Gaizka IZAGIRRE
HERNANI
AL MARGEN

Osasun mentala gizartearen bazterretan

M adrilen 2010ean bere buruari su eman zion gizon baten istorioa azaltzen du; Moisesena. Gertatutakoa ezagutzeko helburuz, eta bere iragana eta erlazioak ezagutzeko, Moisesen bizitzara eta bereziki garunera gerturatuko gara; eskizofrenia paranoidea du, baina berak MK Ultra proiektuaren biktima dela dio. Moisesen familia ere ezagutuko dugu: arreba, emazte ohia eta alaba.

“Al margen”, gizakiaren alderdi ilunenaz mintzo da, baita bazterrean dauden pertsonek bizi duten babesgabetasunaz ere.

Casanovak aukeratu duen forma oso deigarria da; deigarriegia akaso. Pobreziaren, droga kontsumoaren eta dekadentziaren irudikapen gordinak eta oso estilizatuak erabili ditu, eta horretarako optika ultra angeluhandiekin filmatu du guztia; protagonistaren adimenarekin gertatzen den moduan, honen pentsamendu zatikatuak eta pertzepzio distortsionatua islatzen dituen hautua estetikoa da. Ikusle gisa behatxulo batetik begira egongo bagina bezala.

Gainera, lumpen-aren errealitate estetikoaz busti du guztia; bazterturiko gizarte-klaseekin zerikusia duten alderdiak nabarmentzen dituen irudikapen artistikoaz baliatu da. Istorioaren gordintasunaren barruan, pieza bisual eta narratibo txiki batzuk tartekatu ditu; Casanovaren aurreko filmetatik edaten duten estetika nabarmena dute; fikziozko zenbait une “oniriko” ageri dira, amesgaiztoak diruditenak: nahiko doakoak dira.

Oso istorio iluna, gordina eta gogorra da, ikusteko eta entzuteko zaila den horietakoa; garun osasuna, manipulazioa, drogak, indarkeria, abusuak... aipatzen diren gai guztiak nahiko bortitzak dira, baina era estilizatuegian.

Mundu guztia ez dago horrelako dokumental bat ikusteko prest.