Felipe Elkarlaguntza Elkartearen jatorria ezagutzeko XIX. mendera jo beharra dago. 1898. urtean "El Apóstol San Felipe" elkarren arteko laguntzarako erakundea jaio zen Arrasaten, eta sortu zenetik ez da aldatu haren xedea: funtsean, kide direnen heriotza gertatzen denean, ehorzketa eta gorpuaren lekualdatze gastuak ordaintzea. Helburu berbera mantendu du, beraz, 125 urtetan (iaz bete zuen urteurren biribila).

Elkarteko arduradunek ez dakite zehazki herriko zein pertsonak jarri zuten martxan, baina gai horri modu kolektiboan aurre egiteko tradizioa aspaldiko garaietatik datorrela nabarmendu dute. Adierazgarria da, adibidez, 1539an Arrasateko «benakeroen» kofradiak (Udalaitzeko meategietan burdin minerala ateratzen zuten langileen elkarteak) bere ordenantzetan arautzen zuen lehen gaia kofradiakideen ehorzketarekin loturikoa izatea.

Arrasatekoa ez da mota honetako elkarte bakarra Euskal Herrian. Gaur egun beharrezkoak diren galdetzerakoan, hauxe erantzun dute elkarteko arduradunek: «Pertsonak, mundu osoan zehar, heriotzari modu komunitarioan erantzuteaz arduratu dira. Beraz, horrelako erakundeak beti eta leku guztietan egon dira. Lehen eta orain».

Gainera, beren ereduak bi abantaila nagusi dituela nabarmendu dute: «Autogestionatuak dira eta ez dute irabazi-asmorik. Bazkideak dira, inguruan bizi diren bazkideak, elkarteak kudeatzen dituztenak. Eta irabazi-asmorik ez dituztenez, prestazioak ematerakoan eraginkortasun handia daukate bazkideen onerako».

DEBAGOIENA ETA ARAMAIO

Elkartearen eremua, batik bat, Debagoiena eta Aramaio dira eta gaur egun 11.300 bazkide dituzte, kontuan hartuta titularra eta bere familia (bikotea eta seme-alabak). Arrasateri dagokionez, biztanleen %40 inguru da San Felipeko parte. Gainera, azken urteetan ehundik gora bazkide berri batu dira elkartera.

Egitura juridikoari dagokionez, San Felipe Elkarlaguntza Elkartea aseguru jarduerarik gabeko Borondatezko Gizarte Aurreikuspeneko Erakunde (BGAE) bereizi gabea da. Arauek zorrotz mugatzen dute bere zeregina. «Eta hala izan behar da. Izan ere, bazkideak jartzen duen dirua biharko egunean erabiltzeko da», nabarmendu dute elkarteko arduradunek. Organo nagusiak dira, batetik, bazkide guztiek osatutako Batzar Nagusia, eta bestetik, Gobernu Batzordea, Batzar Nagusiak aukeratutako bazkideek osatua.

Eguneroko jarduerari dagokionez, 24 orduko telefonoa izateaz gain, pertsona bat dute bereziki administrazio lanak egiteko eta Arrasaten daukaten bulegoan astelehenetik ostiralera bazkide eta beste herritarrak jasotzeko.

Hileta zerbitzua eskaintzeko Ojanguren enpresarekin hitzarmen bat dute sinatuta. Era berean, enpresa horri alokatzen dioten beilatoki baten jabe dira. Beilatokia San Felipeko bazkideek erabiltzen dute neurri handi batean, baina ez osotasunean.