Erbiak, korrikalarien bidelagun, helmugara marka onarekin iristeko
Korrikalariei laguntza ematen dieten erbien talde hau atzo goizean aurkeztu zen Donostiako La Perlan. Datorren igande goizean egingo den aurtengo edizioan, 28 izango dira ondo prestaturiko erbiak, eta horietatik 13 emakumeak dira.
Astebete bakarrik falta da Behobia-Donostia lasterketaren 59. edizioa ospatzeko. Datorren igandean, azaroaren 10ean, izango da Irungo auzotik Gipuzkoako hiribururaino doan proba aski ezaguna eta dagoeneko parte hartzaileek badute gogoa eguna iritsi eta bertako jai erraldoian korritu ahal izateko.
Korrikalari afizionatuez gain, profesionalak ere bertan izango dira beste behin. Hauek normalean ez dute laguntzarik behar Bulebarrean kokatu ohi den helmugaraino iristeko, baina amateurrek, zaleen animo eta oihuez gain, beste “laguntza” mota batzuk izaten dituzte bidean zehar. “Erbi” deritzen horiena, hain zuzen.
Korrikalari “berezi” hauek laguntza handia ematen diete korrikalariei helmugaraino gutxi gorabehera nahi duten markarekin iristeko. Erbi taldea atzo aurkeztu zuten Donostiako La Perlan. Aurtengo edizioan 28 izango dira erbiak; horietatik hamahiru, emakumeak. Bederatzi denbora ezberdinetan egin ahal izatea ahalbidetuko dute: 1h 15min, 1h 20min, 1h 25 min, 1h 30 min, 1h 33min, 1h 40min, 1h 45min, 1h 50min eta 2h. Kolore ezberdinekin arituko dira korrikan: morea, berdea, gorria, urdina, laranja eta zuria.
ESPERIENTZIADUNAK
Datuen arabera, aipatzekoa da erbi gisa edizio guztietan -16tan, alegia- parte hartu duen Igor Ortiz Extremo irundarra ageri dela aurten ere. Marcos Arriaran Rodriguez hendaiarrak 14 edizio pilatzen ditu eta Igor Ayerbe Zabalza eta Juan Carlos Arregui donostiarrek 13 dituzte bizkar gainean.
Emakumeak 2017an hasi ziren erbi lanean parte hartzen, eta hortxe daude Alazne Mujika donostiarra, sei ediziorekin (12+1 osatuta), eta Ana Cruz Oyarzabal (11+1), Tanit Perez de Leceta (14), Aloña Ancin (16) eta Nerea Garcia Maiztegi (14+1), erbi gisa bakoitza bostekin. Ezin dugu ahaztu Larraitz Lucas Realeko jokalari ohia, hirurekin (10).
Erbi hauek guztiek zenbait Behobia-Donostia amaitu dituzte azken urteetan, erbi gisa eta korrikalari gisa. Aipatzekoa da, adibidez, Juan Gonzalez de Suso, 30 aldiz amaitu baitu 21 kilometroko lasterketa. 28+1ekin ageri da Juan Carlos Arregui eta 20rekin, Igor Ortiz Extremo eta Marcos Arriaran Rodriguez.
Aipaturiko izen horiez gain, beste erbi hauek ere parte hartuko dute datorren igandean: Iñaki Añorga, Iñaki Gerica, Iker Martinez Arza, Javier Curto, Iñigo Garcia Zabala, Beñat Gomez Cebolla, Ainhoa Lekuona, Javier Garcia de Vicuña, Ignacio Galdos, Edurne Jauregi Casares, Juan Jose Gibaja, Dorleta Perez Oliden, Yolanda Resa, Nerea Hermo Mugica, Enrique Campos Jimenes, Marcos Arriaran Rodriguez, Mari Mar Escrig eta Ana Oliva.