Zuriñe IGLESIAS SARASOLA
KIROLA

Altunak ez du zotz magikoa atera, bete-betean aritu den Lasoren aurka

Jokin Altunak ez du Lau eta Erdiko finala jokatuko, azken bederatzi urteetan aurrenekoz. Egungo kaiolako txapeldunak galdu egin du Unai Lasoren aurka (14-22). Bizkarreta-Gerendiaingoak bi aste barru Peio Etxeberriaren aurka neurtuko ditu indarrak.

Laso partidan ongi sartuta ibili zen Eibarren.
Laso partidan ongi sartuta ibili zen Eibarren. (Aritz LOIOLA | FOKU)

Jokin Altuna lurtarra dela erakutsi zuen Unai Lasok. Lau eta Erdiko azken zortzi urteetan finaleraino sartu da amezketarra. Gaizki ohitu gaitu Aspeko pilotariak. Atzo Eibarko Astelena pilotalekuan Bizkarreta-Gerendiaingoak azpiratu zuen kaiolako egungo txapelduna. Bi aste barruko kaiolako finala bi pilotari nafarren artekoa izango da: Peio Etxeberria, atzo Erik Jaka aise menderatu ondoren, eta Unai Laso ariko dira nor baino nor gehiago. Lotuta jokatu zuen Aspekoak, aske Baikokoak. Lasok hanka sartze gutxiago egin zituen, sakean gehiago asmatu zuen, eta aparteko distirarik egin gabe, baina partidan bete-betean sartuta momentu oro, behingoz, Lau eta Erdian aurrenekoz garaitu zuen amezketarra.

«Nire partida egin dut. Frontoi ederra da Eibarkoa nire jokamolderako. Nahiz eta hasieratik irabazten hasi, ezin nuen erlaxatu. Altunaren aurka urte asko horrela izan dira. Hasieran sekulako aldea, baina gero beti hor dago. Berak baino pilotakada bat gehiago eman dut. Hari deseroso sentiarazten ahalegindu naiz, eta ez dut pazientziarik galdu. Horixe egin behar baita Jokinekin», adierazi zuen Baikoko aurrelariak, partida amaitu berritan.

«BUKATU BEHAR ZEN»

Altunak, berriz, ligaxkan etekin handia atera dion sake-errematean ez zuen asmatu -ez zuen tanto bat bera ere egin sake errematean; Lasok, aldiz, bost egin zizkion-. Kritiko mintzatu zen amezketarra bere buruarekin. «Inoiz bukatuko zela argi dago. Hala ere, irabazi izan banu, ez nukeen pentsatuko bederatzigarrena zenik. Ez naiz eroso sentitu. Pare bat tantora hurbiltzen nintzenean, bigarren eta lehen koadroetan, ezkerrez ez dut pilota eskuan ondo sartu. Horregatik dut pena. Galdu dezaket, baina pena dut aukera izan dudanean partidan ez naizelako sartu. Ez dut ezertara jokatu, ez tantoa bukatzera, ezta gogortzera ere».

ALTUNA ATZETIK

Partida hasi eta berehala Laso aurretik jarri zen markagailuan (4-0). Horietatik bi tanto Bizkarreta-Gerendaingoak sakez egin zizkion amezketarrari. Lehenengo aldiz Lau eta Erdiko txapelketa honetan, Altuna atzetik zihoan markagailuan. Bat ezinean, eta bestea eroso. Nafarra 6-12 joan zen lehen atsedenaldira, markagailua alde zuela. Lehen atsedenalditik bueltan, Altunak ez zuen partidaren norabidea aldatzerik izan. Halatan, 14-22 amaitu zen lehia.