Ibai AZPARREN
2025 BINAKAKO TXAPELKETA

Aranguren-Altuna, Binakako Txapelketako nobedade nagusia

Zortzi bikote arituko dira lehian ostiral honetan hasiko den Binakako Esku Pilota Txapelketan; horien artean, Aitor Aranguren eta Jokin Altuna bikoa. Urteko txapelketarik luzeenaren finala Nafarroa Arenan izango da, 2025eko martxoaren 30ean.

Binakako txapelketaren aurkezpena, Nafarroa Arenako frontoian.
Binakako txapelketaren aurkezpena, Nafarroa Arenako frontoian. (Iñigo URIZ | FOKU)

Igandean Unai Lasok Lau eta Erdiko bere lehen txapela jantzi ondoren, atzo aurkeztu zuten Binakako Txapelketa Nafarroa Arenan. Bertan jokatuko da finala, 2025eko martxoaren 30ean. Zortzi bikote arituko dira, eta aurtengo nobedade nagusia Martxel Iztueta izango da; baita Aitor Arangurenen lekualdatzea ere. Baiko enpresako pilotariak Altuna III.aren atzelari gisa jokatuko du Xabier Tolosaren ordez, azken honek ezin baitu jokatu lesio baten ondorioz.

Ostiral honetan bertan hasiko da txapelketa, Ezkurdia-Rezusta eta Elordi-Zabaleta bikoek Beasainen jokatuko duten partidarekin. Gainera, Altuna III.a-Aranguren eta Peio Etxeberria-Martija bikoteek Eibarren jokatuko dute larunbatean, eta Larrazabal (Artolaren ordezkoa izango dena lehen jardunaldian)-Mariezkurrena II.a eta Laso-Iztueta bikoek, Lizarran. Igandean, Jaka-Imaz eta Peña II.a-Albisuren txanda izango da, Basaurin.

«Gaur izango da Binakako Txapelketa Nafarroan aurkeztuko dugun bigarren aldia; aurrekoa Iruñeko Baluarten izan zen», adierazi zuten antolatzaileek. Horrela, Baiko eta Aspe enpresetako bikote guztiak Nafarroa Arenako frontoian izan ziren taldeko argazkirako.

Gauzak horrela, zortzi biko Peio Etxeberria eta Jose Javier Zabaleta egungo irabazleen txapelak eskuratzeko asmoz lehiatuko dira lau hilabetez. Aranguren-Altuna III.a bikoteaz gain, Ezkurdia-Rezusta, Peio Etxeberria-Martija eta Elordi-Zabaleta bikoteek ordezkatuko dute Aspe. Baiko enpresaren partetik, berriz, Laso-Iztueta, Artola-Mariezkurrena II.a, Jaka-Imaz eta Peña-Albisu arituko dira.

Aurpegi berriak aipatutakoak badira ere, bikote orekatuenak eta, horrenbestez, pronostikoetan nabarmentzen ari direnak, Aitor Elordik eta Joxe Jabier Zabaletak osatutakoa, eta Etxeberria eta Martija biltzen dituena izan daitezke. Iñaki Artola eta Jon Mariezkurrenaren artekoak ere zeresana emango du.

FINALAREN AURRETIK

Txapelketa ligaxka formatuan jokatuko dute bikoteek, eta 14 jardunaldi izango ditu guztira. Hala, bikote bakoitzak bitan jokatuko du gainerako bikote guztien aurka.

Lehenengo bi sailkatuek zuzenean lortuko dute final-aurrekoetarako sailkatzea, eta final-laurdenetan hirugarren, laugarren, bosgarren eta seigarren postuetan bukatzen dutenek, ordea, play-offa jokatuko dute, finalerdietarako beste bi txartelak erabakitzeko. Play-offak otsailaren 20an (3. eta 4. postuak), 21ean (5. eta 6. postuak) eta 23an (20ko galtzailea 21eko irabazlearen aurka) izango dira; finalerdiak, martxoaren 8an eta 15ean, Labrit pilotalekuan, eta martxoaren 1, 2, 9 eta 16an, Bilbon, Gasteizen, Eibarren eta Donostian.

Finala, aipatu bezala, Nafarroa Arenan jokatuko da, martxoaren 30ean. Ildo horretan, Jorge Aguirre Nafarroako Kirolaren Institutuko zuzendari gerenteak adierazi zuen nafar Gobernuak espero duela «zaleek gozatzea Bartzelonan, EAEn eta Nafarroako hainbat tokitan egingo den lehiaketa bikain honetan».

Izan ere, abenduaren 15eko partida Euskal Herritik kanpo jokatuko da, eta Bartzelona aukeratu dute antolatzaileek Altuna III.a-Aranguren / Ezkurdia-Rezusta lehia hartzeko.



2025 BINAKAKO txapelketako BIKOTEAK

Altuna III.a-Aranguren Altunak bikotekide ororekin distira egin du. Arangurenek, aldiz, lan txarrak ditu, gaizki jokatzean soilik oroituko direlako berarekin. Merezita dela titularra berretsiko luke berea emanda. I. URIZ FOKU

Laso-Iztueta Lau eta Erdikoa irabazita, jokoz eta konfiantzaz gainezka dago Laso. Iztuetak, Altuna lagun zuela, Mastersean maila eta patxada badituela erakutsi zuen; akaso Binakakoa luzetxo ez ote zaion egingo...

Ezkurdia-Rezusta Biek irabazi dute Binakakoa, nahiz eta elkarrekin sekula ez duten jokatu. Ez dabiltza onenean, baina indarra sobera dute, bai txapelketan urruti iristeko, bai faboritoren baten borrero izateko.

Artola-Mariezkurrena II.a Alegikoa eta Berriozarkoa beti osasuntsu baleude, txapela janzteko faborito lirateke. Baina ahaltsuak bezain hauskorrak dira, tamalez. Ea Larrazabal ordezkoak ere nola erantzuten duen!

P. Etxeberria-Martija Altuna eta Zabaletaren itzalean Binakakoa irabaztea zer den badakite, baina beren kabuz txapelketan urrutira iristeko baliabideak badituzte. Beren aukeretan sinetsi beharko dute lau hilabeteotan.

Jaka-Imaz Ez dute pilotakadarik bortitzena joko, baina Jaka aurrean nornahi erotzeko gauza da eta Imazek partida gogorretan zaildua dela erakusten du. Ez ditzala inork gutxietsi, disgusturen bat izan nahi ez badu!

Elordi-Zabaleta 2023an txapeldun izan ziren Mallabikoa eta etxarrendarra. Zabaletak binaka aurrelarien diktadura eraistea lortu du. Bada, martxoaren 30eko finalera iritsiko balira, inor ez litzateke harrituko.

Peña-Albisu 2021ean Elezkano II.ak eta Zabaletak bakarrik menperatu zituzten. Jon Ander biek begiak itxita joka dezakete elkarrekin eta horrek beren potentziala biderkatu beharko luke, ataka estuetan, batik bat.