Hauteskunde polarizatuenak, hiri handietatik herri txikietara
AEBko hiri gehienak demokratak badira ere, hiriguneetatik kanpo errepublikanoak dira nagusi. Bozketa eguna lasai joan da leku gehienetan (asko dira lehendik botoa emanda dutenak), baina urduritasuna agerikoa da boto-emaile askorengan. Pennsylvanian kanpainak herritarren arteko zatiketa ekarri duela diote bertakoek.
Etxe Zuriaren atzetik Connecticut Avenue etorbide luzea abiatzen da Washingtoneko ipar-mendebalderantz. Lobbyen bulegoak dauden erdiguneko kaleak utzita, Adams Morgan auzune multietnikoaren ertzetik doa, zenbait enbaxadaren paretik igaroz. Gero, Rock Creek parke nazionalean gora, Maryland estaturaino iristen da. Murch Lehen Hezkuntzako eskola zertxobait lehenago dago.
Eguna lasai doa. Washingtonen ez dago misterio handirik presidentetzarako hauteskundeetan: boto demokrata ia erabatekoa da, %90etik gorakoa beti. «Baina bozkatu beharra dago; boto-kopuru absolutuan ere argi utzi behar da herrialdeak ez duela Trump nahi», dio Annek. Alaba txikiarekin joan da bozkatzera. Hauteskunde-egunean ere kanpainak ez du etenik. Hauteslekua eta inguruko 10 metro dira botoa eskatzea galarazita dauden leku bakarrak. «Espero dut Trump geldiaraztea. Immigrazioarena konpondu, ordenatu, behar da, baina beldurgarria da esaten duena», esan du Ximenak. Mexikarra sortzez, AEBko herritarra da. Semeari espainieraz egiten dio, hark ingelesez erantzun.
Kilometro bat baino gutxiagora dago Maryland. Washingtonekin muga markatzen duen biribilgunean hasten dira lehen kartel errepublikanoak, baita abortu-eskubidearen aldeko erreferendumean baietza eskatzen dutenak ere (abortua legezkoa da Marylanden, baina konstituzioan txertatzeko erreferenduma egin dute, are berme handiagoa izateko). Larry Hogan gobernadore ohiaren aldekoak alde guztietan ageri dira Bethesdan, hiriburuarekin muga egiten duen auzune aberatsean. 2022ra arte egon zen agintean Hogan errepublikanoa, demokraten alde bozkatu ohi duen estatu honetan; aurten senaturako hautagaia da. «Jende asko engainatu du moderatu itxurak eginez, Trumpengandik bereizten dela sinetsaraziz, baina hautatuz gero, ziur naiz errepublikano trumpistekin batera bozkatuko duela», esan du Shane boto-emaile demokratak. Jenniferrek jatorri latinoa dauka eta ez du Trumpen alde bozkatu, baina Hogan gustuko duela dio.
Autobideak mendebalderantz garamatza, eta iparraldera gero, Pennsylvaniako mugaraino. Fox irratiko esataria demokraten aurka irainka ari da; «ez dute inteligentziarik, talibanak dira». Obamari komunista deitzen dio eta «orka» Oprah Winfrey telebista-aurkezleari.
Gettysburg da Pennsylvaniako lehen herria. Gerra zibileko bataila garrantzitsuenak famatu du herria, 1863an Abraham Lincolnek bere tropei egindako hitzaldiak. Kanoiak, hilobiak, lubakiak, dena txukun eta dotore dago jarrita parke nazionalean. Errepublikanoek maite dute gogoraraztea Lincoln izan zela haien alderdiaren sortzaileetakoa, eta demokratak zirela Hegoaldean segregazioa ezarri zutenak. 2024 honetan, oso urrun dirudi alde batetik, eta oso hurbil bestetik.
HURRENGO BELAUNALDIENGATIK
Aisialdiko gunean dago Gettysburgeko bozkalekua. Pareko zelaian hautagaien panelak daude belarretan. Washingtonen ez bezala, Pennsylvanian debekatuta dago bozkalekuan irudirik hartzea. Kanpoan, ilusioz dator Dahlia aitarekin. 18 urte ditu eta lehen aldiz bozkatu du; «Kamalaren alde, noski», esan du irribarretsu. «Onartezina da gure alabek haien amonek baino eskubide zibil gutxiago izatea», esan du aitak, 2022an ezabatutako aborturako eskubidea gogoan.
Mike dator hurrena. Trumpen alde bozkatu du; «gure herrialderako hobea dela uste dut, ekonomiari bultzada emango diola». Polarizazioa hedabideek zabaldutako gezurra dela dio: «Denok gara estatubatuarrak; bihar berriz elkarren auzo izango gara». Hurrena, adineko emakume bat dator; ez du izenik eman nahi baina Trumpen alde bozkatu duela dio.
Rob independente gisa dago erregistratuta erroldan; «libertarioa naiz eta aukera duten bietatik ondoen egingo duenaren alde eman ohi dut botoa», esan du, beste daturik eman gabe. Baina herria zatitu egin dela gaineratu du; «gauza itsusiak ikusi ditugu, elkarri irain egitea, auzoekin hitzik ez, eta abar. Zatiketa handia dago». Bobek, berriz, Euskal Herriaz galdetu digu, Francoren garaian Vietnamen aurkako protestetan egon zela dio. Jill Stein Berdeetako hautagaiaren alde bozkatu du: «Beste biak industria militarraren aginduetara daude, korporazio handien menpe».
Lesliek mokadu bat dakarkigu; «egun luzea duzue kazetariek ere». Demokrata da, baina oso urduri dago: «Tentsio handia egon da azken asteotan, ostiraletan kanpainako ekitaldiak egiten genituenean irain egin digute, autoetatik atzamarra atera, belardietatik kartelak kendu. Kontuz ibili behar dugu non zer esaten dugun ere». Ez du beldurra ezkutatzen, baina itxaropentsu dago: «Irabazi behar dugu, geugatik eta hurrengo belaunaldiengatik».