GARA
BAIONA

Hazkurri Bankuaren bilketak 117 tona janari jaso du aurten Ipar Euskal Herrian

Ipar Euskal Herriko Hazkurri Bankuak 2024ko behin-behineko bilana aurkeztu eta ekimenean parte hartu duten saltoki, bezero eta boluntarioentzat esker oneko hitzak izan ditu, 250.000 bazkari banatzeko helburuari ekin ahal izateko 117 tona elikagai bildu baitira.

Urteko janari bilketa nagusia azaroaren 22, 23 eta 24an burutu zuen Hazkurri Bankuak.
Urteko janari bilketa nagusia azaroaren 22, 23 eta 24an burutu zuen Hazkurri Bankuak. (Patxi BELTZAIZ)

Urteko janari bilketa azaroaren 22, 23 eta 24an burutu zuen Hazkurri Bankuak Ipar Euskal Herriko saltoki guzietan. Horren gehigarri, Angeluko Leclerc Le Busquet eta Biarritzeko Leclerk Iraty saltokien laguntzarekin, bilketa berezi bat egin du iragan astean, abenduaren 6 eta 7an.

Lehen bilanean, aurtengo bilketa bikoitzaren emaitza «biziki baikorra» izan dela aitortu du Ipar Euskal Herriko Hazkurri Bankuak. Prentsa-ohar batean elkarteak atzo azaldu zuenez, guztira 117 tona hazkurri bildu dituzte 90 saltoki baino gehiagotan isla izan duen ekimen horretan.

900 LAGUNTZAILE KANPAINARAKO

Lan hori burutu ahal izateko boluntarioak lortzeko deia egin zuen Hazkurri Bankuak eta erantzuna, ikuspuntu horretatik ere, bikaina izan dela esan daiteke. Izan ere, orotara 900 laguntzaileren engaiamenduari esker, kanpaina onera eraman ahal izan dela zehaztu du elkarteak.

Ildo horretan, «txaleko laranja» jantzi zuten abantzu mila herritar horiek ekarri duten laguntza gehigarria baloratu eta txalotu du, «horiek gabe ez baitzen aitzin mailako operazioa iragan ahal».

Elikagaien bilketari dagokionez, Ipar Euskal Herriko Hazkurri Bankuak nabarmendu du «lan egonkor bat» badela «urtez urte, gure 34 elkarte eta CCAS (gizarte ekintzako herriarteko zentroa) partaideen artean 250.000 bazkari banatu ahal izateko».

Kanpainan, Handisport Pays Basque elkarteak aitabitxi gisa jardun duela oroitarazi du Hazkurri Bankuak, eta, gisa berean, esker oneko hitzak izan ditu Ipar Euskal Herriko eta Seinautze eskualdeko biztanleen «elkartasun aktiboari» dagokionez.

«Aurten ere, nahiz eta krisi ekonomiko are larriagoa izan, bertako biztanleek erantzun handia eman diote behartsuenen alde egin dugun deiari», poztu da elkartea.

Horrekin batera, joan den asteburuan borobildu zen bilketan ekarpena egiteko paradarik ukan ez duten herritarrek ere Ipar Euskal Herriko Hazkurri Bankuari dohaintza egin ahal diotela gaineratu du elkarteak. Ondoko helbidearen bidez, www.monpaniersolidaire.org, herritarrek produktu selektiboen erosketan parte hartzeko aukera dute. Higiene kit-a, gosari kit-a, haurtxoentzako produktuak, ikasle pack-a, familia erosketak edota familia ugarien saskia hautatuz, aukerak ez dira falta oinarrizko produktuen eskasian direnenei laguntza bideratzeko.