Migratzaileen kriminalizazioa salatuko dute Irunetik Hendaiara
Emile Zolaren «J’accuse» leloa bereganatu dute hamarnaka eragilek. Migratzaileen eta haien alde jarduten duten herritarren kriminalizazioa salatzeko mobilizaziora deitu dute. 2025eko urtarrilaren 26an Irun eta Hendaia arteko ibilbidea egingo dute, zubiak askatzea eskatzeko.
Emile Zolaren “J’accuse” aldarria bereganatu duten hamarnaka eragilek atzo, Irunen bildurik, migratzaileen eta haien alde jarduten duten herritarren kriminalizazioa salatzeko mobilizaziora deitu zuten. 2025eko urtarrilaren 26an Irun eta Hendaia arteko ibilbidea egingo dute, zubiak askatzea galdetzeko.
Izan ere, atzo Ficobako erakustazokan eginiko agerraldiaren bidez, ekimen berria martxan ezarri zuten: «milaka sinadura» lortzeko helburu duen autoinkulpazio kanpaina, Baionan urtarrilaren 28an auzipetzekotan diren zazpi herritarren sostenguz.
Adierazpen baten bidez oroitarazi zutenez, badira zortzi hilabete Ficoban bertan azaldu zen 30 bat eragilez osaturiko gizarte ordezkaritza zabala, Korrikak Santiago zubia zeharkatu zuen egunean eginiko ekintza bere gain hartzeko prest.
Hain zuzen, 2024ko martxoaren 26an, euskararen aldeko lasterketaren harira, trantsituan ziren 36 pertsona migrante Lapurdira igaro zitezen desobedientzia zibileko ekimena burutu zuten zenbait eragilek. Agerraldi horretan azaldu ziren lagunek bere egin zuten, handik zortzi hilabetera, zazpi euskal herritarren auzipetzea eragin zuen ekimena.
Migratzaileen ondoan lan egiten duten elkarteetako kideak, sindikatu eta alderdi politikoetako ordezkariak, norbanakoak... orduan bezala, «Euskal Herria beti izan dela harrera, immigrazio eta migrazio lurralde bat», defendatzen duten herritarrek hitza hartu zuten atzo Ficoban.
Egoerak okerrera egiten jarraitzen duela eta Estatu frantsesak mugetako kontrolak beste sei hilabetez iraunaraziko dituela iragarri duela nabarmendu zuten.
Hori gutxi balitz, zazpi herritarrek heldu den urtarrilean epailearen aitzinera agertu beharko dutela gaitzetsi zuten. «Ez dugu epaiketa onartzen, epaitu beharrekoa ez delako elkartasuna», adierazi zuten. Era berean, Bidasoa ibaian izan edo Donibane-Ziburuko burdinbidean izan, 9 migranteen bizitzak hustu dituzten «immigrazio politika anker eta hiltzaileak» sustatzen dituzten agintariak erruduntzat jo zituzten.