Nerea LAUZIRIKA
1978

Euskal Herriak espainiar Konstituzioari emandako ezetza

Espainiako Konstituzioari buruzko erreferendumean bozkatzeko mahaietako baten irudia.
Espainiako Konstituzioari buruzko erreferendumean bozkatzeko mahaietako baten irudia. (EGIN)

Abstentzioarekin -kasu guztiak kontuan hartuta- eta aurkako bozkekin, Euskadik ezezkoa eman zion atzo Konstituzioari», horrela zioen “Egin”-ek 1978ko abenduaren 7an. Aurreko egunean Franco hil osteko lehen bozketetako bat eginda zeuden espainiar Estatuan, Konstituzioa onartu edo ez erabakitzeko erreferenduma, hain zuzen ere. Hego Euskal Herrian abstentzioa %50,46 izan zela argitaratu zuen “Egin”-ek, eta bozkatzeko aukera zutenen %34,93 baino ez zela alde agertu.

Halaber, bozkatzeko momentuan suertatutako arazoak azpimarratu zituen egunkariak; hala nola, hainbat herritarren izen-abizenak NANean eta erroldan desberdin idatzita zeudela-eta, ez zieten bozkatzen utzi. «Barne Ministerioaren inguruan mugitzen diren iturburuek diotenez, Madrilgo Gobernua atzo nahiko kezkatuta zegoen Bizkaian botoa libreki emateko eragozpenak izan zirelako», jaso zuen “Egin”-ek.

Horrez gain, erreferendumaren emaitzek alderdi abertzaleengan sortutako «poztasuna» nabarmendu zuen. Horrela, EAJren Bilboko egoitzan hainbat xanpain botila omen zeuzkaten prest ospakizunerako, eta Herri Batasunak «Suarezen erreformaren porrota» salatzeko hurrengo eguneko prentsaurrekoa prestatzeari ekin zion bozketa artean amaitu gabe zela.

Luze eta zabal eman zuen berria “Egin”-ek, eta gaiari eskaini zizkion orrialde guztietan azpimarratu zuen parte hartze baxua: «Aurreikusitakoa baino abstentzio altuagoa Estatu osoan». Horrela, egunkariak jakitera eman zuen Euskal Herrian soilik ez, Estatu mailan ere ez zuela espero zen besteko babesa jaso Konstituzioak.

Berriz heldu zioten gaiari hurrengo egunean, eta honako titularra zekarren 1978ko abenduaren 8ko “Egin”-en azalak: «Erreferendumaren ondoren, Euskadirentzako perspektiba politikoak hobetu dira». Izan ere, alderdi gehienek poza agertu zuten emaitzekiko: PSOE pozarren zegoen onak iruditzen zitzaizkiolako, eta alderdi abertzaleak beste hainbeste, haien kasuan, emaitzak txarrak iruditzen zitzaizkielako.

DENAK POZIK, IRAKURKETA DESBERDINA EGINDA

Askotarikoak izan ziren “Egin”-ek jasotako erreakzioak. EAJko buru zen Carlos Garaikoetxearen aburuz, «Euskal Herriak Konstituzio honek haren eskubide historikoei ematen dien tratamenduaren inguruan pentsatzen duenaren erakusgarri argi eta ukaezina» izan zen.

Mugimendu Komunistako Patxi Iturriozen ustez, «Gobernuaren porrota» izan zen, eta PSOEko Enrique Casasen iritziz, bestalde, «baietzarentzako arrakasta». Nork bere irakurketa eginda, denak pozik geratu ziren, beraz. Abstentzioan arreta jartzen jarraitu zuen “Egin”-ek, nahiz eta Estatuan ez zen horren agerikoa izan. Galizian % 49,30 izan zen; gainontzean, ordea, % 20 eta %30 bueltan ibili zen tasa.

