Maria DEL RIO
Zuzenbidean doktorea
JOPUNTUA

DANA

Azkeneko asteetan albiste txar eta hunkigarriek mugiarazi gaituzte. Valentzian gertatutakoaz asko hitz egin dugu denok, batez ere, tragediak utzitako hildakoez eta desagertutakoez, galera material handiez, oinarrizko zerbitzuen faltaz eta berreraikuntza zail eta luze bati ekiteko beharraz. Irudi ikaragarriak ikusi eta dramaren kontakizunak sarritan entzun baditugu ere, ezinezkoa da ondorioez erabat jabetzea. Ekidinezina zaigu, gainera, tarte batez bada ere, 1983ko uholdeetan pentsatzea. Hori bai, beste une historiko batean gaude; astintzen gaituen krisi klimatikoaren ondorioak dira oraingoak. Izan ere, DANA bezalako muturreko fenomeno meteorologikoak areagotzen ari dira, eta gero eta ohikoagoak bilakatzen.

Hainbat gai garrantzitsu aztertzeko aukera ere izan dugu. Negazionismo klimatikoaren eragina, dudarik gabe. Zientziarekiko konfiantza ezak ebidentziak ukatzera garamatza; are gehiago, gelditasunera garamatza eta hori bai dela okerra. Fenomeno horiek saihestu ezin badira ere, ondorio suntsitzaileak gutxitzeko aukerak ditugu. Urgentziaz jarri behar dugu agendan uholde-arriskuko eremuak ekiditen dituen hirigintza arduratsua; dagoena hobetuko duten ingeniaritza-lanak; herritarrentzako prebentzio-plan egokiak, pertsonak eta interes publikoa interes ekonomikoen gainetik lehenesten dituztenak; eta zerbitzu publikoen indartzea.

Kontuan hartzeko beste gako kezkagarria da inork ez kapitalizatzea sortutako amorrua eta itxaropen eza. Lehenengo uneko shock egoera buloak zabaltzeko baliatu da, eskuin-muturraren ohiko gaiei lotuta daudenak, hala nola arrazakeriari buruzkoak. Trumpen garaipenak, gainera, ez du baikor izaten laguntzen. Baina funtsezkoa da ikusitako elkartasun keinuei eta irudiei aitortza egitea. Hango lagunek, gainera, hitz egin didate auzo elkarteak eta hainbat eragile antolatzeko izaten ari diren gaitasunaz eta indarraz. Beharrezkoa da, lehenbailehen, zientzia eta herritarren parte-hartzea gobernantzan txertatzea, jakinda hartu behar izango diren neurri denak ez direla erosoak izango.