Marcel PENA

«Protestaka», EHUko ikasleen borrokak bizirik mantentzeko

Euskal Herriko Unibertsitateko euskararen aldeko borroka historiko batetik abiatuta, «Protestaka» erakusketak gaur egungo eta duela 30 urteko aldarrikapenak batu ditu Leioako campuseko Arte Ederren fakultatean. Antolatzaileek duela hiru hamarkada lortutako garaipenaren balioa nabarmendu nahi dute kultur ekimen honekin.

«Protestaka» erakusketa, Leioako Arte Ederren Fakultatean.
«Protestaka» erakusketa, Leioako Arte Ederren Fakultatean. (Oskar MATXIN EDESA | FOKU)

Arte Ederretakoak ari ziren protestaka/ Irakasle euskaldunak behar zituztela eta/ manifestazio buruak txakurrekin topo egin/ Ez jarraitu! Zergatik? Haatik!». Bertso hauekin gogoratu zuen Negu Gorriak taldeak EHUko Arte Ederretako ikasleek 90eko hamarkadan piztutako borroka “Hiri gerrilaren dantza” kantan. 30 urte geroago, “Protestaka” erakusketak euskararen aldeko aldarrikapen hori berreskuratu eta gogoratu egiten du, dena hasi zen leku berean, Euskal Herriko Unibertsitateko azken hamarkadetako borroka ildoari jarraituz.

1994ko urrian, Arte Ederretako ikasleek itxialdia abiatu zuten Leioako campuseko fakultatean, euskarazko irakasleak eskatzeko. Zortzi urte zeramatzaten fakultate horretan euskaraz ikastea «ezinezkoa» zela salatzen, eta bost irakasle euskaldun eskatzeko hainbat protesta ekintza gauzatu zituzten. Arazoei irtenbidea topatzeko, ikasleak Pello Salaburu EHUko Euskara errektoreordearekin bildu ziren emaitzarik lortu barik, «diru eta konpetentzia ezagatik». Ez Fernando Buesa sailburuak, ez Juan Jose Goiriena de Gandarias errektoreak ez zuten gazteekin elkarrizketatu nahi izan.

Dirurik ezaren aitzakiak konbentzitzen ez zituenez, ikasleek beren eskaerak goiko mailara eramatea erabaki zuten. «Erabaki drastiko bat hartu behar izan badugu, ez da lurrean lo egitea gustatzeagatik, arazo hau gizartera eramateko modu bakarra delako baizik», jasotzen zuen “Egin”-ek 1994 urriaren 20ko alean. Itxialdiaz eta mobilizazioez gain, ikasleek unibertsitate «alternatiboa» antolatu zuten, beraiek eskolak ematen zituztena; hala kontatu diote GARAri Jon Mantzisidor eta Ibai Atutxak, fakultateko Euskara batzordeko kide eta erakusketaren antolatzaileak, Oiane Iraguen eta Enrike Hurtadorekin batera.

Hurrengo egun eta hilabeteetan, Leioako campusetik atera eta Bilbora eraman zituzten aldarrikapenak ikasleek. Bizkaiko hiriburuko kaleetan manifestatzeaz gain, lau urte lehenago egindako ekintza errepikatzen saiatu ziren, eta aldarrikapen berarekin Bilboko Arte Ederren Museoa 11 egunez okupatu zuten. Ez zen hain arrakastatsua izan, ordea. Ikasleak berriz ere Casilda Iturrizar parke ondoko eraikinera bueltatu ziren barrura sartzeko asmoz, baina Ertzaintzaren erantzun bortitza aurkitu zuten bertan, sei atxilotu eta dozenaka zauriturekin bukatu zen manifestazioan.

Arte Ederretako ikasleek beste gradu eta fakultatetako kideen elkartasuna jaso zuten, eta haiek bat egin zuten borroka harekin. Hain zuzen, Medikuntzakoek kanpin-dendak jarri zituzten unibertsitatearen sarreran; Kazetaritzakoek ere ekin zioten euskaraz ikasi ahal izateko euren borrokari. Ekintza ziklo horren amaieran, ikasleek ez zituzten lortu soilik Arte Ederretan eskatzen zituzten bost irakasle euskaldunak; unibertsitate osoan 80 irakasle sartu ziren.

PROTESTA ZIKLOA

«Momentu batean, protestak, Arte Ederren fakultate maila gainditu, eta unibertsitate osora hedatu ziren, eta 80 irakasle lortu zituzten orotara. Horrek erakusten du borrokaren bidez irabaz daitekeela. Ez daukagu adibide gehiegi, eta hau da horietako bat», azaldu du Atutxak. Izan ere, “Protestaka” erakusketarekin, antolatzaileek islatu nahi izan dute euskararen aldeko aldarrikapen hori «protesta ziklo batzuen barruan».

Hori lortzeko, Mantzisidorrek, 1994ko mobilizazioetan ikasle gisa parte hartu zuenak, gogora ekarri duenez, ikerketa lan sakona egin behar izan dute, askotan «ahoz ahokoa», garai hartako argazkiak, bideoak eta bestelako dokumentuak eskuratzeko.

«Garai hartako ikasleek ezin zuten imajinatu 30 urte beranduago material hauek bilduko zirenik ere. Momentua bizitzeko eta hor bukatzeko ziren. Beraz, lanaren zati handi bat izan da hori: jendearekin hitz egin, galdetu, gordeta egon diren gauzak berreskuratu eta berreskuratu ezin izan direnak, berregin», kontatu du Atutxak. Azken multzo honetan sartu dira argazki eta bideo zaharretatik birsortu diren pankarta bat eta erakustaretoko zoruan topa daitezkeen panfletoak. Ikasleek eurek ikus-entzunezko sailaren soinu estudioko lau-pistetan grabatutako aldarrikapen-kanta ere berreskuratu ahal izan dute kasete zinta zahar batetik, eta erakustaretoan bertan entzun daiteke.

Azkenean, Atutxak nabarmendu du «borrokari esker gaudela gauden lekuan», Mantzisidorrek egin duen moduan: «Belaunaldi ezberdinek borrokatu behar izan dute unibertsitate euskalduna lortzeko, nahiz eta oraindik hizkuntza guztiz normalizatuta ez egon».