Ogia, arrosak eta askatasuna
Abuztuan hiru urte bete dira talibanek Afganistango boterea hartu zutela. Gaur-gaurkoz, bertan bizi diren emakumeek ezin dute lanik egin, ezin diete gizonei begietara begiratu senidea edo senarra izan ezean, 12 urtetik aurrera ezin dute ikasi, gizonezkorik ondoan izan gabe ezin dute garraio publikoa erabili, ezin dute gidatu eta ezin dute gorputz atalik bistan utzi, besteak beste.
Euren eskubideen eta duintasunaren alde borrokatzeko erabakia hartuta, eta talibanen gobernuari publikoki kontra egiteko asmoz, emakume askok manifestazioak eta protestak antolatzea erabaki zuten.
“Bread & Roses” dokumentalak talibanen erasoaren ondorengo urtean hiru emakumek izandako esperientziak aztertzen ditu: Zahra, kontsultategia ixteari uko egin dion dentista; Sharifa, lanetik kaleratu eta etxean giltzapetu duten funtzionario publiko ohia; eta Taranom, Pakistandik erbesteratu duten emakumea.
Zentzugabea da lan hau ohiko ikuspegi kritiko zinematografiko batetik aztertzea. Nabaria da dokumentala presaka eta ia prestakuntzarik gabe osatu dela, baina ezin zuen beste modu batean izan.
Bizpahiru plano orokor salbu, ikusi ditugun irudi gehienak kalean zein etxeetan egindako grabazio klandestinoak dira, mugikorrekin edo etxeko kamerekin grabatuak.
Azaltzen dena latza eta gordina bada ere, dokumentalak, ez du etengabe pairatzen duten sufrimenduaren erretratua egiten; erresistentzia eta ahizpatasuna azpimarratzen dira batik bat: emakume hauen indarra, kemena eta ausardia.
Oso zaila da herrialde hartan edozein dokumental egitea edo irudiak grabatzea. Pentsa, beraz, emakumeen zapalkuntza salatzen duen bat egiteak zer suposatu duen. “Bread & Roses” bezalako lan bat existitzea mirarizkoa da.