Gaizka IZAGIRRE
HERNANI
LA FIÈVRE

Bizi garen munduaren erakusgarri argia

Ez pentsa telesailak gomendatzen dituen bakarra naizenik: orain hilabete batzuk, Iñaki Sotok, GARAko zuzendariak, “La Fièvre” (“La fiebre”) sutsuki goraipatu zuen: guztiz bat nator.

UNFPren sari banaketan, ‘‘toubab zikina!’’ (toubab Woloferaz zuria esan nahi du eta konnotazio gutxiesgarria du) oihukatzen duen aldi berean, gizonezkoen futbol talde bateko izarrak (beltza) burukada bat emango dio bere entrenatzaileari (zuria). Gertakari horren bideoa izugarri zabalduko da eta sareak sutan jarriko ditu.

Hortik aurrera bi emakumek gidatutako gerra mediatikoa hasiko da: futbol taldeak premiaz errekrutatuko duen Sam Berge, komunikazio agentzia batean lan egiten duen kontseilari politikoa. Beste muturrean, aldiz, Maire Kinsky aurkezle eta umorista probokatzailea; ez du inolako eskrupulurik gertaera instrumentalizatzeko eta eskuin muturrak boterera iristeko puztutako arraza eta politika tentsioak ustiatzeko. Telesailak erritmo geldiezina du, oso bizia eta entretenigarria da eta, gainera, pertsonaiak ez ditu inongo momentutan alboratzen.

Sei ataleko serie honek, Estatu frantseseko gizonezkoen futboleko eskandalu baten aitzakiaz, eskuin muturreko hedabideek eta sare sozialek gorrotoa pizteko eta sortzeko polemikak nola zabaltzen dituzten erakusten du. Politikariek, masak mugiarazteko helburuz, narratiba nola manipulatzen duten eta horrek gizarte-kohesioari nola eragiten dion ere aztertzen du. Futbola, polarizazio politikoa, fanatismoa, albiste faltsuak... bizi garen munduaren erakusgarria da.

Estatu frantseseko gizartea zeharkatzen eta zatitzen duten identitate hausturak gordinki azaleratzen ditu: aparta da!