GARA
DONOSTIA

Harreraren lau urteko plana eztabaidagai izango da, behar berriei erantzuteko xedez

Harrera elkartearen batzarra, maiatzean, Zarautzen.
Harrera elkartearen batzarra, maiatzean, Zarautzen. (J. URBE | FOKU)

EPPKk abiatutako bidean, baldintzapean aske edo hirugarren graduan diren presoen kopurua biderkatu egin da azken aldian, bai eta etxera itzulitako iheslari ohiena ere. Honek behar berriak sortu ditu, eta horri erantzuteko lau urteko plana osatu du Harrera Elkartearen zuzendaritza berriak, ‘‘2024-2028, tximeletaren hegaldia marrazten’’ izena duena.

Ezohiko batzarrera deitu dute larunbat honetan Andoainen (Basteron, 10.30ean), eztabaidatu, ekarpenekin biribildu eta onartzeko helburuz.

Idoia Martinez idazkari berriak udaberrian GARAri eskainitako elkarrizketan aurreratu zuenez, «behar berriak sortzen ari dira; esate baterako, espetxera joan eta itzultzeko garraiobideak, kanpoan jan beharra, dutxa bat hartu eta atseden hartzeko toki bat izatea...». Plangintzan «asistentzia eta akonpainamendu integralaren» irizpidea nabarmendu da, orain arteko ildoan sakonduz.

LAGUNTZA

Hamabi urteko ibilbidea du Harrerak, eta tarte horretan 450 laguni laguntza eman die, etxebizitza eskuratzeko, lana lortzeko, osasun-arreta egokia izateko, egiteko administratiboetan laguntzeko... Akonpainamendu integralaren zehaztapenarekin batera, «birgizarteratze prozesuetan euskal gizartearen esparru anitzen inplikazioa» lantzen da txostenean, elkartearen izaeraz, antolaketa ereduaz eta autokudeaketaz gain.