Z. IGLESIAS SARASOLA
DONOSTIA
BEHOBIA-DONOSTIA

Korrika egiteko giro paregabea Behobia-Donostian

Milaka korrikalarik gozatu ederra hartu dute Behobia-Donostian, lasterka egiteko giro ezin hobeak lagunduta. Azkarrenak Chakib Lachgar errenteriarra (1.02:19) eta Mireia Guarner katalana (1.13:54) izan dira helmuga marran. Valentzian eta Palestinan hildakoak gogoan izan ditu Lachgarrek. 27.700 korrikalarik zeukaten dortsala, eta horietatik ia 25.000 iritsi dira.

Maitane Melero, hirugarren sailkatua, akituta helmugan, alboan dituela Guarner irabazlea eta Plano bigarrena.
Maitane Melero, hirugarren sailkatua, akituta helmugan, alboan dituela Guarner irabazlea eta Plano bigarrena. (Idoia ZABALETA | FOKU)

59. Behobia-Donostia arrakastatsua izan zen. Iganderako eguraldi txarra iragarrita zegoen arren, korrika egiteko giro ezin hobea izan zuten atzo 24.000tik gora korrikalarik -27.700 lasterkarik zeukaten dortsala-. Boulevardeko helmuga marran Chakib Lachgar eta Mireia Guarner izan ziren azkarrenak. Lehenak 1.02:19ko denboran osatu zuen ibilbidea eta, bigarrenak, 1.13:54ko denboran.

Emakumezkoetan, Guarner katalanaren atzetik, Lorea Plano aragoiarra izan zen bigarrena, hamazazpi segundora, eta Maitane Melero iruindarra hirugarrena, 36ra. Melero nafarra izan zen Euskal Herriko lehena. Gizonezkoetan, berriz, Lachgar errenteriarrak hirugarrenez irabazi zuen lasterketa. Aurretik, 2019an eta 2023an irabazi zuen. Bigarren Ruben Morales geratu zen, hamar segundora, eta Iraitz Arrospide Villabonako korrikalaria izan zen hirugarrena, hamabira. Aurreneko gipuzkoarrak Maite Arraiza eta Chakib Lachgar izan ziren.

Roller kategorian Aitor Agorreta eta Berezi Martinez de la Fuente gailendu ziren. Handbikean, berriz, Ivan Manoelek eta Leire Troitiñok irabazi zuten lasterketa. Azkenik, gurpil aulkietan. Laurent Lebeault izan zen lehena helmugako marra pasatzen.

VALENTZIAKO HONDAMENDIA

Bidasoa ertzetik abiatu aurretik, Valentziako DANAren biktimak oroitzeko ekitaldia egin zuten irteera marran. Minutu bateko isilunea egin zuten. Valentziako Autonomia Erkidegoko 813 pertsonak izena emanda zuen Behobia-Donostian parte hartzeko.

Esteban Perales valentziarra malko artean helmugaratu zen. ETBko kameretan adierazi zuen erabaki onena Behobia-Donostia korritzea zela, Valentziako bandera erakustearren: «Ez dugu izan indarrik, ez entrenatzeko, ez ezer egiteko ere. Jendeak ez du hona etorri nahi izan, han geratu da laguntzen. Nik hemendik lagunduko dut, jendeak jakin dezan laguntza behar dugula».

Emakumezkoen lasterketa multzokatuta hasi zen. Bosgarren kilometroan sei korrikalariko talde bat osatu zen: Maite Arraiza, Marta Bernardi, Ana Llorens, Maitane Melero, Lorena Plano, Mireia Guarner eta Marina Bagur.

Guarnerrek Mirakruzeko igoera baliatu zuen, erritmoa bizitu gabe, aurkariengandik ihes egiteko. Bereziki Melero iruindarrak sufritu zuen gehien zati horretan.

Katalana bakarrik heldu zen Kursaal eta Boulevard lotzen dituen zuzengunera.

PALESTINA GOGOAN

Gizonezkoetan, Lachgar errenteriarra gogotsu atera zen Behobitik, eta berehala lasterketaren burua hartu zuen Irungo kaleetan.

Lehen bost kilometroetan Arrospide sufritzen ari zen Errenteriakoari jarraitzeko. Lachgar eta bere jarraitzaileen arteko distantzia gero eta handiagoa zen kilometroek aurrera egin ahala, minutu erdira iristeraino.

Korrikalari errenteriarrak, ordea, erritmoa jaitsi zuen Pasaian, eta Morales 18 segundora hurbildu zitzaion. Arrospide zihoan taldea 23 segundora zegoen. Villabonako korrikalariak, Mirakruz gainean, atzean utzi zuen taldetxoa, azken zatian Lachgar harrapatzen saiatzeko. Amaieran ezin izan zuen.

Gizonezkoetan irabazleak Valentzian eta Palestinan hildakoei eskaini zien garaipena: «Valentziako biktima guztiei eskaintzen diet garaipena. Baita Gazan eta Palestinan daudenei».

ERREKORRA NESKETAN

Behobia-Donostia lasterketako antolakuntzako kideek ezagutarazi zuten 27.772 korrikalarik izena eman zutela lasterketan parte hartzeko. Horietatik, atzoko Behobiko irteera marran, 25.182 pertsona zeuden. Beraz, %9k kale egin zuen. Helmugara, berriz, 24.970 lasterkarik iristea lortu zuten; 212k, ordea, utzi egin behar izan zuten.

Emakumeen parte hartzea aurten ere igo egin da. Antolakuntzako kideek nabarmendu zutenez, 7.869 korrikalari atera ziren atzo. Guztira, %31,25 izan ziren andreak. Horrekin, marka berria ezarri zen.