Itsasoan lehertutako bonba atomikoek sor ditzaketen olatu motak
Gerra Hotzaren garaian bonba atomikoekin itsasoan egin ziren zenbait probek zer nolako olatuak sor daitezkeen erakutsi zuten. Leherketa batzuk ozeanoaren azpian egin ziren, eta besteak gainazalean. Olatu handienak itsaspeko leherketek sortu zituzten.
Gizakiak inoiz sortu dituen olatu artifizial handienak bonba atomikoekin sortu ditu, halako leherketa batek izan ditzakeen ondorio ikaragarriak agerian utziz. Ameriketako Estatu Batuen eta Sobietar Batasunaren arteko tentsio eta lehia zientifikoa puntu gorenean zen garaian izan ziren leherketa atomiko gehienak. Gerra Hotzeko (1947-1991) testuinguruan indar erakustaldiak ohikoak izan ziren, baina ez ziren izan itsasoan proba nuklearrak egin zituzten bakarrak, besteak beste, Frantziak eta Erresuma Batuak ere leherketa nuklearrak egin zituzten.
Hiroshiman eta Nagasakin arma nuklearren ondorio suntsitzaileak agerian utzi eta urtebetera, AEBak izan ziren urpeko proba atomikoetan murgildu ziren lehenak. “Crossroads Operazioa” burutu zuten 1946an Marshall uharteetako Bikini atoloian, eta bi proba nagusi egin zituzten: “Able” eta “Baker”.
Itsasoaren gainazalean egin ziren proben artean, ostera, Sobietar Batasunak “Tsar” bonbarekin egindakoa da nabarmenena. Kasu honetan ez dago erregistro osorik, datu asko sekretuak baitziren, baina zeharkako estimazioekin ideia orokor bat egin daiteke.
Proba hauek eragin oso kaltegarriak izan zituzten ingurumenean, batez ere itsasoko faunan, eta «entsegu nuklear partzialak» debekatzeko hitzarmena indarrean jarri zen 1963an. Geroago, 1996an, debekua erabatekoa izatera pasatu zen, baina leherketa haien irudiek munduko subkontziente kolektiboan bizirik jarraitzen dute.
URPEKO LEHERKETAK
Urpeko leherketa atomikoek sortutako olatuak talka-uhin gisa deskribatu ohi dira. Ez dira ohiko olatuak bezala haizeak eta mareek bultzatuta sortzen, eztandaren energiak ura azkar lekualdatzen duelako baizik. Olatu horien portaera, ordea, asko aldatzen da leherketa sakonera handian edo txikian egiten bada.
Urpeko leherketa atomikoek sortutako olatuen portaera fenomeno konplexua da, faktore ugarik eragiten baitute, hala nola eztandaren energiak, detonazioaren sakonerak, uraren sakonerak eta eztandarekiko distantziak. Ordea, baiezta daiteke sakonera txikiko uretako eztandak olatu handiagoak sortzen dituela.
Ur sakonetako eztandak, ostera, gas beroen burbuila bat eratzen du, azkar hedatzen dena eta norabide guztietan bidaiatzen duen talka-uhin bat sortzen duena. Ozeanoaren presioak burbuila hori kolapsatzea eta errebotea egitea eragin dezake, olatu kulunkariak sortuz. Olatu horiek ez dira azalerara intentsitate berarekin iristen, eta, ondorioz, azaleko olatu txikiagoak sortzen dira.
Urpeko lehen proba nuklearra “Crossroads Operazioa” izan zen eta horren barnean “Baker” proba izan zen ezagunena. Ozeano Bareko Bikini atoloian 23 kilotoiko bonba atomiko bat leherrarazi zuten 1946ko uztailaren 25ean. Leherketa 27 metroko sakoneran burutu zen eta beldurgarria izan zen, aro atomikoaren botere neurrigabearen testigantza gordina izan baitzen. Leherketak bi kilometroko altuerako ur zutabea sortu zuen, erradioaktiboki kutsatua. Itsasotik zerura altxatu zen ur zutabe horrek bi kilometro baino gehiagoko altuera eta 600 yardako zabalera zuen, eta atoloiaren kostaldera sei metroko olatuak iritsi ziren.
