IRAITZ MATEO
DONOSTIA

Gabon gaueko bi afari berezi Kursaalean, Izaro Andresekin

Izaro Andresek disko berezi bat kaleratu du Eguberri girorako, “Izaro Gabonetan”. Diskoa aurkezteko bi kontzertu berezi egingo ditu Donostiako Kursaalean, abenduaren 22an eta 23an. Aspalditik omen zuen hain kutunak dituen Gabonekin zerbait egiteko gogoa, eta orain topatu du momentua. Mahai giroan eta bandarekin batera abestuz ospatu nahi ditu aurtengo Eguberriak, eta etorkizunean kantu hauek bidea egitea espero du.

Andresen disko berriak bi zuzeneko kontzertu izango ditu, abenduaren 22an eta 23an.
Andresen disko berriak bi zuzeneko kontzertu izango ditu, abenduaren 22an eta 23an. (Maialen ANDRES | FOKU)

«Gabonak ez dira errazak izaten kontzertu handi bat prestatzen gabiltzanean, norbaitek doministiku bat egiten badu, zuzenean etxera joaten gara ez gaixotzeko», aitortu zuen atzo Izaro Andres musikariak, eta aurten hain gustuko dituen Gabonak «libreago» pasatuko dituela kontatu, bi kontzertu handi antolatu baititu “Izaro Gabonetan” lan berria aurkezteko: abenduaren 22an eta 23an izango dira Kursaalean.

Gabon gau «pertsonal» bat egin nahi du abeslari mallabitarrak; «egin Gabonetako disko bat zure familia horri» leloa hartu zuen sormen prozesurako akuilu gisa, eta jada familiatzat duen bere bandarentzat diskoa egitea erabaki zuen: «Kontziente naiz zelako oparia den jaiotzea, oraindik bizirik egotea eta denok elkarrekin egotea, oraindik guztiok gaudelako taldean, eta garaiezinak garelako; sekula ez gara izango orain garen bezalakoak».

Kontzertuko oholtza gainean mahai bat egongo dela zehaztu zuen, «mahai osteko kantaldi bat izango da, askoz jostariagoa». Bandak ere mahaiaren bueltan abestea nahi zuen, lehenago egin ez bezala. Bere bandaz gain, publikoa ere jada familia da beretzat, eta beraiekin ere ospatu nahi duelako sortu ditu bi kontzertu bereziok. Gabonetako zerbait berezia egiteko gogoa aspalditik zuela kontatu zuen, baina aurrez ez zuela momentua topatu: «Uste dut aurten duela zentzurik handiena, ‘Cerodenero’-ren biran; behin mendia igota eta jaitsita, lan terapeutiko hori eginda gozatzen nabil». Konposizio lanetan zebilela, pianoaren FA nota «deskubritu», gabon-kanten kutsua sumatu eta gabon-kantak sortzeari ekin zion.

SORMEN PROZESUA

Bost kanta idatzi behar zituen izatez, baina «gora etorri» eta zortzi idatzi zituela azaldu zuen. Sorkuntza prozesua oso ezberdina izan dela onartu zuen, baina «oso interesgarria» aldi berean. «Nire disko propioak idazten ditudanean, ez daukat kontrol askorik nire prozesuaren inguruan; nahiko botakako prozesua da, nire gorputzak badaki zer kontatu eta ni gehiago naiz arkatza eramaten duen eskua». Baina, kasu honetan, alderantzizko bidea egin du, gaitegi bat zeukan, eta imajinario horrekin zer eraiki pentsatu behar zuen.

Andresek nazioarteko pop musikaren sonoritatea euskal Gabonetako tradizio eta imajinarioarekin uztartzea izan du helburu lan berrian, eta data hauen bueltako kontzeptuak eraman nahi izan ditu kantuetara. Iruditeria amerikarrak eta Euskal Herriko ohiturak eta oles kantuak uztartu. Izan ere, hasiera batean, berak txikitatik kantatu izan dituen abestiak euskaratu eta bertsionatzea zuen buruan, baina pianoan ari zen egun batean “Gure Gabon gaua” konposatu eta abesti guztiak berak sortzea erabaki zuen.

“Olentzero” kantua oso berezia da Andresentzat, Pirritx, Porrotx eta Marimototsekin abestea «ametsa» izan delako, «nire bizitzako crossoverra», zehaztu zuen. “Falta zarenetik” abestia berezia da Andresentzat: «Gabonak ere badira nahiko momentu kritikoa familia gehienentzat, falta den jendea dela eta; nola eman ukendu bat momentu horiei edo pertsona horiei buruan izan dut». Bestalde, momentu honetako bere abesti «kuttunena» “Ura eskutik eskura” dela aitortu zuen. Azaldu zuen oles kantu bat dela, gaur egunera ekarria: «Atez ate abesten diren eta abesten ziren kantuen berrikusketa garaikidea da; bizia, tradizionala, etxe-usaina eta denboraren poderioz ur berriaren tradiziotik edaten duena, zikloari hasiera ematen diona, bidea irekitzen duena».