Agirre eta Iztuetaren oinordeko bila dator B Serieko Binakakoa
Bihar Beasainen hasi eta finala martxoaren 22an izango da Labriten. Hasteko, Alberdi II.ak Agirre ordezkatuko du, eta Bakaikoak, Larrazabal.
Bilbon aurkeztu zituzten atzo 2025eko Binakako Serie B Txapelketa irabazten saiatuko diren zortzi bikoteak. Baiko Pilotak Agirre-Ugartemendia, Larrazabal-Salaverri II, Senar-Eskiroz eta Zubizarreta III-Morgaetxebarria bikotek hautatu ditu. Aspek, berriz, Egiguren V-Bikuña, Salaberria-Gaskue, Zabala-Eskuza, eta Dario-Gabirondo.
Agirrek eta Iztuetak irabazi zuten iazko ekitaldia, finalean Larrazabal eta Eskiroz sei tantoan lagata. Iazko finalistekin alderatuta, aurten Iztueta Unai Lasorekin Binakako Txapelketa nagusia jokatzera doa, eta Larrazabalek Artola ordezkatuko du, aurreneko jardunaldietan bederen.
Lehiaketa bihar bertan hasiko da Beasainen. Zubizarreta III.a-Morgaetxebarriak eta Senar-Eskirozek, hain zuzen. Larunbatean, berriz, Alberdi II.ak -Agirreren ordez- eta Ugartemendiak, Bakaikoa -Larrazabalen lekuan- eta Salaverri II.aren aurka jokatuko dute Lizarran. Larunbatean ere, Eibarren, Egiguren V.a-Bikuña eta Salaberria-Gaskue izango dira aurrez aurre. Eta igandean, Basaurin, Dario-Gabirondok eta Zabala-Eskuzak itxiko dute txapelketako aurreneko jardunaldia.
Martxoaren 22a bitartean luzatuko da B Serieko Binakako lehia. Aurreneko fasean 14 partida jokatuko dira; bikote bakoitzak beste zazpi bikoteen kontra bina partida, alegia. Bi onenak zuzenean sailkatuko dira finalerdietako ligaxkara; bestetik, hirugarren eta seigarren postuen artean sailkatuek play-offak jokatu beharko dituzte. Finalerdietako ligaxkak ere hiru jardunaldi izango ditu. Finala Labriten jokatuko da.