Amaia EREÑAGA
GERNIKA
60 URTEREN BURUAN, KONTZERTUEN «KUPOA» BETE ZAIO

Benito Lertxundi: «Nire bizitzako lanbidea izan da. Asko jaso dut»

Egun handietako «usaina» sumatzen zen atzo Gernikako Jai Alai pilotalekuan. 60 urteko ibilbidearen ostean, Benito Lertxundik oholtzari agur esan diola iragarri zuen bertan. Eta beste mito batek, Jose Angel Iribarrek, horrela laburtu zuen unea: «Kirolaren munduan, joaten zarenean, beste batzuk datoz; baina kantuak hori du, zu bizitza guztirako gelditu zarela».

Benito Lertxundi eta Jose Angel Iribar, atzoko ekitaldian. Hitz politak eskaini zizkion kirolariak lagunari.
Benito Lertxundi eta Jose Angel Iribar, atzoko ekitaldian. Hitz politak eskaini zizkion kirolariak lagunari. (Aritz LOIOLA | FOKU)

Sei hamarkada eman ditu Benito Lertxundik (Orio, 1942) oholtzaren gainean eta erabaki du iritsi zaiola agur esateko tenorea. Atzo goizean iragarri zuen, Gernikako Jai Alai pilotalekuan prestaturiko agerraldi jendetsuan, pandemiaren garaitik hor, bueltaka, hartzeke zuen erabakia: «Oholtzaren gainean egoteko behar duzun hori galdu nuen duela lau urte -aipatu zuen-. Sentitzen nuen nire burua eszenatokitik urruntzen. Zergatik noan? Ez dudalako jada bizitza publiko bat eramateko eta kontzertuak egiteko behar duzun hori sentitzen, ez dakit nola esan, oholtza behar duzula zure bizitzan».

Ate ireki bat utzi zion, dena den, musika sortzen jarraitzeari, «modu natural batean» hartuko baitu. «Beti ari naiz zerbait egiten, hau edo hura. Hemendik bi minutura ez dakit zer gertatuko den, eta ez diot kasurik egiten. Nik ez dakit zer egingo dudan bihar eta zer egingo dudan etzi. Zuzenekorik, ez dut uste, kupo hori betea dago», argitu zuen.

Hedabide ugari eta lagun dezente izan zituen ondoan Benito Lertxundik Jai Alaiko kantxan; horien artean, Jose Angel Iribar. Duela urtebete, azaroaren 11n, pilotalekuan bertan Haziberri elkartean antolatu zuen kontzertu gogoangarri eta historikoa jasotzen duen “Gernika. Kontzertuak” diskoa aurkeztera gerturatu zen eta, bide batez, zuzeneko gehiagorik ez duela egingo iragartzeko baliatu zuen zita.

Gernikan, 2.000 lagunen aurrean, pilotalekua lepo eta giro ezin beroagoan egin zen kontzertu historiko hura. Hasi baino 15 minutu lehenago erabaki zen soinua grabatuko zutela. Bertan zeudenek memorian iltzatuta duten arren, Benito Lertxundik beste sentipen batzuk izan zituen hitzordu hartan: «Areto hau dena hunkiduraz betea zen egun horretan, baina nire arima ez zen eroso. Giro hari zihoakion mailan ez nintzen inoiz sentitu. Eta orain dakarkigu diskoa hona, begira nola diren gauzak!».

Kosta egin zitzaion Olatz Zugasti musikari eta bikotekideari grabaketa hura kantariari entzunaraztea. Hunkidura ezkutatu ezinda ibili zen atzo Lertxundi, «gauza askoren batura izan den» disko hau aurkeztean. Azken finean, bizi-zirkulu baten itxiera balitz bezala har daiteke: ibilbidea frontoietan jotzen hasi zuen duela 60 urte, herri ekimenetan, eta oholtza izan da, denbora horretan guztian, bere gune natural eta maitatuena... Bizitzak ezuste hauek dituelako, grabatuta utziko duen azken diskoa zuzeneko bat izango da, bere diskografiako bigarren zuzenekoa. Orain bi hamarkada grabatu zuen lehena, eta sei urte pasatu dira bere estudioko azkenengotik.

ESKER ONEZ

Kosmosean hainbat osagai lerrokatu direla dirudi: «Nik ez nuen disko bat egiteko asmorik. Ni ez naiz disko horren bila joan, bera etorri da», aitortu zuen gutariko askoren soinu bandaren egileetako handiak. 20 kantu eta hainbat doinu, horien artean orain arte argitaratu gabeko bat, jasotzen dituzte CD bikoitz, audioliburu eta LP hirukoitzak. Azokan egongo dira salgai.

Orioko musikariak esker ona agertu zen urte luze hauetan jasotako babes guztiagatik: «Uste dut jaso dudala afektu asko. Oso saritua sentitzen naiz, zorte onekoa. Asko jaso dut». Eta esker onekoa bere ofizioarekin ere: «Nire bizitzako lanbidea izan da, lanbide pribilegiatua, esango nuke. Ongi tratatu nau lanbideak. Oro har, esango nuke emaitza oso positiboa dela, eta oso gustura nago».

«Esker ona baino ez dut inguruan izan ditudan guztientzat», gehitu zuen Orioko bardoak. «Horiek gabe ezinezkoa izango zen egin dudan guztia. Badakigu guzti honetatik gelditzen dena kantuak direla, eta beharbada kantuaren magia horrek eragiten ditu haren ibilera horiek, suge bat bezala ibiltzen direlako jende artean, baina oroitzapenak eta gertakizunak ere badaude, eta horrekin guztiarekin esker onekoa izatea besterik ez zait geratzen», aipatu zuen.

Eta 60 urteren buruan, kultura eta euskara zein egoeratan dauden galdetu genion. «Azken urteotan oso nahastuak gabiltza, kontzeptuekin eta abarrekin», erantzun zuen. “Kultura” hitzarekin, esaterako, kultura dena baita, bere ustetan: «Konturatuko al ginen jaio ginenetik ez dugula besterik egiten? -aipatu zuen- Eta ez dugu dena ondo egiten. Ikusten ditut misilak botatzen dituztela, ikusten dut inperialismoa dagoela betidanik pil-pilean munduan herriak menperatzen, ikusten dut arrazakeria, ikusten dut matxismoa, ikusten dut gauza asko oso itsusiak direnak... eta hori dena ere kultura da».

Horra, bere gomendioa: «Nik uste egin beharko genukeela maila bat igo, zeren kultura da ere gorrotoa, ego-a kultibatzea... gauza asko. Hazi nahi bada, gauza asko daude aztertu beharrekoak, balio ez duena baztertzen ikasi, desikasi eta beste gauza batzuetan jarri atentzioa. Baina, hori dena ez da egiten aginduz, ez da egiten borrokatuz, baizik eta konturatuz ez duela funtzionatzen; beraz, beste bide bat hartu behar da».

Euskararen etorkizunak norantz jo beharko luke, beraz? «Euskal munduak eta Euskal Herriak behar du hazi. Zerekin haziko da? Hazteko ez dago mugimendu hobeagorik aske izatea baino. Eta aske izatea da nork bere burua aginduetatik, arauetatik, doktrinetatik libre ikustea. Euskal adimena agintean ez den bitartean, beti egongo da besteen menpean. Euskal kulturarentzat gauzak erdipurdi joango dira beti, ez baldin bada esaten: ‘ez, nire adimena, ni naizen hori, izan dadila agintari, ez besteen aginpean egon’».