A-25aren atarian, «denek ardura hartzeko unea» aldarrikatu dute
«Ez bazara konponbidea, arazoa zara» lelopean azaroaren 25eko mobilizazioak iragarri zituen Euskal Herriko Mugimendu Feministak atzo. Indarkeria matxista formaz aldatzen doala azaldu dute, eta modu guztietan aurre egiteko eta kaleak hartzeko beharra azpimarratu. Instituzioei prebentzio programetan inbertsioak egiteko galdegin zieten: formakuntzan zein baliabidetan.
Azaroaren 25aren atarian, atzo agerraldia egin zuen Euskal Herriko Mugimendu Feministak, egun horretan hiriburuetan egingo dituzten mobilizazioak iragartzeko. “Ez bazara konponbidea, arazoa zara. La vergüenza va a cambiar de bando. Brisons le silence” lelopean egingo dituzte manifestazioak. «Egunerokotasunean erabat normalizatuta ditugu erasoak, bortxaketak, beldurra erailketak…» adierazi zuten, eta ardura hartzeko unea dela aldarrikatu.
Bost mobilizazio egingo dituzte: Gasteizen, 19.00etan, San Anton plazatik abiatuta; Bilbon, 19.00etan, Jesusen Bihotzetik; Iruñean, 20.00etan, Gaztelu Plazatik; Donostian, 19:00etan, Bulebarretik; eta Baionan, 18.30ean, Herriko Etxearen aitzinean.
Leloak jasotzen duen lehen kontzeptuaren inguruan, konponbideaz alegia, eraikitzen jarraitzeko aldarria egin zuten, «aliantza feministetatik, antolakuntzatik, borrokatik». Gizonek euren pribilegioak arriskuan ikusten dituztela eta jarrera gero eta oldarkorragoak hartzen direla adierazi zuten, «jarrera erreakzionarioak borroka feministaren lorpenekiko erantzunak dira» zehaztuz. Eta, horregatik, azaroaren 25 honetan ere kaleak hartzeko deia egin zuten.
Agerraldiko lehen hitzetan, 2024an Euskal Herrian eraildako bost emakumeak gogora ekarri zituzten. Emakumeek jasandako indarkeriak ugariak direla salatu zuten, baina «erro bakarra» duela nabarmendu: «Sistema heteropatriarkal, kapitalista, kolonial eta kapazitista honek forma berriak hartzen ditu bizirauten jarraitzeko».
ERANTZUKIZUNERAKO DEIA
«Gizon gehienek konplizitatea, justifikazioa eta indarkeria matxistak desagerrarazteko eta salatzeko konpromiso falta izaten jarraitzen duzue», gizonengana zuzendu ziren, eta zera ohartarazi: «Ez bazarete konponbidea, arazoa zarete». Eta jarraian xehe zerrendatu zuten zer den «arazoa» izatea: «Eraso bat salatzean, gure hitza zalantzan jartzea; erasoren bat jasan dugunean, errua guregan jartzea; erasotzailea seinalatu, baina zuen jokaerak ez errebisatzea; indarkeriaren aurrean erantzukizunik ez hartzea».
Instituzioengana ere zuzendu ziren inbertsioak eskatuz eta prebentzio programak behar direla gogoratuz: hezkuntzan inbertsioa, esparru anitzetako profesionalentzako formakuntza, erasotuak direnentzat baliabide erreal eta efektiboak. Eta azpimarra berezi bat egin zuten: «Ez dugu polizia gehiago behar segurtasunaren izenean, ez dugu kontrolean inbertsiorik nahi».
Sare sozialei ere erreparatu zioten. Sare eta babes izan daitezkeen arren, «mezu faltsuak modu azkarrean zabaltzeko, iraintzeko, gorputzen gaineko kontrolerako» bide ere badirela adierazi zuten. Alor horretan ere autodefentsarako tresnak birpentsatzeko premiaz mintzatu ziren.