OXIGENO MAXIMOA (VO2 MAX): ZER DA?, ZERGATIK DA GARRANTZITSUA?
Behobia-Donostia lasterketa egunean, Iñaki Arratibel kirol medikua lagun, bereziki erresistentzia kiroletan ezinbestekoa den aldagai bat ezagutuko dugu: oxigeno maximoa (VO2 max), gorputzak erabil dezakeen gehienezko oxigenoa. Iraupen eskiko kirolariek dituzte balio altuenak: minutuko 70-75 mililitro kilogramo.
Oxigeno maximoaren ezagutza ezinbestekoa da eliteko kirolean, bereziki erresistentzia kiroletan. Dena den, agian interesgarriagoa izan daiteke kasu batzuetan azpi-maximoetan norbanakoak duen ekonomia ezagutzea, hau da, intentsitate maximora heldu gabe zenbat oxigeno kontsumitzen dugun jakitea. Baina zergatik da garrantzitsua oxigeno maximoa? Zer da eta nola neurtzen da? Galdera hauek eta gehiago erantzun dizkigu Iñaki Arratibel kirol medikuak, noiz eta Behobia-Donostia lasterketak korrika egiteko grina handitu duenean.
Halako ekitaldietan suertatzen da batzuetan lasterkariren bat hiltzea. Horren inguruan honako gogoeta egin du Arratibelek: «Batzuetan pentsatzen dugu kirola egiteagatik pertsona bat osasuntsua dela, eta ez da hala. Gazteen kasuan, malformazio txiki batzuk izaten dira normalean. Helduagoen kasuan, beste arrisku faktore batzuk aztertu behar dira». Bere ustez, 31 urtetik gorako kirolariek urtero edo bi urtetik behin egin beharko lituzkete azterketak, urte batetik bestera gauzak aldatzen direlako.
Behobian 50 urtetik gorako pertsonek ere parte hartzen dute lasterketan. Medikuak esan duenez, bihotzeko arazorik badagoen begiratzeaz gain, ahalmen fisikoa aztertu behar da. «Seguru nago parte hartzen duen askok urte osoa entrenatzen ematen duela, eta alde horretatik ez genuke inolako zalantzarik eduki behar prestakuntza ona denik. Askoz gehiago kezkatzen naute moda bezala uda pasatzen denean irailean korrika ikusten ditudanek. Horiek arrisku handiagoa daukate».
Askotan, gazteagoa izan arren, gutxi prestatuta baldin bazaude, arrisku handiagoa duzu. Aldiz, asteburuero korrika ibiltzen den jendeak gutxienez badauka oinarri hori, eta, kontrolak egiten baditu, jakingo du zerbait okertuz gero. Ahaztu gabe beti, korrika aritzeak ez duela esan nahi ez dituzunik beste arrisku faktoreak baloratu behar.
Oxigenoaren kontsumo maximoa garrantzitsua da erresistentzia kiroletan. Gorputzak eta bere giharrek erabil dezaketen gehienezko oxigenoa da. «Normalean balore absolutuak ematen dira, zenbat litro minutuko, baina guretzat askoz garrantzitsuagoa da balio erlatiboa, pisuarekiko. Horrek markatzen du norberaren ahalmena. Bestalde, intentsitate ezberdinetan kontsumo bat daukagu. Gaur egun goi mailako kirolarien artean ez da hain bereizgarria oxigeno kontsumo maximoaren balioa, baizik eta intentsitate baxuetako ekonomia».
Maratoilariek, adibidez, gutxi gorabehera oxigeno kontsumo maximo antzekoa dute. Zein gailenduko da? Beherago, maximoaren %80an kontsumo gutxixeago duena eta horregatik ekonomia gehiagorekin iritsiko dena bukaerara.
OSASUNEAN ERE GAKOA DA
Oxigenoaren kontsumoak osasun aldetik ere garrantzi handia duela nabarmendu du medikuak. Bizimodu sedentarioa egiteagatik edo gaixotasunengatik jaitsi daiteke, besteak beste. Gizonen artean 45 mililitro kilogramo minutuko da ohiko balioa; emakumeetan, 30 eta 39 artean. Kirolari normalek 50-58 izan dezakete. Oso onak badira, iraupenekoak ez diren kirolak egiten dituzten gizonak 58-65era ailegatzen dira, eta emakumeak, 48-57ra. Goi mailakoak eta iraupenekoak 70-75era iristen dira. Eta iraupeneko eskikoak dira balio altuenak dituztenak. «Normaltasuna 45 bada gizonetan eta 38,50 eta 39 artean emakumeetan, 27tik edo 25etik jaisten bagara, bat-bateko heriotzaren arriskua daukagu. Horrek markatzen du zenbateraino dagoen pertsona bat fisikoki ongi. Hortaz, balore batzuk lantzea garrantzitsua da osasuna mantentzeko».
Imanol Rojo iraupeneko eskiatzailearekin lanean aritu da Arratibel. Esan duenez, gutxi gorabehera 72ko maximoa du. Txirrindularien kasuan ez da hain handia, hankak bakarrik mugitzen dituztelako. Zenbat eta gihar gehiago mugitu, balioak altuagoak dira. Horregatik, neurketak espezifikoak dira kirol mota bakoitzarentzat.
Oxigenoaren kontsumoa lantzean gauza asko sartzen dira: arnasketa, altuera, bihotza, zirkulazioa. «Muskuluan bertan mitokondriak, energiaren fabrikak, indartzea behar dugu, batez ere entrenamendu aerobikoa eginez, mitokondria kopurua eta tamaina handituz».
Jaiotzetik denok ez dugu gaitasun bera. Baina entrenagarria da eta %20 inguru hobetu daiteke. Medikuaren arabera, garrantzitsuena da ulertzea urte batzuk daudela gure garapenean hori lantzeko: 12-13 urtetatik 20 urtetara.
Oxigenoaren kontsumo maximoa zuzenean neurtzea ez da erraza, baina zeharka formula asko daude nahiko onak. Batez ere bizikletan neurtzen da. Gazteetan garapena aurreikus daiteke, segituan antzematen da nork daukan muga bat eta nork ez.