Hamar urte igarota, balantzea egin zuen “Egin”-ek, azalean bertan, 1978an Euskal Herriak emandako ezezkoak bere horretan jarraitzen zuela ziurtatuta. Oro har, orduan alderdi desberdinek agertutako jarrera mantendu zuten, Euskadiko Ezkerrak izan ezik, Konstituzioaren aurka egotetik alde egotera igaro baitzen. EAJk azaldu zuen «bakearen onerako» men egiten ziola Konstituzioari, baina ez zuela onartzen. Bi urte lehenago sortua zen EAk argi ikusten zuen markoa «bateraezina» zela haien «autogobernuaren ikuspegiarekin». Herri Batasunak ere analisia mantendu zuen eta, lege multzoa «zentralista», «kapitalista» eta «antidemokratikoa» zela iritzita, guztiz aurka agertu zen.

BI HAMARKADA, URTE GEHIEGI

«Hogei urte gehiegi dira» zioen Teresa Todak 1998an “Euskadi Información”-en argitaratutako analisiaren goiburuak. Indarrean bi hamarkada zeramatzanean, «perfektua, baina mugiezina» zela zioen kazetariak, ironiaz: «Badirudi espainiar Konstituzioa perfektua dela, horrenbeste, non ezin baita ukitu; agian etorkizunean beharko da, batek daki, baina ez behintzat gaur eta lurralde afera demokratikoki konpontzeko». Ezin zen ukitu orduan, ezta geroago ere, arauak indarrean daramatzan 46 urteetan hiru aldiz baino ez baitzaio erreformarik egin: 1992an, atzerritarrek udal hauteskundeetan parte hartu zezaten; 2011n, «aurrekontu egonkortasuna» kontzeptua ezarri eta zor publikoari lehentasuna emateko; eta aurten, gaztelaniazko «disminuido» izendapena kentzeko. Inola ere ez, Todak azaldu bezala, Euskal Herriari eta Estatuko gainontzeko nazioei autodeterminazio eskubidea aitortzeko.

Ildo beretik jarraitu zuten 30. urteurrenaren harira Iñaki Iriondok eta Ramon Solak GARAn argitaratutakoek. Horrela, Iriondok ondorioztatu zuen Konstituzio Auzitegiak «doktrina» gisa ezarrita zeukala Euskal Herria ez zela existitzen subjektu bezala.

Carlos Garaikoetxea elkarrizketatu zuen Solak eta, Auzitegiaren jarrera kontuan hartuta ere, itxaropentsu agertu zen orduan: «Gai bagara erabakitzeko eskubidea demokratikoki eskatzen ari den gehiengo nabarmen hori agerian jartzeko, zergatik ez dugu ba lortuko?».

Solak 2008ko abenduaren 5eko GARAn azpimarratu zuen une hartan 51 urtetik behera zeuzkan inork ezin izan zuela Konstituzioa bozkatu, euskal jendartearen nahia ordezkatzeko zuen zilegitasun urria agerian utziz.



[2007] Francesco Cossiga llamó al pueblo vasco a permanecer unido

En 2007, Ramón Sola entrevistó a Francesco Cossiga, presidente emérito de Italia. Cossiga, nada comedido pero sí escueto en sus respuestas, se mostró poco sorprendido ante la negativa de las autoridades españolas a su visita a Arnaldo Otegi y Joseba Álvarez en prisión.

No fue un «no» como tal, ya que ni siquiera llegaron a responderle, así que se quedó sin poder reencontrarse con «mi amigo» Arnaldo Otegi. «La Judicatura española es, ampliamente, de origen y mentalidad franquistas, o por lo menos vinculada con la ideología de la Hispanidad. Y el Partido Socialista tiene, en su ideología y tradición, una visión centralista de España y a favor de la represión de cualquier autonomismo e independentismo», explicó Cossiga en la entrevista, al ser preguntado sobre cómo se lo había tomado.

Quería transmitir a ambos dirigentes el mismo mensaje que quiso hacer llegar al pueblo vasco: «Permaneced unidos, siempre y cueste lo que cueste. No os dejéis dividir. Seguid adelante». Asimismo, subrayó la necesidad de un referéndum de autodeterminación convocado por las instituciones.