GARA
HERRI KIROLAK

Iker Vicente aizkolaria urrez jantzi da, bikoa batuta astebetean

Iker Vicente, aurreko proba batean.
Iker Vicente, aurreko proba batean. (Idoia ZABALETA | FOKU)

Egun aizkorak bizi duen egoera honetan, esan daiteke kirol honek baduela txapeldun handi bat. Iker Vicentek atzo erakutsi zuen, beste behin, gaur egun aizkoran beste aurkarien gainetik dagoela. Duela astebete baino gutxiago Euskal Herriko Aizkora Txapelketan txapela jantzi zuen, eta atzo bertan, Arrietan, beste era bateko langintzan gainera, Urrezko Aizkolarien Txapeldunen Ligako finala aise irabazi zuen.

«Hasiera nahiko txukun eman diot eta esperantza nuen azkeneko proba honetan lan ona egin nezakeela eta uste dut erritmoz ondo aritu naizela eta nahiko txukun», adierazi zuen garaileak amaitu berritan.

Iker Vicente bigarren txandan aritu zen, Mikel Larrañagarekin batera buruz buru. Otsagabikoa eroso eta erraz aritu zen, asko estutu beharrik gabe. Azkenean, 15 minutu eta 54 segundo behar izan zituen lanak betetzeko.

Hala, emozioa bigarren posturako lehian egon zen. Aurreneko txandan aritutako Julen Alberdi “Txikia IV.” eta Larrañagaren beraren artean izan zen bigarren posturako lehia hau. Azpeitiarrak atzetik aurrera egin zuen, Txikia IV.ak berak baino hobeto. Aurreko ariketetan, ordea, izan zuen galera. Azkenean, Txikia IV.aren eta Larrañagaren artean 47 segundoko tartea besterik ez zen egon, eta Hodei Ezpeleta laugarren izan zen. Vicente eta Txikia IV.aren artean, ordea, 53 segundoko aldea egon zen.

Aurreneko txanda horretan, Txikia IV.a eta Ezpeleta aritu ziren nor baino nor. Azkoitiarra azkarrago aritu zen; lan luzean tarte handia egin zuen, bi minutu eta erdi pasatxo utzi baitzuen atzean Hodei Ezpeleta. Eibartar aizkolaria, aurreko asteburuan, txapeldunorde geratu zen Euskal Herriko Txapelketan.

Ekitaldi ugari izan zituen Arrietako jaialdian aizkolari bakoitzak egin beharreko lana hau izan zen: 45 ontzako enbor bat moztea, 65 ontzako beste bat, 60 ontzako bi enbor eta 65 ontzako beste bi enbor.