Gaizka IZAGIRRE
HERNANI
DESMONTANDO A LUCÍA

Arriskatzen ez duenak ez du irabazten

Noir zinema, thrillerra eta komedia beltza uztartzen dituen pelikula entretenigarria da. Istorioak amnesia duen Lucia pertsonaia du ardatz (Susana Abaitua), bere bikotekide Hectorren eta lagun min Elenaren desagerpenean nahasita dagoen emakumea. Bien bitartean, detektibe-zinema klasikoarekin obsesionatuta dagoen “peritu judizial” xelebre batek ikertuko du kasua.

Pelikula anbizio estilistikoagatik nabarmentzen da; generoko klasikoak omentzen dituzten elkarrizketak eta denborarekin eta perspektibekin jolas egiten duen egitura narratiboa ditu oinarri. Ausardia estetiko horretan kolorearen eta zuri-beltzaren arteko amalgama topatuko duzue, girotze klasikoaren eta modernoaren artekoa.

Susana Abaituak lan txukuna egiten du Lucia gorpuzten. Bere antzezpenak zaurgarritasuna eta umorea uztartzen ditu, eta Hugo Silvak eta Julian Villagranek karisma eta dinamismoa ematen diete bigarren mailako rolei.

Filmaren erditik aurrera apur bat nahasi egiten da guztia: ez dakigu ikusten ari garena benetakoa den edo pertsonaien proiekzioen parte den, baina nahasketa hori xurgatzailea eta nahiko dibertigarria da.

Ahulgune nagusia nahastura horretan jaiotzen diren tonuen arteko kohesio eza da. Komediaren, salaketa sozialaren eta thrillerraren arteko konbinazioa dibertigarria da, baina behartua sumatzen da une askotan, eta horrek kalte egiten dio kontaketaren jarioari eta osotasunari.

Hainbat genero ikuspegi lotsagabearekin nahasten dituen proposamen gomendagarria da.

Zinemarekiko maitasunetik sortutako film bitxia.