Giza enpatia desagertu egiten al da krisi uneetan?
Familier som vores” Thomas Vinterberg zinemagile danimarkarrak egin duen lehen telesaila da eta planteatzen duen egoera hau da: agintariek ohartarazi dute itsas mailaren igoerari ezin zaiola aurre egin; herrialdea laster urpean geratuko da, eta, beraz, erabateko ebakuazioa egitea premiazkoa da. Gobernuak sei milioi herritar inguru Europako hainbat eremutan birkokatu beharko ditu.
Premisa hori irakurri ostean, hondamendien film askotan eskaintzen den ikuspegia eta tonua topatuko duzula pentsa dezakezu, baina oker zabiltza: katastrofe fisikoa, uholdeak, akzioa edota epikotasun tonua hasieratik alboratzen dira.
Alderdi emozionalean zentratzen den gidoia du oinarri telesail honek, drama pertsonalean, eta pertsonaien gatazkak erdigunean jartzen ditu. Ez da hondamendi klimatiko bati buruzko telesaila, pertsonek aldaketa basati baten aurrean nola jokatzen duten erakustea helburu duen istorioa baizik.
“Herrialde bat desagertzen den bitartean, maitasunak bizirik dirau” izan liteke kontakizunaren mezu nagusia.
Gatazka horren erdian, izenburuak iradokitzen duen bezala, klase ertain-altuko familia bateko kideak izango dira narrazioko protagonista nagusiak. Horien rolak jokatzen, aurretik hainbat film eta telesailetan ikusitako lehen mailako aktore zerrenda topatuko duzue. Pertsonaia ugari ageri dira, nahiko proposamen korala da, baina Laura (Amaryllis August) da narrazioaren ardatza, bera izango da telesailaren bihotza; herrialdea utzi eta senideengandik banantzearen dilemari aurre egin beharko dion ikasle gaztea da.
Giza enpatia desagertu egiten al da krisi uneetan? Zer da bizitzan garrantzitsuena? Zazpi kapituluak ikusten dituzun bitartean, galdera horiek izango dituzu dantzan garunean etengabe.