“Baker” probak sortutako gainazaleko uhinak masiboak izan ziren. Leherketatik gertu zeuden hasierako olatuek 30 metroko altuera hartu zuten, baina, aurrera egin ahala, olatu kolosal horiek energiaren zati handi bat galdu zuten, eta atoloiaren kostaldera iritsi ziren olatu handienek bost metroko altuera zuten. Bederatzi olatu nagusi sortu omen zituen leherketaren espantsioak.
ITSAS AZALEKO LEHERKETAK
Itsasoan egindako proba atomiko handiena Sobietar Batasunak burutu zuen, 50 megatoiko hidrogeno bonba bat leherraraziz. Severny uhartean 1961eko urrian lehertu zuten Tsar bonba ez zen urpeko leherketa bat izan, itsas azaletik lau kilometroko distantziara leherrarazitako aireko leherketa bat izan zen. Beraz, ez zuen uhinik sortu urpeko leherketa batek egingo zukeen moduan, “Crossroads Operaziokoak” bezala. Hala ere, Tsar bonbaren hedapen-uhinak potentzia handia izan zuen, eta eragin esanguratsuak izan zituen gainazalean, baita ura zuzenean mugitu gabe ere. Mundu osoan lurrikara artifizial bat bezala erregistratu zen dardara bat eragin zuen, eta 5,0 eta 5,25 arteko magnitudea izan zuen Richter eskalan.
Uraren desplazamenduari dagokionez, Tsar bonbaren beroak eta presio masiboak tsunami termiko bat bezala ezagutzen dena sortu zuten. Ohiko zentzuan tsunamia ez den arren, uraren beroketa azkarrak eragindako olatu handiak dira. Horrek hainbat metroko olatuak eragin zitzakeen detonazio puntutik gertu, baina zenbaterainoko olatuak altxatu ziren ez dago jakiterik, Tsar bonbak itsasoaren gainazalean izan zituen ondorioei buruzko xehetasun zehatzak sekretuan gorde baitira.
Ez dago erregistro osorik, nahiz eta ideia orokor bat egiteko adina informazio izan. Tsar bonbaren botere paregabearen zeharkako estimazio eta frogak ez dira oso zehatzak.
UHINAK VS TSUNAMIAK
Komeni da argipen bat egitea. Ez da gauza bera uhin bat eta olatu bat. Uhin energia airean edo uretan mugi daiteke. Adibidez, irrati uhinek airean bidaiatzen dute, ordea, itsas uhinek, urpean bidaiatzen dute. Olatua beste gauza bat da, itsaspean bidaiatzen duen uhinak sakonera gutxiko eremuaren kontra talka egiten duenean itsas azalean altxatzen den ur masa da.
Tsunamiak eta olatuak ere bereizi behar dira. Olatuak ur azalean altxatzen diren uhin edo ondulazioak dira. Ordea, tsunamia ez da «ondulazio» bat, itsasoan sortzen den koxka bat baizik.
Horregatik, bost zentimetroko tsunami batek kalteak eragin ditzake kostaldera iristean denean, ez baitu solik «ondulazioak» biltzen duen ur kopurua mugitzen, koskaren atzealdean datorren ur guztia ere berekin darama.
Uhin atomikoek ez dute tsunamirik sortzen zentzu tradizionalean. Tsunamiak ur bolumen handi bat eremu zabal batera lekualdatzeak eragiten ditu, normalean lurrikara sismikoen ondorioz sortzen dira. Urpeko leherketa atomikoek eremu zehatz batean mugitzen dute ura, eta proba nuklear handienek ere ez dute tsunamien antzeko fenomenorik sortzea lortu.
Tsunami batek sortutako olaturik handiena Lituyako badian erregistratu zen 1958ko uztailaren 9an. Megatsunamiak 524 metroko olatua altxatu zuen Alaskan, Gilbert Inletetik gertu. Datu bitxi moduan, egun haietan, “Hardtack I Operazio” atomikoa burutzen ari zen AEBetako armada Bikini Uharteetan, alegia, Lituyako badiatik 7.000 kilometroko distantziara.