GARA
DONOSTIA

Travis Birds, Olatz Salvador, Amaia Miranda, Ginebras eta Tulsa, Gure Ahotsak zikloan

Gure Ahotsak zikloa martxoaren 1etik 9ra egingo da Donostian, emakume musikariei ahotsa eta plaza emateko, Donostia Kulturaren eskutik. Bost kontzertu izango dira Victoria Eugenia Antzokian eta Antzoki Zaharrean. Olatz Salvador, Travis Birds, Amaia Miranda, Ginebras eta Tulsa bakarlari eta taldeen emanaldiez gozatzeko aukera.

Travis Birds da hurrengo edizioko gonbidatuetako bat.
Travis Birds da hurrengo edizioko gonbidatuetako bat. (DONOSTIA KULTURA)

Gure Ahotsak Emakumezko Musikarien 7. zikloak iragarri du bere kartela. Bost kontzertu hartuko dituzte Victoria Eugenia Antzokiko eta Antzoki Zaharreko agertokiek. Hurrenez hurren, Olatz Salvador, Travis Birds, Amaia Miranda, Ginebras eta Tulsa bakarlari eta taldeen emanaldiez gozatu ahal izango da.

«Emakumeen sormenari bide emateaz gain, musikari hasiberriak eta eskarmentudunak oholtza gainean elkartzea» du xede Emakumearen Nazioarteko Egunaren bueltan antolatzen den zikloak.

Esther Fernandino Musika ataleko programazio teknikariaren esanetan, «beti egon dira emakumeak musikaren munduan, egun badaude eta egongo dira. Baina oraindik asko dago egiteko, gaiari buruz hitz egiteari utzi aurretik. Gure eginbeharra, Gure Ahotsak-ena, emakumeak ikusaraztea eta dagokien lekua ematea da, baina ez puntualki bakarrik jaialdi hau bezalako ekimenekin, baizik eta urte osoan. Horregatik, urtean zehar ere oso gogoan dugu gure helburua eta programazioa nahiko orekatua dugu. 2025era begira, Maika Makovski, Maren, Kris Davis, Françoiz Breut, Maria Jose Llergo izango dira antzokietan, eta kultur etxeetan La Furia, Susan Santos eta beste hainbat artista arituko dira».

Zikloaren aurtengo kartela Ainara Azpiazu Axpi (Hernani, 1980) ilustratzaile eta artistak egin du. Azpiazuk atzo adierazi zuenez, «kartela egitea plazer handia izan da niretzat, miretsi eta gustuko ditudan musikarien kontzertuak iragartzeak erraztu eta gustagarri egin duelako enkargua. Indarra izan da transmititu nahi izan dudan ideia, eztanda, ezustea eta aldi berean poza. Horregatik, lehertzen ari den sumendi koloretsua hautatu dut. Egiteko, monotipia bat nahastu dut teknika digitalarekin, sumendiaren oinarria eskuzko estanpazioarekin egindakoa da eta gainerakoa testuradun pintzel eta testuragabeen nahasketaz sortutako irudi digitala da». Halaber, kartela eta zikloan parte hartuko duten musikarien bideoklipak oinarri hartuta, promozio bideo bat argitaratu dute, Gure Ahotsak zikloko emanaldien berri sare sozialetan emateko.

2019ko emanaldian Sara Mansilla, Olatz Salvador, Elena Setien eta Izarok parte hartu zuten egitasmoan; 2020an Ainhoa Larrañaga, Sara Zozaya, Maren eta Belako izan ziren oholtzan; 2021ean Idoia Asurmendi, La Basu eta Niña Coyote eta Chico Tornado (iragarrita zegoen Matilda taldeak ez zuen parte hartu osasun arrazoiengatik); 2022an Ainara Legardon, Miren, Verde Prato eta Eneritz Furyak; 2023ko bost eguneko egitaraua Natalia Lacunzak, Olatz Salvadorrek, La Bien Queridak, Maite Larburuk eta Neomak taldeak osatu zuten, eta 2024koa Idoiak, Neomak taldeak, Merina Grisek, Laura Samek eta Queralt Lahozek.

Kontzertuetarako sarrerak salgai jarriko dira gaur Victoria Eugenia Antzokiko eta Antzoki Zaharreko leihatiletan eta Donostia Kulturako webgunean (www.donostiakultura.eus/eu). Gainera, zikloko bi kontzertutarako edo gehiagorako sarrerak erosten dituztenek %10eko deskontua izango dute eta Donostia Kulturako bazkideentzako ohiko %10eko deskontuarekin bateragarria izango da.