Etxebizitza eskubidearen aldeko mobilizaziora batu dira 220 eragile
‘Etxebizitza eskubidea bermatu, negozioari ez’ lelopean, Euskal Herriko etxebizitza sindikatu ezberdinek larunbat honetarako deitutako manifestazioarekin bat egin dute 220tik gora eragilek. Bilboko Plaza Eliptikotik 13.00etan abiatuko da, eta Etxebizitza eskubide unibertsal gisa defendatzen duen orori egin diote parte hartzeko deia.
Duela hilabete inguru, Euskal Herriko etxebizitza sindikatuek etxebizitza eskubidearen aldeko manifestaziora deitu zuten abenduaren 14rako Bilbon (13.00etan, Plaza Eliptikotik). ‘Etxebizitza eskubidea bermatu, negozioari ez’ izan da erdigunean jarri duten aldarria, asmo argi bati jarraituz: «Etxebizitza arazoaren errora jotzea, etxebizitza negozioa den bitartean, inoiz ez delako eskubidea izango».
Atzo Bilbon egindako agerraldian, mobilizaziora batu diren beste eragileen berri emateaz gain, etxebizitzaren egoera larria jarri zuten berriz ere mahai gainean.
«Euskal Herrian etxebizitzaren arazoa gero eta gordinago eta bortitzago azaleratzen ari da. Horren adierazle dira alokairuen eta hipoteken prezioen gorakada etengabea, turistifikazio basatia, etxegabetzeak, okupazioaren aurkako ofentsiba judiziala eta poliziala, etxerik gabeko pertsona kopuruaren gorakada edo etxebizitza ordaintzeko laguntza kaskarren menpe gauden langileon zenbatekoaren hazkundea», gaitzetsi zuen.
Etxebizitzaren merkantilizazioa langile klasearen osotasunari «gero eta gehiago eta gero eta gogorrago» eragiten dion arren, langile klasearen geruza jakin batzuei modu are bortitzagoan eragiten diela gogoratu zuten: «Migratzaileen, pertsona arrazializatuen, errefuxiatuen, emakumeen edo genero disidentzien kasuan, besteak beste, etxebizitzaren arazoa tragedia bihurtzen da, eta eguneroko indarkeria, diziplinamendu eta bazterketa forma hartzen du».
Hala ere, askorentzat eguneroko arazoa den hori, beste batzuentzat negoziorako aukera bat dela salatu zuten etxebizitza sindikatuek. «Funts putreek, bankuek, turismo industriak, erakunde publikoek eta inbertsore handiek etxebizitzaren merkatutik irabazi gero eta handiagoak ateratzen dituzte. Argi dago zeintzuk diren txanponaren bi aldeak: burgesiaren irabaziek gora egiteak langileon miseria areagotzea esan nahi du. Hau da, gutxi batzuen aberastasunaren eta jabetzen atzean, gehienon pobrezia eta desjabetzea ezkutatzen da», ohartarazi zuten.
ATXIKIMENDUAK
Arazoaren larritasuna ikusita, mobilizazio zabala deitu dute etxebizitza sindikatu ezberdinek, eta horretarako atxikimendu kanpaina abiatu dute, «etxebizitza eskubide unibertsal gisa defendatzen duen euskal herri mailako mugimendu zabala gorpuzte aldera».
Dagoeneko, 220 eragilek baino gehiagok babesa eman diote Bilbon abenduaren 14an egingo den mobilizazioari.
Horien artean daude Eskubide Sozialen Karta, Stop Desahucios, ELA, LAB, ESK, Steilas, CGT, CNT, Ekologistak Martxan, Jauzi, Sos Arrazakeria, Ongi Etorri Errefuxiatuak Araba, Bilboko Konpartsak, Euskal Herrian Euskaraz, Bilboko Auzo Elkarteen Federazioa, Donostiako Kaleko Afari Solidarioak, Salhaketa, Askapena, EHKS, Jardun, Bizkaiko eta Gasteizko E28 Koordinadora, EHGAM, Bilgune Feminista, Itaia, GKS, Ikasle Sindikatua, Ernai... Antolatzaileen sare sozialetan ikus daitezke atxikimendu guztiak.