Tanner Wanish eta Mike Vaill, abiadura errekorretan errege
«Ahaztu ezazu Triple Crown-ekoa, zaharkituta geratu da. Duela egun batzuk Quad biribildu dugu 24 ordu baino gutxiagoan. Hori egiten lehenak izan gara».
Vaillek erantzun hori eman zion GARAri, Triple Crown erronkari buruz galdetu zioenean. Urriaren 20an, sokada horrek Kapitain, Half Dome eta Mount Watkins lotu zituen 17 ordu eta 55 minututan. Duela lau urte Brad Gobright eta Jim Reynoldesek eginiko kronoa 35 minutuan hobetu dute. Antza denez, estatubatuarrak ez ziren ase geratu, eta egun batzuk geroago Triple Crown-i beste horma bat gehitu zioten: Whasington Column. Eta 21 ordu eta 50 minutuko denborarekin poker horren jabe egin ziren. Protagonistok proiektu berri horri Quad deitu diote, eta lehenak dira egun bateko jardunean lortu dutenak.
Lehen xedeari dagokionez, Triple Crown-i, aurreratu behar dugu, oro har, hango eskalatzaileen komunitatea ahoa bete hortz utzi dutela, izen handiko eskalatzaileen kronoak hobetzeko gai izan baitira. Dean Potter, Timmy O’Neill, Alex Honnold, Tommy Caldwell… dira izen horietako batzuk. Wanish-en kasuan, gainera, harrigarria da lortu duena. Eta hori diogu soilik lau urte eta erdi daramatzalako eskalatzen.
Duela hiru urte lehen aldiz elkarrekin eskalatzen hasi ziren. ‘The Nose’ izan zen aukeratutako bidea. Ondoren, progresio oso azkarra izan dute, Triple Crown bezalako proiektuetan eraginkorrak izateko. Vaillek esan digu eskalatzaile batzuen aholkuak jaso ondoren, helburu horretan sartu zirela: «Lehenik eta behin, Watkins-eko hegoaldeko murruko bide klasikoa eskalatu genuen. Ondoren, Kapitaineko ‘The Nose’. Eta Half Domeko ‘Regular’ izan zen azkena. Kronoa gelditu genuenean, erabat harrituta geratu ginen: 17 ordu eta 55 minutu».
QUAD
Errekor berri horrek sokadari beste proiektu bat asmatzeko indarra eman zien. Quad izena jarri diote. Aurreko erronkari Washington Column gehitzea otu zitzaien. Jakina, pokerra 24 ordu baino gutxiagoan egiteko asmoz: «Belaunaldi ezberdinetako Yosemiteko eskalatzaileak saiatu dira egun bateko jardunean metro ahalik gehien pilatzen. Finean, guk Long, Bridwell, Potter eta enparauen lekukoa hartu eta Yosemite Valley Quadruple (Quad lagunen artean) asmatu dugu».
Arestian aipatu dugunez, muga berri hori 21 ordu eta 55 minututan gainditu dute. Washington Column hegoaldeko hormatik igo zuten. Vaillek dio proiektu berri hori oso inspiratzailea izan dela, aurreko belaunaldien ekarpenei beste bat gehitu diotelako: «Guk dakigunez, azken helburu hori egiten ez da inor saiatu. Eta hori aparta da! Oso emozionatuta gaude aukera eman digulako sasoi fisikoan eta mentalean beste urrats bat egiteko. Kontuan hartu behar da erresistentzia fisikoan oinarritutako xede bat dela. Eta horri gehitu behar diogu erronka logistikoa. Denbora koordinatu, eskalatu beharreko bideak planifikatu, energia kudeatu… Horrek guztiak prestaketa zehatza eskatzen du; baita erabateko kontzentrazioa ere».
Bide batez, protagonistok onartu dute Quad-ekin hasi zirenean arrakastarekin ahantzi egin zirela. Ondo ezagutzen zituzten eskalatutako bideak, eta Triple Crown-en izaniko eskarmentuarekin asko ikasi zuten: «Azken helburu horrek erakutsi zigun askoz ere kaloria gehiago hartu behar genuela ez zorabiatzeko; gutxienez, hamar aldiz gehiago. Eta ohartu ginen ere, Triple Crown egin eta gero, beste sei ordu genituela laugarren bidea bat eskalatzeko».
Amaitzeko, eskalatzaileok adierazi dute, Quad-en arrakasta izateko, abiaduraren eta eraginkortasunaren arteko ekuazioa izan dela gakoa: «Erresistentzian oinarritutako ultramaratoi bat da, eta gai izan behar duzu eskalada horien gogortasunari eusteko. Eskalatzailearen osasun mentala eta fisikoa lotuta daude. Jardun horretan ondo elikatuta egotea ez da batere erraza izan. Gainera, biok ala biok zenbait aldiz urdaileko arazoak izan genituen. Quad-ek erabat bete gaitu. Poker horrekin Yosemiten historia egin dugu. Erokeria hutsa da, baina guk lortu dugu. Finean, aitzindariek idatzitako pasarteei guk beste bat gehitu diegu».