IRAITZ MATEO
DONOSTIA

«Politeismo bastarta», Jule Goikoetxea Angela Davisen bizkartzaina izan zenekoa

Angela Davisekin lau egun igaro zituen Jule Goikoetxeak joan den maiatzean, eta egun haietan oinarritutako nobela bat idatzi du: kronika, saiakera eta eleberriaren arteko nahasketa bat da. Davisekin zein ingurukoekin izandako elkarrizketak, bere burutazioak eta liburu azokako hitzaldiak jaso ditu.

Jule Goikoetxea, argitaratu berri duen «Politeismo bastarta» eleberria eskuan duela.
Jule Goikoetxea, argitaratu berri duen «Politeismo bastarta» eleberria eskuan duela. (Jon URBE ! FOKU)

Jule Goikoetxeak ondutako “Politeismo bastarta. Lau egun Angela Davisekin” nobelaren hasierak ohar bat dakar: «Egitate erreal eta irrealetan oinarritua, merkatu askea eta kontratu soziala bezala». Izenburuarekin eta ohar horrekin susma daiteke zer aurkituko den ia 140 orrialdeetan, baina sakontasunez azaltzeko, gustukoa baitu Goikoetxeak pentsamenduen sakonera jauzi egitea, atzo goizean liburu aurkezpena egin zuten, lagunez inguraturik.

Susako editore Leire Lopezek egin zuen lehen argipena: «Nobela da. Baina badu kronikatik, badu saiakeratik, eta, azkeneko orrialdeetan, poesiara ere hurbiltzen da». Bertan jasotzen dira bi pentsalarien arteko elkarrizketak, Generalitateko politikariekin bildu zirenekoak, hitzaldien zatiak, hoteleko garbitzaileekin partekatutakoak, ikasleekin, jainkosak, Buladak, gidari ofizialak… «Guztiak harilkatzen joango dira, eta liburuaren amaieran ehun sendo bat sortuko da», adierazi zuen idazleak.

Maiatzaren 24tik 27ra Fira Literal liburu erradikalen azoka egin zen Bartzelonan. «Lau filosofo handi» gonbidatu zituzten, tartean izan zen Davis, baita Goikoetxea ere, Davisen «bizkartzaina». Lopezek beste izenburu posible bat proposatu zuen aurkezpenean, irri txikiarekin: «Lau egun Jule Goikoetxearen buruan, Angela Davisen bizkartzain lanetan dabilen bitartean».

BIZITZAREN DIMENTSIOAK

Editoreak berak gaineratu zuen lau egun horiek aitzakia besterik ez direla politikaz eta feminismoaz pentsatzeko.

«Helburua da kosmobisio berri bat, beste iruditegi kolektibo eta autoantolatu bat sortzea etorkizun berri bat sortzeko ahalmenarekin eta etorkizun berri hori irudikatzeko ahalmenarekin», esan zuen Goikoetxeak.

Lopezen ustez, «txorrotada handi bat balitz bezala» irakurtzen da liburua, eta bi ardatz nagusi ditu liburuak: bizitzeko gogoa eta diziplina.

Liburuan landutako zenbait ideia azaldu zituen atzokoan. Batetik, Davisen 80 urteak denborazkotasun ezberdinak lantzeko baliatu zituela: «Garrantsitsua da perspektiba historikoa ez galtzea». Ana Maria eta Mariña hoteleko langileek «bizitza zertaz egina dagoen kontatzeko» aukera eman zioten: «Bizitzaren dimentsio zientifiko eta filosofikoak uztartu ditzaket komunak eta ipurdia musu truk garbitzearekin. Horregatik dute komuneko Buladek toki berezia; txikitasunetik handira doa bizitza, komun zulotik kosmosera; handitik txikira nobela, jainkosetatik ezer ez diren horietara, makropolitikatik mikroekonomiara».

Kosmobisio zientifiko batzuek errealitate zehatz batzuk sortzen eta birsortzen dituztela adierazi zuen, eta errelatoa aldatzea garrantzitsua dela: «Errealitate guztiek ez dute pisu bera, ez dute materialitate bera».

Etorkizunaz eta honen irudikapenez mintzatu zen ondoren: «Une honetan ditugun fikzio erreal horiek guztiek etorkizunik gabe uzten gaituzte, bizitza duinaren aurkako artefaktuak direlako. Kontuz, fikzioak asko pisatzen duelako; materiala da, ez da ideia sorta bat, ilustratu moderno idealistez populatua daukagun ezkerreko askok pentsatzen duten moduan. Kontakizuna zaindu egin behar da».