Etxeberria bigarrenez sartu da kaiolako finalean, Jakari 22 tanto jarraian eginda
Txundigarria, zenoztarrak Iruñeko Labrit frontoian egin zuena kaiolako finalerdian: Jakak hasieran sei tanto segidan egin zituen, baina hortik aurrera, Etxeberria 22raino iritsi zen gelditu gabe. «Momentu onean nagoela esango nuke».
Ezin hitzik topatu Peio Etxeberriak atzo Iruñeko Labriten egin zuenari. Zenoztarrak 22 tanto egin zizkion Erik Jakari, gelditu gabe, bata bestearen atzetik. Hala, Lau eta Erdiko finalerako txartela lortu du bigarrenez segidan, eta azken lau txapelketetatik hirutan finalera ailegatu da —iaz Lau eta Erdikoan Altunaren aurka galdu zuen finalean, Binakakoan txapelduna izan zen, Buruz Burukoa ez zuen jokatzerik izan, eta aurten kaiolakoan finalean da berriz ere—. «Ikaragarria da. Orain ez naiz konturatzen. 15 urterekin ez nuen pentsatu ere egingo», adierazi zuen Aspeko aurrelariak, partida amaitu berritan.
Partidaren hasieran lizartzarra nagusitzen hasi zen kantxan. Haren ohiko jokoa eginez, tantoak azkar eta bizi jokatuz, ahalik azkarren errematatzeko. Hamalau pilotakada bakarrik behar izan zituen Baikoko aurrelariak, 6-0 markagailuan aurretik jartzeko. Hortik aurrera, partida zorigaiztoko ametsa izan zen Jakarentzat; Etxeberriarentzat, aldiz, zorionekoa, nahiz eta hasieran martxa hartzea kostatu egin zitzaion. Tantoak patxadaz jokatu zituen zenoztarrak, partida gogortuta, eta alde batetik bestera mugiaraziz lizartzarra.
Neurketa berdintzearekin aski ez eta, aldea zabaldu ere egin du Etxeberriak. Lan hori egiten ari zela, epaileek inoiz hartu ez duten erabakia hartu zuten atzo Labriten. Nafarra nahiko poliki joaten da tanto batetik bestera, joera hori du, eta epaileek zigortzea erabaki zuten. Atseden bat bezala kontatu zioten. Zenoztarrak, ordea, ez zuen imintziorik ere egin erabaki horren aurrean, eta berean segitu zuen.
JAKA, HASERRE
Lehen atsedenaldi luzera 12-6 aurretik heldu zen Etxeberria. Sakea hartu beharra zuen Jakak, markagailua iraultzeko. Baina Etxeberriak ez zion aukerarik eman. Jokoaren ekimena hartu zuen Aspekoak, eta guztiz menderatu zuen aurkaria. Gainera, tantoak egin ahala, sakean gehiago asmatu zuen nafarrak.
Tanto gogorrak ere jokatu zituzten, aipagarriena 18-6koa. 25 pilotakada jo zituzten, Etxeberriak ezkerrera eta eskuinera mugiarazi zuen Jaka. Akituta amaitu zuen lizartzarrak, burumakur. «Pena eta haserrea sentitzen dut, dena batera. Irrigarri geratu naiz. Mailak eskatzen duenaren oso behetik. Haserre nago, eta etsita. Ez dakit zer esan... Maila oso eskasa eman dut», adierazi zuen Jakak, neurketa amaitu ondoren.
ALTUNA EDO LASO
Zenoztarrak adierazi zuen «oso pozik» dagoela beste final bat jokatuko duelako: «Ikaragarria da, beste final batean nago. Etortzen dena etortzen dela, partida oso zaila izango da. Biek sekulako maila dute. Jokin Altunak zer esanik ez, eta Unai Laso uste dut puntu oso onean dagoela. 15 egun ditut prestatzeko».
Etxeberriari galdeturik ea bere sasoirik onenean dagoen, ez dakiela esan zuen:«Ez dakit momenturik onenean nagoen. Esango nuke pertsonalki momentu onean nagoela, asentatuta. Jokoz gaizki jartzen zaidanean, partidari buelta ematen diot. Beraz, pozik».
Gaur jokatuko dute Eibarko Astelena pilotalekuan finalerako geratzen den beste txartela. Jokin Altuna eta Unai Laso arituko dira nor baino nor gehiago.
Lau eta Erdikoan lau bider jokatu dute elkarren aurka, eta denetan amezketarra izan da garailea. Gainera, azken buruz buruzko finalean Altunak irabazi zion Lasori.
Eibar Altunaren «plaza» dela esan ohi da, eta ez alferrik: hiru txapelketa nagusietako azken 12 partidetatik ez du bat bera ere galdu. Amezketarrak kaiolako bederatzigarren finala du jarraian, eta finalera iristen baldin bada, bederatzigarrena luke. Orotara, finalera sartuz gero, hamabosgarren finala izango da. 2020ko Binakako Txapelketatik finalerdi guztietara heldu da.