Iraitz MATEO
2024KO GIPUZKOAKO BERTSOLARI TXAPELKETA

DONOSTIAZ ISILDUAK KANTATUZ, GAZTELUMENDI ILLUNBERA

Beñat Gaztelumendik irabazi zuen atzo Oiartzunen Gipuzkoako lehen finalaurrekoa, 560,5 punturekin, eta, beraz, finalean ziurtatuta dauka aulkia. Kantukide izan zituen puntuazioaren hurrenkeran, Ane Labaka (552 puntu), Nerea Elustondo (522,5), Asier Azpiroz (475,5), Oier Etxeberria (468,5) eta Eli Pagola (449 punturekin).

Lehen finalaurrekoa Oiartzunen jokatu zen, atzo.
Lehen finalaurrekoa Oiartzunen jokatu zen, atzo. (Gorka RUBIO | FOKU)

Oiartzungo Elorsoro udal kiroldegian izan zuen Gipuzkoako Bertsolari Txapelketak atzo arratsalderako hitzordua. Lekua ezagutzen duenak badaki ez dela bereziki kiroldegi beroa, eta behe lainoak hartutako egunak ere ez zuen gehiegi lagundu; kosta zitzaion saioari berotzea, baita bertsolari eta bertsozaleei ere.

Zortziko nagusian Etxeberriari eta Gaztelumendiri 40 urte inguruko lagunak izatea egokitu zitzaien, kuadrillan bikotekiderik ez duten bakarrak; Etxeberriak bazuen kezka. Bertsoaldiaren amaierarako baikorrago zeuden; Etxeberriaren proposamena: «...bakardadea heltzen bazaigu/ hemendik eta gerora/ beti elkartu ahalko gara/ bat bestearen ondora». Eta Gaztelumendik baiezkoa: «Etorri zaitez nire ondora/ ni bizi naizen jitera/ eta besteak joan daitezela/ merendolak egitera».

Zortziko txikian ariketa berri bat zuten; launa bertso rol banarekin, eta ariketari oraindik tamaina ezin hartu sumatu zitzaien oro har, guztiz askatu gabe. Elustondo eta Gaztelumendirena izan zen ariketa honetan bertsoaldirik borobilena; magoa izan zen Elustondo eta publikotik ateratako boluntarioa, Gaztelumendi: «...nahiz ikusten zaitudan /bastante patxadan/ sar zaitez kaxa hontan/zatitu zaitzadan», esan zion magoak hasteko, eta erantzun «...metro t’erdi bakarrik/ horixe naiz aizu/ ni gehiago zatitzen /kosta behar zaizu».

Seiko motza ganbarakoan iritsi zen; honela zioen gaiak: «Bikotea zarete, une gogorra bizi izan duzue elkarrekin, baina indartuta atera zarete». Labakak eta Gaztelumendik haurra galdu duen bikotearen gorputzetik kantatu zuten. Labakak, min batzuk «ahoskatzea» zein zaila den gogoratu zuen: «... Bilduz elkarren ondora/ ilbera edo ilgora/ berriz saiatu aurretik hartu/ dezagun denbora».

GAI ZEHATZAK

Gaztelumendiren bakarkakoarekin, saioko lan puntuatuenarekin, Donostian barrena ibili ginen, kale bazterretan lotan gero eta pertsona gehiago ikusten dituen kale-garbitzailearen paperetik. Bulebarretik Plaza Berrirako bidea egin zuen lehen bertsoan: «...hainbeste jende delako/ kalean geratu dena/ ta bizitokitzat kartoi/ mehe bat hartu duena/ horixe da Donostiaz/ kontatzen ez digutena». Bigarrenean, udalak erabakita «portalak barrotez itxi eta afariak debekatu» direla gogoratu zuen. Eta azkenekoarekin borobildu du: «...lehen garbi zegoen lurra/ arraskatu eta berritu/ Europak biziko bada /gaur burgesak behar ditu/ ta hala gabiltza kaleak /garbitu eta garbitu».

«Urte sabatikoa hartu zenuen duela hilabete batzuk, buruan plan asko zenituen arren, gurasoen zaintza lanetan pasa duzu orain arteko denbora», zioen Labakaren gaiak. Bigarren bertsoa ezin dotoreago eta ezin gordinago: «...Eta ez dakit nola ezkondu/ kanpoa eta barrua/ aurrean daukat murrua/ eta barruan amorrua/ nahasta bat soilik bilakatu naiz/ sentipenen desterrua/ ez joatearren tristura eta/ tristuragatik errua». Eta amaieran borobildu zuen, «ai teorian ze erreza den, ta ze zaila den praktikan».

Azpiroz medikua izan zen bakarkako lanean; gero eta jende gehiago joaten zitzaion lotarako arazoekin kontsultara konponbide eske: «...Ta konponbide pastilla/ kaxa piloa enkargu/ ohera goiz joan baina/ loak hartzeko berandu/ presaka bizi gera ta/ lo egiten ahaztu zaigu».

Pagolak goitik behera azaldu zuen kirolari profesional baten momenturik onenean lesionatzeak dakarrena, eta kirola utzi beharra: «...izango nuke etorkizun bat/ kirolen bueltan bizitza/ nik nahi nuena esan ahala/ ta nahiko diru baldintza/ tekniko izan edo bestela/ taldeko zuzendaritza/ hori guztia izango nuke/ gizon izango banintza».