Eli PAGOLA
GABIRIA
Elkarrizketa
GABINO MURUA
Irakasle ohia eta baserritarra

«Euli honek ez liguke arazorik sortuko, tratatzeko aukera izango bagenu»

Intxaurrondoak ez ditu bere garairik ederrenak bizi Kantauri aldean. Alea belztuta dagoela, fruitua hala moduzkoa dela… atarramentu onik atera ezinik dabil hainbat ekoizle. Kaliforniatik datorren euli bat omen da gaitzaren arduraduna. Gabino Murua irakasle ohi eta baserritarrarekin bildu gara, intxaurrondoen etsai bihurtu den euli honen gainean hitz egiteko.

(Jon URBE | FOKU)

Kausak ikertu lehenik eta konponbideak probatu ondoren. Hala ari dira hainbat ekoizle, lankidetzan ikertzen azken urteetan intxaurrondoen etsai bihurtu den eulia. Haietako batekin mintzatu da NAIZ Irratia, gaiaz gehiago jakin nahian.

Gaiaren gaineko kezka duen taldetxo bat elkartu zarete.

Iaz kezkatzen hasi ginen, jada bigarren urtea baitzen intxaur alea belzten zitzaiguna. Bi lagun hasieran; orain, gehiago. Badira bi gaitz intxaurrondoari betidanik eraso izan diotenak Gipuzkoan eta Bizkaian bereziki: antracnosis eta bacteriosis. Baina hori lehendik ere bazegoen eta, hala ere, urtero biltzen genituen intxaur ale sano askoak.

Zer gertatzen zaio, horrenbestez, intxaurrondoari?

Onddoek eta bakterioek eragindako gaitzak betidanik izan ditugu, batez ere, udaberrian, baldintza jakin batzuk ematen direlako: tenperatura 19-20 gradu eta hezetasuna %80 ingurukoa. Hori hemen udaberrian gertatzen da. Badira zenbait barietate geroago loratzen direnak eta gaitz horiek gutxiago eragiten dietenak. Hala ere, konturatuta geunden, gaitzaz gain, hemen bazegoela beste zerbait. Euli bat da eta benetan arazo larria eragiten ari da, oso zaila baita kontra egitea.

Askok diote lurrak, lurzoruak behar ote duen gaitza…

Zoruak ez du gaitzik. Euli bat da dena.

Zer euli da hori?

Rhagoletis completa. Ziklo bakarra du, belaunaldi bakarra. Ez da, adibidez, sagarrondoei eragiten dien carpocapsa tximeletaren kasu bera. Horrek hiru belaunaldi ditu. Honek, metamorfosi fase osoa pasatu ondorenean, heldu egin denean, arrautzak jartzen ditu, horietatik harrak sortzen dira, harrak elikatzen dira intxaur alearen azalaz eta, ondoren, lurrera erortzen dira, lurrean barneratzen dira bi-hiru zentimetro eta hurrengo uda arte lurpean egoten dira. Alegia, har horietatik ez dira berriz euliak sortzen urte berean, carpocapsarekin bezala.

Zein da arazoa?

Hasten dela jaiotzen eta aleari erasotzen uztail hasieran eta urriaren erdialdera arte euliak sortzen jarraitzen dutela. Ia hiru hilabetez jaiotzen da.

Beste inon agertu al da euli hori?

Euli hau Kaliforniatik datorkigu, intxaur sail handienak hor daude. 80ko hamarkadan etorri zen Europara, Katalunia aldean pixka bat zabaldu zen, Galizian ere bai, eta badira hiruzpalau urte Gipuzkoan dabilela. Tenperatura faktore garrantzitsua da. Nik dakidala, Nafarroa Erriberara ez da oraindik iritsi, baina iritsiko da. Klima heze eta epel samarrak maite ditu.

Hemen, batez ere Bizkaia eta Gipuzkoan dugun arazoetako bat da ez dagoela intxaurdirik. Intxaurrondoak banaka jarri izan dira baserrietan, hiruzpalau, lauzpabost, sakabanatuta. Horrek asko zailtzen du tratatzea. Beste arazo bat da oso zabalduta dagoen sinesmen okerra dela intxaurrondoak ez direla kimatu behar eta, ondorioz, arbolak oso handiak egiten uzten dira, 10, 15, 20 metro, nolanahi. Orain arte ez zegoen arazorik, baina orain euli honen kontra tratatu nahi ditugunean, ez dago aukerarik arbola handiegiak eta zaindu gabeak ditugulako.

Eulia sortu ez dadin zer egin daiteke?

Ekologikoan dabiltzanak eta intsektizidarik erabili nahi ez dutenak tranpa masiboak egiten eta feromonak erabiltzen ari dira. Ikusi dugu tranpa kromatikoak oso baliagarriak direla, euli hau kolore horiak erakartzen duela.

Kezka zenutenon artean elkartu eta udaberrian hainbat metodo aplikatu zenituzten: intsektizidak, zintak, tranpak… Orain ebaluatu dituzue emaitzak. Zer ikusi duzue?

Produktu askorekin egin dugu proba. Ikusi dugu tranpa sistemaz gain, amu sistema erabilgarria izan daitekeela, ikusi baitugu beti hegoaldetik erasotzen dituela arbolak. Kontua da noiz tratatu, ezin baita nahi bestetan erabili eta ondo neurtu behar baita erasoa. Hala ere, euli honek ez liguke arazo handiegirik sortuko, tratatzeko aukera izango bagenu. Euli honen familiakoa da Nafarroatik behera zabalduta dagoen frutaren eulia. Fruta barietate guztiei erasotzen die. Kontua da tratamenduak egiten direla kontra eta badakitela intsektizida jakin batzuk erabiliz aurre egin dakiokeela.

Baten batek esango du ea orain dena tratatu behar den.

Alde batetik dago zer egin orain arte zaindu ez ditugun intxaurrondoekin. Hori aztertu behar da eta horretan ari gara. Baina, gero, beste alderdi garrantzitsu bat da aurrerantzean landatuko ditugun intxaurrondoekin nola jokatu behar dugun.