Tolosako ‘miraria’ eta erdaraz ez zekien alkatearen emaztea
ELEN Europako hizkuntza gutxituen aldeko eragileen sareak Tolosako fenomenoa aztertu nahi izan du Bilbon egin berri duen urteko batzarrean. Kike Amonarriz soziolinguista tolosarrari egokitu zitzaion miraritik gutxi duena azaltzea, hamarkadetako elkarlanaz batera gakoak diren aktibazioa edo anbizioa bezalako faktoreak aipatuz.
ELEN Europako hizkuntza gutxituen aldeko eragileen sareak euskara eta euskal hiztunen komunitatea «larrialdi» egoeran daudela ohartarazi zuen egunean, Bilbon bildutako foro horretan bertan, euskararen biziberritzean Tolosak duen esperientzia arrakastatsua hizpide izan zuten, Kike Amonarrizen eskutik. Antza denez, Europara iritsi da «Tolosako miraria» gisa ere ezagutzen omen dena. Amonarrizek zehaztu zuen ospatzeko datuak daudela, baina ez da, hala ere, Euskal Herrian emaitza onak izan dituen kasu bakarra.
Nazioarteko ordezkariei Tolosaldeko errealitate soziolinguistikoaren datu batzuk eman zizkien, eta mapa baten aurrean kokatu zuen Tolosa, 20.000 biztanlerekin. Inguruan dauden 27 herri txikiagoak aipatuz, bi gako jarri zituen mahai gainean: batetik, Tolosa populatua eta inguruan izan duen «geruza euskalduna»; bestetik, gutxietsi ezin diren arnasgune horien garrantzia.
XIX. mendean Gipuzkoako biztanle gehienak euskaldunak ziren, eta elebakarrak horietako asko. Gutxi bakar batzuek besterik ez zekiten espainieraz. XVIII. mende hasierako gertakari bat gogoratu zuen. Alkatearen eta apaizaren arteko gatazka bat izan zen; udal agintariaren emaztea deitu zuten deklaratzera, eta eztabaidaren lekuko izan zela baieztatu zuen: «Eztabaida entzun dut, baina ez dut ezer ulertu». Gertakari horretatik bi ondorio atera zituen Amonarrizek: «Jende gehiena euskaldun elebakarra zen, baina eliteak jada erdaraz ari ziren haien artean». Hortik aurrera, galera prozesu bat, urteetan zehar ematen dena eta 1936ko gerraren aurreko urteetara heltzen dena. Euskara desagerrarazteko frankismoaren ahalegin sutsua eta egoera iraultzen hasten diren lehen urratsak, euskal pizkunde mugimendua, «Tolosako bizitza publikotik euskara ia desagertuta» zegoen une batean.
GAKO ETA IZAERA KONTUA
Gorabeherak, hutsuneak, gabeziak eta asmatzeak izan dituen prozesua marraztu zuen Amonarrizek, eta datuak jarri zituen mahai gainean: Tolosan, 1985ean egindako kale neurketaren emaitzen arabera, %29k euskaraz egiten zuen, eta %71k espainieraz. Iazko datuen arabera, aldiz, %52k euskaraz egiten du, %45ek espainieraz, eta beste hizkuntza batzuetan %2k. Momentu ezberdinak egon direla azpimarratu zuen, euskararen erabilera batzuetan bizkortu eta besteetan moteldu den prozesu batean, duela hiru urte %50eko langa gainditzera iritsi arte.
Nabarmendu zuen hamarkadetako elkarlanaren emaitza direla datu horiek, horien inguruan bildutako sinergiak, konpromisoak eta herriari lotutako hainbat faktore ere bai, izaeratik hasita. Udalerri mailan, funtsezko lau eragileren elkarlana aipatu zuen: hezkuntzarena (eskola eta euskalduntze-alfabetatzea), Udalarena, Galtzaundi euskara elkartearena -28 udalerriren koordinazioa eta 500 kide baino gehiago duen taldea- eta eragile sozialena. Euskara biziberritzeko lan horretan gorde den zeharkakotasuna azpimarratu zuen, adin, genero, pentsaera eta espektro politiko zabalaren parte hartzea zainduz. «Aktibazioa, anbizioa eta ospakizuna» aipatu zituen, baita «ekintzaletasunak» suposatu duen laguntza ere. Askotariko gakoen artean beste fenomeno bat aipatu zuen, 90eko hamarkadan euskaldundu edo alfabetatu zen belaunaldi horien aldetik ikusitakoa: «Iniziatiba propioz bakoitzak bere espazioan erabakiak hartu ditu, Udalaren eta euskara taldearen zain egon gabe».
Gogorarazi zuen oraindik erronka asko dituela tradizioa bere egiten duen baina etorkizunera proiektatzen duen komunitateak. Esan zuenez, «aktibazio soziala bilatzen jarraitu behar dugu».