Urtzi URRUTIKOETXEA

Bidenen legatua, Trumpen bi agintaldien erdian geratuko da beti

Joe Bidenek urtarrilean utziko du Etxe Zuria, Donald Trump berriro sar dadin. AEB berri batzuetarako oinarria jartzen ari zela esan du sarritan presidenteak, ekonomian, klima aldaketaren aurkako borrokan edo osasungintzan adibidez, baina bere legatuan geratuko den elementu nagusietako bat izango da Trumpen itzulera ez eragozteko daukan erantzukizuna.

Joe Biden, txaloak jasotzen, latindar komunitateentzat hezkuntza eta ekonomia aukerak sustatzeko Agindu Exekutibo bat sinatu ondoren.
Joe Biden, txaloak jasotzen, latindar komunitateentzat hezkuntza eta ekonomia aukerak sustatzeko Agindu Exekutibo bat sinatu ondoren. (Adam SCHULTZ | ETXE ZURIA)

Hamar astelehen barru amaituko da Joe Bidenen agintaldia. Agintea uzten duen presidente guztien gisan, etorkizunerako geratuko den legatua aspaldi izan da aztergai. Bere aurkariek argi dute: agintaldiaren hasieran Afganistango erretiraren irudi kaotikoa azpimarratu zuten, amaieran berriz, inflazio historikoa, eta milaka lagun Mexikotik legez kanpo sartzea.

Zehatzago begiratuta, baina, ez dira gutxi Bidenen Administrazioak egindako urratsak. Kongresuan gehiengo estu bat zuten demokratek, baina Bidenek Etxe Zurian baino are eskarmentu handiagoa dauka Kapitolioko korridoreetan. Hala, «New Deal berdea» deitu zuen egitasmorako garaipen garrantzitsuak lortu zituen, ekonomia suspertzeko txekeetarako finantzaketa aurrera ateratzea lortu zuen, baita azpiegiturak berritzeko ere, trenbideak, errepideak, zubiak eta internet bera. Ekonomia deskarbonizatzeko pizgarriak ere onartu zituen Kongresuak, eta osasungintzan urrats garrantzitsuak eman dituzte, intsulina eta beste botika batzuen prezioak nabarmen jaitsiz (diabetesa dutenek urtean milaka dolar ordaindu behar izan zituzten, orain hilabeteko gehienez 35 dolar da).

Ez da harritzekoa, beraz, hauteskundeen ostean egindako agerraldian Bidenek lorpen horiek nabarmendu izana: «Ez ahaztu lortu dugun guztia. Presidentetza historikoa izan da, ez ni presidente naizelako, egin dugunagatik baizik».

PORROTAREN ERANTZUKIZUNA

2017tik 2021era bitarteko Donald Trumpen agintaldiarekiko eraldatzailea izango zen presidentetza agindu zuen Bidenek. Azkenean, baina, Trumpen bi agintaldien arteko eten bezala agertu da lau urte hauetako Administrazio demokrata. Hamabi urteko berehalako eragina trumpismoak, tarteko laurak demokraten agintean izanda ere. Trump izango da AEBetako 47. presidentea, 45.a izan zen legez. Joe Biden, historia liburuetan bien artean agertuko da, 46 zenbakiaz. Hala, Bidenen presidentetzaren legatu nagusia, ziurrenik, Trumpen bi agintaldien artean egotea izango da.

Milioi bat lagun baino gehiago hil zituen pandemia baten erdian Biden Trumpi gailentzeko gai izan zen, baina era berean hau berriz Etxe Zurira itzultzearen erantzule nagusietako bat ere bada. Batetik, bistan da, osasun kognitiboan gainbehera nabarmena izan zenean, bigarren hautagaitza baterako tematzeagatik. Aurreko kanpaina agintaldi bakar baterako zetorrela eta zubi lana egingo zuela esanda ere, 2022ko agintaldi erdiko hauteskundeetako emaitza onek (abortu eskubide ezabatu eta bost hilabetera izan ziren) aurrera jarrai zezakeela sinetsarazi zioten 2023 hasieran. Gavin Newsom Kaliforniako gobernadorea eta balizko beste hautagai batzuk primarioetara aurkezteko lehen urratsetan ari ziren, baina, Biden tartean egonik, inork ez zion aurre egin nahi izan, oso berandu izan zen arte.

Bidenek izendatutako Administrazioan badago atzamar guztiak seinalatzen duten beste pertsona bat: Merrick Garland Justizia idazkaria. Kongresuaren aurkako erasoa eta 2020ko hauteskundeak iraultzen saiatzeagatik auzibidea irekitzeari uko egin zion agintaldiaren hasieran, Alderdi Errepublikanoaren zati handi batek Trumpi bizkar eman zion unean. Kongresuko ikerketaren atzetik etorri zen auzipetzea, eta ordurako berandu zen.

Bidenen legatuan zer geratuko den ez dago argi oraindik, presidenteak berak hauteskundeen ostean onartu duen legez: «Guk egindako lanaren zati bat nabari dute dagoeneko estatubatuarrek, baina zati handiena ez da nabarituko orain, datozen hamar urteetan igarriko da».

Atzerrian, Trumpek hartutako neurrietako batzuk ez ditu Bidenek ukitu (Jerusalem onartzea Israelgo hiriburu, Marokoren subiranotasuna Sahara mendebal- dean). Klima aldaketari buruzko Parisko akordiora itzularazi du herrialdea egungo presidenteak, baina ez dago zalantzarik Trumpen lehen neurrietako bat berriz ere hortik irtetea izango dela. Badirudi Ukrainarako beste laguntza garrantzitsu bat sinatuko duela agintaldi amaitu aurretik.

Presidenteen beste pribilegio bat da espetxeratutakoei barkamena ematea. Ziur, Trumpek berehala erabiliko du Kapitolioaren erasoagatik espetxeratutakoak askatzeko. Bidenek ere badu nor askatu. Leonard Peltier preso politiko indigena, esaterako, 80 urte bete berri, horietatik 49 espetxean. Obama ez zen ausartu, FBIren presioarengatik. Laster jakingo da zer nahi duen Bidenek bere legatuan: Peltier askatzea edo espetxean hiltzea.