Gipuzkoako Elikagaien Bankuak iaz baino elikagai gehiago bildu du
Gipuzkoako Elikagaien Bankua 1997an sortu zen irabazi asmorik gabeko elkartea da. Bertako idazkari eta boluntarioa den Juanjo Amunarrizek 10 urte lanean daramatza bertan, eta atzo NAIZ Irratian 2024. urteko kanpainaren balorazioa egin zuen. Nahiz eta oraindik ez dakiten dirutan zenbat jaso duten, «kilotan joan den urtean baino elikagai gehiago bildu dugu».
Boluntarioek furgonetan hasten dute eguna, elikagaiak jasotzen. Elikagaien Bankuak Oiartzunen eta Bergaran dituen egoitzetara eramaten dituzte ondoren, eta jasotakoarekin sailkatzeari ekiten diote, galkorrak diren produktuak hozkailuetan sartzeko. Egoitzetan Bankuaren jardunerako ezinbestekoak diren «hogei boluntario inguru» elkartzen direla esan zuen Amunarrizek. Lan katea amaitutakoan, elikagaiak jasotzera joaten dira elkarteak, banaketa hasteko, Elikagaien Bankuak ez baitu «zuzenean elikagairik banatzen».
Bilketatik harago, dirua ere jasotzen dute bonu bidez. Amunarrizek azaldu zuen lehenengo bilketarekin ez dutela «behar guztia betetzen». «Bonuetatik ateratzen dugun diru horrekin beharrezkoak diren elikagaiak erosten ditugu, eta gero berriz banatu».
Gizarteak Elikagaien Bankuaren zenbateko premia duen ikusteko isla ona izan daiteke, eta hori nolabait jakiteko «termometro» propioa dutela esan zuen boluntarioak: «Egon daitezke beste aldagai batzuk ere, baina guk urtean elikagaiak banatzen dizkiogun jende kopuruaren arabera ikusten dugu hori. Orain dela bi urte 23.000 lagunentzat banatzen genituen elikagaiak. Egun, 18.000».