Plateruenaren irekiera 2025erako iragarri du Durangoko alkateak
«Plateruena Musika Aterpea 2025eko bigarren seihilekoan berriz irekitzea da gure helburua», horixe da Durangoko Udalak atzo aditzera eman zuena. Milioi bat euro inguruko inbertsioa iragarri dute, eraberritzeak hainbat esku hartze tekniko aurreikusten baititu. Plateruena Kultur Mahaian, azaroaren 29ra arte, eragile sozial eta kulturalek ideiak eta proposamenak aurkezteko aukera dutela esan zuen Mireia Elkoroiribe alkateak.
Mireia Elkoroiribe Durangoko alkateak eta Paule Sanchez Kultura zinegotzi eta Astarloa Kulturgintzako lehendakariak, biak EAJko ordezkariak, Kafe Antzokia berritu eta Plateruena Musika Aterpe bihurtzeko proiektuari buruzko azalpenak eman zituzten atzo. «2025eko bigarren seihilekoan berriz irekitzea da gure helburua», iragarri zuten.
Plateruenak 2004ko urriaren 28an ireki zituen ateak, 900 bazkideko kooperatiba bati esker. 2021eko urtarrilaren 31n, hemezortzi urteren buruan, ateak itxi zituen arrazoi ekonomikoak tarteko.
Ordutik bide katramilatsua izan du. Aurreko Udal Gobernuak -EH Bilduk eta Herriaren Eskubidea-k osatutakoak- berriz martxan jarri zuen Plateruena, eraikinaren jabetza Udalak hartu zuenean. Zabaldu ziren prozesu herritarrak eta, kudeaketa berria prestatu zenean, 2023ko otsailean, Plateruenan bertan aurkeztu zen eredu berria. Iazko martxoaren 3an egin zen irekiera ofiziala. Baina, hauteskundeen ostean, EAJk eta PSEk osatzen duten Udal Gobernu berriak bertan behera utzi zuen kudeaketa, eta beste eredu baten bila hasi zen.
Milioi bat euro inguruko inbertsioa aipatu dute agintariek. «Plateruena musika sorkuntza, prestakuntza eta erakustaldi zentro bihurtuko duena, berrikuntza, iraunkortasun eta kohesio sozialaren balioekin bat eginez. Instalazioak eguneratzeaz gain, udalak egokitu egingo ditu, eraikinaren sarbidea eta aldakortasuna errazteko, erabilera eta formatu desberdinetarako espazio bereiziak sortuz modu eraginkorrenean».
Durangoko Udala herriko eragile sozial eta kulturalekin elkarlanean ari dela adierazi zuten, Plateruena Kultur Mahaiaren esparruan. «Azaroaren hasieran proiektua aurkeztu ondoren, beren ideiak eta proposamenak aurkezteko aukera dute azaroaren 29ra arte, erreferentziazko gune kultural bat eraikitzeko asmoz, baina baita herritarren nahiak islatuko dituen sorkuntza zentro bat eraikitzeko ere».
Plateruena Musika Aterpearen nahia «Durangoko eta inguruko garapen sozial, kultural eta ekonomikoan oinarritutako helburu estrategikoak lortzea da». Plateruena berrituak «prestakuntza eta kultur eskaintza aitzindaria» izango duela iragarri dute, ikasketa eta profesionalizazio maila desberdinetarako diseinatutako ikastaro eta masterclassen programa barne. Sorkuntza eta ekoizpen artistikoa ere sustatzeko asmoa du, «tokiko eta nazioarteko artistentzat egoitzak eskainiz, entsegu areto, lehiaketa eta sormen laborategiekin batera».
«Proiektu honek estrategikoa izateko potentziala du, ez bakarrik Durangorako, baita Bizkairako eta Euskadirako ere. Udal Gobernuak lankidetza estuan lan egin du Bizkaiko Foru Aldundiarekin hura diseinatzen, eta orain hori gauzatzeko laguntza bilatzen ari da», azaldu zuten.