Batzuetan teilatutik hasi behar!
Hau astea, gero! Nire ama zenak zioenez, galopan batetik bestera, esku arteko zamak arintzeko zailtasunez, eta hori gutxi izan ez, eta burua bera zama berriz beteta. Ama, ama! Total, halakoetan ohikoa daukadanez, prentsari oso begirada arina eman izan diot, gauez eman ere, belarriak Eguraldia entzunez tente. Eta astearen azkenera helduta, ez dakit behar bezala uztartu dudan asteko informazioa.
Hasteko, astea galdera batetik abiatu nuen: gu nazioa gara, zu zergatik ez? Oraindik burua fresko neukan, asteburua lagun. Baina, ama! Gerokoan etorriko zen nahasketa! Ulertu dudanez, Ajuria Eneako maizterrak musikari ezagunari luzatu dio gonbidapena Enean bertan gobernu kideentzat kontzertu bat eskain dezan, sarri, sarri, sarri hori abiapuntu, eta aurrera bola! Hori bai, itxuraz, bada exijentzia bat gonbitean: baflerik ez!
Frontoian abiatu nuen astea, eta frontoian amaitu edo. Pilotaren kostera! Eta kolpea, gero! Pilota batena esan gura dut. Artxibatu egin ei dute pilotakadaz begia galdu zuen gaztearen kasua. Hortaz, ikusi nahi ez duena da itsuen artean itsuena. Zenbat itsukeriaz ez ote diren artxiboak bete! Ezin da “pilotetan ipini”, pilotak diren bitartean sikiera, pilotazalearen kodea? Justiziari laguntzeko diot! Edozelan ere, pilota baten arazo nagusia bera den teilatuan bilatu behar da! Halako kasuetan bai, esan daiteke, arrazoiaz, teilatutik hasi behar dela kontakizuna eraikitzen!
Non nintzen? A, bai, astean zeharrekoan! Autobusen karrozeriak egiten dituen barnealdeko enpresa han, itsasorako ontziak egiten dituen kostaldekoa hemen, biek zein biek lan karga solidoa bai, baina likidotasunik ez. Zero kilometroko lantoki preziatuak. Teilatuan jartzean probatzen bada zelakoa den pilota, kontzertua amaituta etxeko lanak egin ditzatela Eneara bildutakoek! Eskualdeak bizirik!