Cofides, Lakua eta enpresaren ardurak seinalatu ditu Balenciagako plantillak
Balenciagako langileek salatu dutenez, Lakuako Gobernuak bideragarritasun plana inpugnatu zuen eta Cofides funtsak trabak «apropos» jarri zizkion, onar ez zedin. Horrek eta zuzendaritzaren kudeaketa kaskarrak ontziola egungo egoerara eraman dutela adierazi dute. Mobilizazioen bidez erantzungo dute.
Balenciagako langileak ez daude prest hartzekodunen konkurtsoaren aurrean etsitzeko, ezta, beraien esanetan, enpresako zuzendaritzak, Lakuako Gobernuak eta Ekonomia Ministerio espainolak eragin duten egoeraren kalteak onartzeko ere. Ostiralean Zumaian egingo duten manifestazio batekin mobilizazio aldi bat hasiko dute eta, era berean, instituzioekin bilerak egingo dituzte aste honetan, ontziolak etorkizuna izan dezan inplikatu daitezen.
Lana badagoela ziurtatu zuten, finantzaketa behar da.
Hartzekodunen konkurtsoa egingo dela iragartzearekin alarma piztu da Balenciagaren etorkizunaren inguruan. Baina hilabeteak dira langileak egoera txarrean daudela. Gutxienez bost ordainsari falta dituzte jasotzeko; behargin batzuek, gehiago. «Orain arte isilik egon gara, baina nazkatu gara», esan zuen LABeko ordezkariak atzo, CCOO eta UGTko ordezkariekin Zumaiako ontziolaren bizkarrean eman zuen prentsaurrekoan.
Sindikatuetako delegatuak eta langileak asanbladan elkartu ziren, gero prentsari hartuko dituzten neurrien berri emateko, ez baitaude prest ontziola zaharraren itxiera onartzeko. Haien begietara, hiru dira Balenciaga desagertze atarira eraman duten arduradunak: enpresako zuzendaritza, Lakua eta Ekonomia Ministerioa. «Errusiar erruletara jokatzen ari dira gure etorkizunarekin», ohartarazi zuten.
Esplikatu zutenez, Ekonomia Ministerio espainolak kudeatzen duen Cofides funts publiko-pribatua «apropos» aritu da joan den urrian onartutako bideragarritasun plana oztopatzen, «Balenciararen soberakinetatik diru ahalik gehien hartzeko», sindikalistek salatu zutenez. «Lotsagarria da Madril itxiera estrategiarekin konprometituta egotea», adierazi zuten.
Haserre daude, halaber, Lakuako Gobernuarekin, ez baitute haren jarrera ulertzen. Orain babesa adierazi dio enpresari, baina bere garaian bideragarritasun plana inpugnatu zuela nabarmendu zuten. Orain, beraz, «benetako inplikazioa» eskatu zioten Imanol Pradalesek zuzentzen duen exekutiboari.
Horrek, eta enpresako zuzendaritzaren kudeaketa txarrak -negoziazioetan ez ditu langileak kontuan hartu, esan zutenez-, eraman du enpresa halako egoera kaskarrera, eta ez lan-karga faltak, beharginen aburuz. Izan ere, CCOOeko ordezkariak azaldu zuenez, uztailean bi barku egiteko hitzarmena sinatu baitzuen enpresak. Aterabidea, beraz, finantzaketan dago. Eta instituzioen borondatea behar dute horretarako.
BILERAK ETA MOBILIZAZIOAK
Bi bide ibiliko dituzte Balenciagaren eta bertan diharduten 71 beharginen etorkizuna bermatzeko: instituzioekin harremanak eta mobilizazioak.
Lehenengo bidea urratzen hasi dira. Astelehenean Zumaiako Udalarekin bildu ziren, eta haren babes osoa jaso dutela ziurtatu zuten. Horrez gain, eguna zehazteke duten arren, Gipuzkoako Foru Aldundiko nahiz Lakuako ordezkariekin elkartuko dira asteon, eta ostiral goizean Gobernu espainolak Gasteizen duen ordezkaritzan daukate hitzordua. 10.00etan izango da bilera hori eta, bitartean, langileek elkarretaratzea egingo dute delegaritzaren aurrean.
Bi manifestazio indartsu antolatu dituzte. Lehena ostiral honetan izango da, hilaren 29an, “Balenciaga ez itxi!” lelopean. 18.00etan abiatuko dira ontziolatik, eta Zumaiako eta Urola Kosta osoko herritarrei babesa adierazteko eskatuko diete. Abenduaren 4an, berriz, Gasteizera eramango dituzte beraien aldarrikapenak, beste manifestazio batez.