Farmazia lagunkoiak, adineko pertsonen bizitza hobetzen
Esertzeko aulki bat jartzea, karteletan letra tamaina egokiak erabiltzea, kofiantzazko harremanak sortzea eta, batez ere, ahultasun edo arrisku egoeran dauden pertsonen antena gisa jardutea. Horiek dira euskal farmaziek azken urte honetan garatu dituzten jardunbide lagunkoien adibide batzuk.
Euskadi Lagunkoia Eusko Jaurlaritzako Enplegu eta Gizarte Politiketako Sailak sustatutako eta Matia Fundazioak abian jarritako ekimena da, adineko pertsonen eta, oro har, herritarren parte hartzea bultzatu nahi duena, betiere udalerrietako auzoak eta inguruneak hobetzeko, adinean aurrera egin ahala gure bizimoduan segi dezagun.
Ekimen horren barruan, eta EAEko Farmazialarien Kontseiluaren lankidetzaz, azken urte honetan Farmazia Lagunkoia programa garatu dute. Programa horrek farmazien laguntasuna sustatu eta zabaltzea du helburu, haien eginkizuna funtsezkoa baita adineko pertsonen eta herritar guztien autonomia eta bizi kalitateari eusteko. Esertzeko aulki bat jartzea, farmazietako karteletan letra tamaina egokiak erabiltzea, farmaziara joaten diren pertsonekin konfiantzazko harremanak sortzea, farmazia-zerbitzu asistentzialak eskaintzea, beste baliabide batzuei buruzko informazioa partekatzea eta, batez ere, ahultasun egoeren antena gisa jardutea. Horiek dira farmaziek azken urtean garatu dituzten jardunbide egokien adibide batzuk.
Kanpaina honen helburua farmaziak erkidegoko eragile gisa ikusaraztea eta zahartzen ari den gizartean balioa ematea da. Azken hilabeteetan frogatu den bezala, COVID-19tik eratorritako osasun krisiak eragindako alarma egoeran eman dituzten laguntza eta babesa funtsezkoak izan dira.
Proiektua 2023ko ekainean hasi zen eta 50 parte hartzaile baino gehiago bildu ditu, lurralde historiko bakoitzeko farmazialarien elkargoen eta Euskal Autonomia Erkidegoko Farmazia Kontseiluaren babesaz. Joan den ekainean, Dulantzin, Aretxabaletan eta Barakaldon aurrera eramandako Farmazia Lagunkoia pilotajeari buruzko informazioa zabaldu zuen Juan Albarran Matia Institutuko ikertzaile eta Farmazia Lagunkoia proiektuko koordinatzaileak. Proiektua zertan datzan, faseak, ikaskuntzak eta lorpenak azaldu zituen, bai eta udalerri bakoitzean antzemandako beharrak ere. Herri bakoitzak bere ezaugarriak dituenez, horiek detektatzeko udalerriko zenbait agentek parte hartu dute: Euskadi Lagunkoiako talde eragileko kideak, inguruko erizainak eta medikuak, udaletako teknikariak, farmaziak, adinekoen taldeak eta abar.
TESTIGANTZAK
Proiektua zein den eta antzemandako premiak azaldu ondoren, pilotajeetan parte hartu duten kideen txanda izan zen. Gipuzkoako Farmazialarien Elkargoko Estibaliz Goienetxeak oso positibotzat jo zuen gidaritza: «Proiektu honek ilusioa pizten digu, onurak eta balioa ematen dituelako. Beharrak antzematen eta konpontzen laguntzen du. Gainera, hiru errealitate ezberdin landu ditu: landa eremua, hiria eta tamaina ertaineko udalerria».
Aretxabaletaren kasuan, Alize Urtaza Debagoieneko ESIko erizain komunitarioak azaldu zuenez, «oso positiboa izan da osasun zentroa lantaldeetan sartzea. Eragozpenak izan ditugu, baina eragileen jarrera izan da errazena». Gaineratu zuen beharrezkoa dela adinekoen eta farmazialarien elkargoen ikuspegia izatea; izan ere, haien ikuspegitik ematen dute informazioa, eta ibilbide eta esku hartze orri bat sortzen laguntzen dute.
Andrea Pozo Matia Institutuko ikertzaile eta Farmazia Lagunkoiako koordinatzaileak azaldu zuenez, «urte amaieran pilotajeen ebaluazioa egingo dugu eta eskalagarritasuna diseinatuko dugu Euskadiko beste udalerri batzuetan errepikatu ahal izateko». Elorriok, Leioak eta Irunek ere interes bizia erakutsi dute, beren udalerrietan proiektua garatzeko.