«Barrura begiratzeko tartea» hartuko du Bulego taldeak 2026an
Etenaldia iragarri du Bulegok. 2026. urtean «barrura begiratzeko tartea» hartu eta kontzerturik ez ematea da azkoitiarren asmoa; sortzeari, ordea, ez diote utziko. Azken kontzertua 2025eko azaroaren 9an eskainiko dute, Bilboko Euskalduna jauregian.
«2025. urte amaieran Bulego murgilduko gara etenaldi batean: 2026. urtean ez dugu kontzerturik eskainiko». Hitz horiekin iragarri zuen Bulego musika taldeko Tomas Lizarazuk urte eta erdi inguruko atsedena hartuko dutela, ETB1eko ‘‘Biba zuek’’ saioan.
Taldearen orain arteko ibilbidea «oso polita» izan dela jarri zuen balioan Lizarazuk, euren «jarraitzaileekin bizipen asko bizitzeko aukera» izan dutela nabarmenduz, baina Bulegori eszenatokietatik atseden hartzeko unea iritsi zaiola uste dute.
«Behar dugu perspektiba hartu, behar dugu atsedena hartu, behar dugu bizipenak sortu eszenatokietatik kanpo», esan zuen Lizarazuk, eta azken urteotan taldekideen asteburuak eta oporraldiak «kontzertuak emateko» izan direla aipatu zuen, bai nazioartean egin dituzten biretan, bai etxean jo dutenetan. Kontzertuek «energia asko» kentzen dietela azaldu zuen, ez bakarrik oholtzak, baita biretako azpiegitura guztia kudeatzeak ere. «Oraindik ez dakigu zer izango den, noiz bueltatuko garen ere ez dakigu, uste dugu 2027 inguruan izango dela, baina ziur dakiguna da 2026. urtean ez dugula kontzerturik eskainiko», berretsi zuen.
SORKUNTZARAKO ABAGUNEA
Oholtzak utziko badituzte ere, sorkuntza ez dutela alboratuko nabarmendu nahi izan du abeslari azkoitiarrak. «Guk ikusten duguna da sortzen ari garela kontzertuetatik sobratzen den denbora horretan», esan zuen, eta atzetik datorren lana «mimoz» egiteko gogoz daudela jakinarazi zuen: «Orain gaude une batean atsedena behar duguna, nahi duguna, eta, batez ere, nahi duguna da datorren lana orain arteko gure lanik ederrena izatea eta mimo gehienarekin landutakoa izatea. Hori eskatzen digu gorputzak».
Lizarazuk onartu zuen etenaldiaren aurrean bertigoa ere sentitzen dutela. «Lau urte hauetan etenik gabe ibili gara, Durangoko Azokak, kontzertuak, diskoak, abesti pila bat sortu, grabatu eta kaleratu ditugu, tartean Euskaraldiarekin batera sortutako kantu eder hau eta beste abentura batzuk izan ditugu, eta nik uste dut atsedena ondo etorriko zaigula, perspektiba eta lasaitasuna emango dizkigula eta emango digula aukera ondo pentsatzeko nola sortu nahi dugun», nabarmendu zuen Bulegoko abeslariak, kanpora begira egon beharrean taldeari introspekziorako unea iritsi zaiola zehaztuta. «Barrura begiratzeko tartea izango dugu eta, batez ere, eszenatokitik kanpo esperientziak sortzeko aukera izango dugu», aurreikusi zuen.
Bulego talde aktiboa dela ere aipatu zuen Lizarazuk, proiektu berrietan murgiltzea gustuko duena, baina «askotan gauza gehiegi egiten ditugu eta gero itotzen gara gauzak egite horretan». Lizarazuren hitzetan, euren jarrera hori bizi garen aro honetako bereizgarri bat da, «gauza asko eta etenik gabe egin nahi ditugulako, antsietate horrekin, eta nahi dugu horretatik pixka bat aldendu».
Atsedenak eszenatokietatik, eta sare sozialetatik «pixka bat», urrunduko dituen arren Bulego ez dela geldituko nabarmendu nahi izan du Lizarazuk: «Bulegok lanean jarraituko du, isilpean, distantziatik».
AZKEN KONTZERTUA 2025EKO AZAROAN
Azken kontzertua 2025eko azaroaren 9an eskainiko dute, Bilboko Euskalduna jauregian. Igandearekin, 19.30ean. «Bira hau hasi genuen Kursaalen, guretzat ilusio handia piztu zigun areto bat izan zen, dena bete zen, eta pentsatu genuen polita izan zitekeela beste estilo honetako areto bat aukeratzea aro honek merezi duen amaiera ospakizun bat egiteko», iragarri zuen.
Sarrerak aldez aurretik Durangoko Azokara gerturatu diren zenbait jarraitzaileri eskaini dizkiete eta publiko orokorrari gaur irekiko zaio salmenta, 11.00etan Bulegoren web orrialdearen bidez (https://bulego.eus/). «Azken ospakizun horretan parte hartu nahi duenak badaki zer egin», amaitu zuen Lizarazuk.