GARA
IRUÑEA

Laura Aznal: «Aurten zailagoa izan da aurrekontuen negoziazio prozesua»

Nafarroako aurrekontuak abian dira. Gobernuak Parlamentuari kontuak aurkeztu dizkio, eta jakina da hauek aurrera egingo dutela, EH Bilduren abstentzioaren bitartez. Gaia jorratzeko, NAIZ Irratian izan zen Laura Aznal, EH Bilduren eleduna Nafarroako Parlamentuan.

Ramon Alzorriz (PSN), Laura Aznal eta Adolfo Araiz (EH Bildu), Parlamentuan.
Ramon Alzorriz (PSN), Laura Aznal eta Adolfo Araiz (EH Bildu), Parlamentuan. (Jagoba MANTEROLA | FOKU)

Bideratuta daude Nafarroako aurrekontuak. Atzo, NAIZ Irratiaren mikrofonoen aurrean, Laura Aznal EH Bilduko eledunak nabarmendu zuen koalizio subiranistak «konpromisoa hartu» duela 2025eko Nafarroako Aurrekontu Orokorren Legea onartzea ahalbidetzeko, abstentzio bidez. Edonola ere, adierazi zuen aurten «zailagoa» izan dela abstentzio hori hitzartu arteko negoziazio prozesua.

«Zailagoa izan da aurten Europako funtsak amaitzen ari direlako, aurrekontu egonkortasunerako arauak itzultzen ari direlako eta, aurten, gastu sabaia handitu arren, gastu orokorraren hazkundea aurreko urteetan baino askoz txikiagoa izan delako», esan zuen Aznalek.

EH Bilduren lehentasuna «zerbitzu publikoak ez kaltetzea» eta «publikoaren aldeko apustu garbia egitea» izan dela azaldu zuen Aznalek, eta, alde horretatik, «helburu argi batekin» negoziatu zutela esan zuen.

Hala ere, aurrekontuetan lehentasunak ezartzeko garaian, ohartarazi zuen EH Bilduk ez duela marra gorriez hitz egiten; bai, ordea, jaso beharreko ezinbesteko elementuez. Besteak beste, gutxieneko pentsioak 1.035 euro arte orekatuko dira.

Frogatuta gelditu da egingarria dela, baina pentsiodunen eskaera 1.080 eurokoa da. 45 euro gehiago horiek lortu ez izanaren arrazoi nagusia arazo teknikoak izan direla adierazi zuen Aznalek, «zifra hori bermatzeko bidean arriskua zegoelako pentsiodunen artean diskriminazio fiskala izateko». Edonola ere, garrantzitsutzat hartu zuen aurrerapauso hori.

HAINBAT GAI, MAHAIAN

Euskarari dagokionez, A1 mailaren irakaskuntza doakoa izango da. PSNk proposamen horrekiko agertutako posizioari buruz galdetzean, Aznalek esan zuen indar politiko desberdinak diren aldetik desadostasunak ere izan dituztela. Agerikoena fiskalitate eredua izan badaiteke ere, euskararen inguruan beti izan dituzte zailtasunak; zonifikazioaren bukaerarekin gertatu da, kasurako. Hala ere, «pausoak emanaraztea» lortzen ari direla esan zuen, eta «joera aldaketa» bat ere izan dela haien arteko harremanean.

Hemendik aurrera, hamar aurreproiektutan eskuina kanpoan geratuko da, eraginik gabe. Horregatik nabarmendu zuen ez daudela orain dela hamar urte bezala, Nafarroa aldatu egin dela eta alor sozialean, ekonomikoan eta demokrazian aurrera egiteko garaian norabidea finkatu dutela.

Despopulazio arriskuaren inguruan, Aznalek esan zuen proposamen batzuk egin izan dituztela eta onartu egin direla; esaterako, alokairu poltsa landa eremuaren beharretara egokituko da. Akordio horretan baserrien inguruko proposamena ere jasotzen da, eraikin handiak zatitu eta bizilagunak errotzeko.

Etxebizitzaren eta tentsio guneen inguruan berriki eman diren urratsak landa eremura ere eramatearen garrantzian jarri zuen azpimarra, eta errepikatu zuen aurrekontuen ostean legea etorriko dela erronka horiei aurre egiteko.

KOLORE UGARIKO MAHAIA

PSN, Contigo-Zurekin eta Geroa Bai gobernukideekin izandako negoziazioaz, Aznalek adierazi zuen euren asmoa beti izan dela interlokuzio bakarra izatea gobernuaren aldetik. Alegia, gobernu bakar batekin hitz egiten dute, jakinda horren barnean ere desadostasunak daudela noizbehinka. «Haiek ere indar politiko desberdinak dira, eta batzuetan gatazkak izaten dituzte euren artean», aipatu zuen Aznalek.