GARA
DONOSTIA

Aurrekontuei buruz, Lakuak pausoak eman behar dituela esan du EH Bilduk

EH Bilduk aurrekontuei buruzko akordioa lortzeko pausoak eman dituela argi dagoela eta Noel d’Anjou sailburuak ere hala onartu duela; hori esan zuen atzo NAIZ Irratian Nerea Kortajarena EH Bilduko parlamentariak. Gauzak horrela, borondate horri Lakuak beste pauso batzuekin erantzun behar diela gaineratu zuen.

Nerea Kortajarena EH Bilduko parlamentaria, Gasteizko Legebiltzarrean.
Nerea Kortajarena EH Bilduko parlamentaria, Gasteizko Legebiltzarrean. (Jaizki FONTANEDA | FOKU)

Lakuako Gobernuari aurrekontuei buruzko akordioa izateko aukerak baliatzea eta pausoak ematea dagokio. Hala esan zuen Nerea Kortajarena EH Bilduko parlamentariak atzo NAIZ Irratian. Noel d’Anjou sailburuak EH Bildu Lakuaren posizioetara hurbildu dela adierazi zuela gogoratu eta horrek talde abertzalea mugitu dela adierazten duela esan zuen Kortajarenak. «Orain Jaurlaritzari dagokio mugitzea. Borondaterik badago, akordioa lortzeko guztiok mugitu behar gara», gaineratu zuen.

Negoziazio prozesu horretan EH Bilduk proposamen desberdinak egin dizkio Lakuari, «herritarren kezka nagusiak» diren gaietan; etxebizitzan eta gutxieneko soldatan, adibidez. Akordioa errazteko fiskalitatea kanpo utzi zuen EH Bilduk, «gure borondatea erakusteko».

EAJk eta PSEk Gasteizko Parlamentuan aurrekontuak onartzeko gehiengoa duten jakitun da parlamentari abertzalea. «Gehiengo osoa dutela argi dugu, egunero gogorarazten digute. Argi dago aurrekontuak aterako direla, behar besteko babes parlamentarioa baitute», azaldu zuen.

Gauzak horrela, Lakua sostengatzen duten alderdiei ahalegin bat eskatu diete, baldin eta aurrekontuetarako EH Bilduren babes politikoa izan nahi badute. «Kamiseta izerditu behar dute», esan zuen Kortajarenak. Testuinguru horretan, herritarren interes nagusietan (etxebizitza, zaintzak, soldatak...) orain arte izan diren politiketan norabidea aldatzea izan da eskaera.

Osasun arloan akordioak lortu dituztela azpimarratu zuen legebiltzarkideak, «baina etxebizitzan oso urrun gaude». 2022an gai hauei buruzko akordioak lortu zirela gogoratu zuen, «baina ez dira inplementatu». I+G arloko akordioak soilik egin du aurrera.

LARRIALDI EGOERA

Etxebizitza arloan larrialdi egoera dagoela gogoratu zuen Kortajarenak eta horren aurrean alokairuko etxebizitza publikoen parkea handitzeko eskatu dutela nabarmendu zuen. Lakuak 7.000 etxebizitza egitea planteatzen duela ekarri zuen gogora. Baina kopuru hori egiteko hamalau urte behar izan dituela eta aurki 5.000 inguruk babesa galduko dutela jarri zuen mahai gainean. «Gaizki egindakoa zuzentzeko marjinarik ere ez dago».

Alokairuko merkatuan esku hartzea aipatu zuen, eta Nafarroan tentsioguneak izendatzeko ardura Gobernuaren eskuetan gelditu dela nabarmendu. Etxebizitza turistikoetan eta hutsetan neurriak hartu behar direla ere esan zuen.

Gutxieneko soldatari dagokionez, Gobernu espainolak hartu dituen neurriak hobetu eta Euskal Herriko egoerara egokitu behar direla aldarrikatu zuen. Patronalek hau gauzatzeko oztopoak jartzen dituztela eta 2022an garatu ez den akordioa lortu zela aipatu zuen. Bere esanetan, eskumenak ez badaude ere, Lakuak lanbidearteko akordioak lortzeko bitarteko lanak egin beharko lituzke.