GARA
DONOSTIA

Aranzadiko etnografia atala Maite Errartek zuzenduko du

Maite Errarte historialari beasaindarrak hartuko dio lekukoa Fermin Leizaolari Aranzadi Zientzia Elkarteko etnografia sailaren zuzendaritzan. Gordailura egin zuten bisitan, euskal bizimodu tradizionala ezagutarazteko egin duen lana eskertu zioten Leizaolari.

Fermin Leizaolak erreleboa eman dio Maite Errarteri.
Fermin Leizaolak erreleboa eman dio Maite Errarteri. (ARANZADI ZIENTZIA ELKARTEA)

Fermin Leizaolak Aranzadi Zientzia Elkarteko etnografia saileko zuzendaritzan erreleboa emango dio Maite Errarte (Beasain, 1995) historialariari. Errarte 2019an sartu zen etnografia sailean eta, Suberri Matelorekin batera, ondare kultural materiala katalogatzeko proiektuak, museografiakoak eta dibulgaziokoak zuzendu ditu.

Hori dela eta, biek Gordailua bisitatu zuten atzo. Izan ere, Gipuzkoako Aldundiaren Gordailuaren zaintzapean daude Fermin Leizaolaren bildumako 4.000 piezak. Aldundiak azaldu zuenaren arabera, aurreko mendeko 80ko hamarkadara arte Aldundiak ondare kulturalarekiko zuen interesa, batez ere, sorkuntza artistikora bideratuta zegoen: musikara, pinturara eta eskulturara. «Garai hura baino lehen, ez zegoen gure kultura materialaren testigantzak jasotzeko benetako ahaleginik, nahiz eta gure ondare immaterial tradizionala ikertzeko proiektuak egin», esan zuen.

Testuinguru hartan, Fermin Leizaola Calvo (Donostia, 1943) bizimodu tradizionala eta haren irudikapenak aztertzen hasi zen eta Gipuzkoako Aldundian bilduma etnografiko bat sortzeko beharra planteatu zuen, horren bidez gure arbasoen bizitza eta ofizioak irudikatzea lortuko zutela esanez. Une hartan, baiezko erantzuna eman zion Aldundiak.

Hala, 60 urtez, Fermin Leizaolak Euskal Herriko bizimodu tradizionala argi eta garbi erakusten zuten piezak eskuratzeko lan egin du. Gaur egun berak bildutako 4.000 pieza etnografiko daude jasota Gipuzkoako Ondare Bildumen Zentroan, Gordailuan.

«Lanbide tradizionalekin lotutako piezak dira, hala nola arotzeriako tresnak (garlopak, antzinako zerrak...), bizitza tradizionaleko eguneroko objektuak, hala nola nekazaritzako lanabesak, etxeko gauzak, zeramika herrikoia eta abar. Pieza horietako batzuk, gainera, gaur egun Euskal Herrian desagertuta dauden ofizio edo bizimoduei lotuta daude», nabarmendu zuten.

Goizane Alvarez Kultura diputatua ere izan zen bisitan eta Fermin Leizaolak egindako lan bikainaren balioa nabarmendu zuen: «Zalantzarik gabe, Gipuzkoako Foru Aldundiak aparteko etnografia-bilduma izan dezan ekarpen handiena egin duten pertsonetako bat da. Fermin Leizaola Bildumak gure nortasunaren eta sustrai kulturalen testigantza baloraezina jasotzen du. Bilduma honetako pieza bakoitzak gure historiaren, gure kulturari forma eman dioten jakituria eta ofizioen, pusketa bat jasotzen du. Sei hamarkada luzez Fermin Leizaolak ondare hori gordetzeko eta transmititzeko egindako ahalegin nekaezinak agerian uzten du euskal kulturarekiko izandako konpromiso sakona», esan zuen Goizane Alvarezek.

ETNOGRAFIA JARDUNALDIAK

Azaroaren 12tik 15era bitartean, San Telmo museoarekin elkarlanean, Aranzadiren 45. Etnografia Jardunaldiak aurkeztuko dira. Sailak azken urteetan ikertu eta garatu dituen etnografia-proiektuak bilduko dituzte hitzaldiek.

Fermin Leizaolak berak emango die hasiera etnografia jardunaldiei eta 45 urteren ondoren saileko zuzendari gisa egingo diren azkenak izango dira. Jardunaldi horien bidez, Fermin Leizaolak urte luzez zuzendu duen ibilbideari agurra emango diotela nabarmendu dute Aranzadi Zientzia Elkartetik.

Gainera, hitzaldiak streaming bidez eskainiko dira Museoaren Youtube kanaletik. Azaroaren 12an Leizaolak ‘‘Algunos elementos de cultura material propios de vasconia’’ hitzaldia eskainiko du, azaroaren 13an ‘‘Genealogiatik etxeko dokumentuetara Gipuzkoan’’ gaiaren inguruan egingo du gogoeta Mikel Prietok eta azaroaren 14an ‘‘Pottoka: Euskal Herriko poniaren jatorri era ondareari jarraika’’ izango dute hizpide Miren Iraeta Orbegozo, Sofia Marcos eta Oihane Mendizabalek.

Gainera, azaroko larunbat guztietan, Sailak familientzako antolatutako tailerrak izango dira: ‘‘Ondarea gure bitxia! Bitxigintza tailerra’’.

Horietan, laiak, kaikuak, argizaiolak eta abar tailerreko parte-hartzaileentzat inspirazio-iturri bihurtuko dira, gero beren bitxiak sortzeko. San Telmo museoan bertan egingo dira tailerrak.