Jon ORMAZABAL
PILOTA

Jokin Altuna, ezohikoa arrunt egitearen artea

Amezketarrak jokatutako azken 14 txapelketa handietako finalerdietarako sailkatzea lortu du. Kaiolako bederatzigarrena du erreskadan.

Jokin Altunak markak hausten jarraitzen du.
Jokin Altunak markak hausten jarraitzen du. (Jon URBE | FOKU)

Eskuz burututako zenbaki osoz osatutako batuketa, kenketa, biderketa eta zatiketak ongi eginak edo zuzenak diren frogatzeko metodo bat bada matematiketan, bederatziaren froga bezala ezagutua. Pilotaren erregulartasunari dagokionez, Jokin Altunak froga hori ere pasatu duela esan genezake, eta ez bakarrik igandean Lasoren aurka kaiolako bere bederatzigarren finalerdia jokatuko duelako bakarrik. Egia da, gauza zailenak horren erraz egiteko duen dohain horrekin, garrantzirik ere ez diogula ematen askotan amezketarra lortzen ari denari, baina, zenbaki hotzak gertutik begiratuta, azkenaldian lortzen ari dena sailez apartekoa dela esan dezakegu, hanka sartzeko beldurrik gabe.

Pentsa, igandean Astelenan Unai Lasoren aurka jokatuko duen finalerdia, hiru txapelketa nagusiak kontuan hartzen baditugu, jarraian jokatuko duen hamalaugarrena izango da. Amezketarra tartean ez den finalerdi bat topatzeko, 2020ko Binakako txapelketara jo beharko genuke. Orduko hartan, Ladis Galarza lagun zuela, aurreko play-offean erori ziren, Laso-Albisuren aurka 22-15 galduta.

Denera, 27 dira Altunak EPELen jokatutako txapelketa ofizialak, eta hauetariko 22tan sartu da finalaren atarira, eta 15etan txapelaren lehiara. Datuak perspektiban jartze aldera, Aimar Olaizolak 39 finalerdi jokatu zituen, 15 Binakakoan, 13 Lau eta Erdikoan eta 11 Buruz Burukoan. Hori bai, goizuetarrak 22 urtetako kirol ibilbidea behar izan zuen zenbaki horietara heltzeko, eta Jokin Altunak aurten hamar urte bete ditu profesionaletan.

KAIOLAN NAGUSI

Zenbaki hauek handiak dira modalitate guztietan, baina are txundigarriagoak dira kaiolan. Duela ez hainbeste, Aimar Olaizolaren palmareseko zazpi txapelek erabat iritsezinak ziruditen. Baina, Altunaren ibilbidea ikusita, inor gutxik jokatuko luke euro bat amezketarraren aurka. Egia da goizuetarraren finaletako eraginkortasuna lortzea ez dela erraza izango -zortzi final jokatu eta zazpi txapel eskuratu-. Nolanahi dela, momentuz jokatutako final kopuruan harrapatu du eta, igandean 22ra heltzea lortzen badu, bera izango da historian Lau eta Erdiko finalik gehien jokatu dituen pilotaria. Orain arte, Olaizola II.ak, Juan Martinez de Irujok eta Patxi Eugik jokatu dituzte zortzi final. Orotara bildutako zenbakiak ere ez dira nolanahikoak, 44 partida jokatu eta 34 irabazi baititu, hau da, %77,27ko garaipen batez bestekoa du.

Estatistikei begira jarraituz, igandera begira itxaropentsu izateko motiboak ere baditu amezketarrak, kaiolan Lasoren aurka jokatutako partidak irabazi baitizkio. Orain arte hirutan neurtu dituzte indarrak kaiolan; 2019ko lehen mailako txapelketako finalerdian 22-10 nagusitu zen gipuzkoarra, emaitza bera izan zen 2021eko finalean, eta urte beran sanferminetako finala ere jokatu zuten elkarren aurka eta Amezketakoa 22-20 gailendu zen Labriten.

Erroibartarrari galdetuta, ziurrenik nahiago zukeen igandeko partida Iruñean jokatzea, baina enpresek Eibarrera, Altunaren etxera eraman dute partida. Hor txapelketan jokatutako azken partidak irabazi ditu Altunak eta 2022ko Binakakora jo beharko genuke Aspeko izarra bertan txapelketako partida batean galtzen ikusteko. Hori bai, berak eta Martijak 22-6 galdu zuten, noren eta Laso eta Imazen aurka.